Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II). Kolonbia.

Kolonbia ikusezina

Asko sufritu duen herrialde bat da Kolonbia, eta oraindik nabariak dira gatazkaren aztarnak; beren larruan bizi izan dute askok. Kontakizunik beldurgarrienak, ordea, turismo guneetatik kanpo daude, Kolonbia ikusezinean.
<b>Heriotzaren Tranpolina. </b>Kolonbiako errepide arriskutsuenetako bat da.
Heriotzaren Tranpolina. Kolonbiako errepide arriskutsuenetako bat da. UNAI ALTUNA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Altuna Etxeberria -

2018ko abenduak 27

Iluntzear iritsi gara Heriotzaren Tranpolinera. Nahikoa, gaurkoz; egun osoa pedalei eragiten ibili ostean, ez daukagu indarrik gehiagorako. Zeharkaldiko puntu gorenean gaude, 2.300 metroko altueran, eta ikusmira paregabea da bertatik. Gure azpian, ia bi mila metro beherago, Mocoa hiri tropikala ikus daiteke, eta, haren atzealdean, lautada erraldoia: Amazonia. Gogorra bezain ederra izan da gaurko etapa; 50 kilometro egin ditugu lurrezko bide bihurrian gora eta behera, oihanak estalitako mendikatea gurutzatzeko.

Janari postu bat dago begiralekuan. Aguapanela bat eskatu dugu, eta, indarberritzen garen bitartean, inguruan kanpina jartzeko lekurik ba ote den galdetu diogu zerbitzariari. «Bai, noski! Errepidearen bestaldean dago nire etxea; atarian kanpa dezakezue». Bertara eraman gaitu, eta estalpeaz gain, dutxa eta iturria eskaini dizkigu. Behar dugun guztia.

Kamza Herria

Afaria prestatzen ari garela, egunari errepasoa eman diogu. Sibundoy izeneko herrian esnatu gara, Taita Miguel eta Mamita Clementinaren etxean. Goizeko bostak ziren arren, martxan zegoen jada sukaldea, Mario ipuin kontalari bogotarra gosaria prestatzen ari baitzen bertan geunden hogeiontzat: irin frijituzko opilak eta kafe kazolakada handi bat.

Ekuadorren ezagutu genuen kolonbiar batek eman zigun familiaren helbidea, eta, bidaiatzean garatzen den atrebentziarekin, atea jo genien herrira iritsi ginenean. Aurkezpenarekin hasi orduko, Clementinak moztu egin zigun, irribarretsu: «Ongi etorriak! Nahi duzuen denboran gera zaitezkete gurean». Barrura sartu ginenean, anabasa zen nagusi: familiako hamar senideak eta orduan beraiekin bizi ziren zortzi bidaiariak elkarrekin —batzuk musika jotzen, beste batzuk amarekin artisautzan, Taita Miguel xaman lanetan, haurrak inguruan...—. Xumea zen etxea, umila familia, baina bidaiarientzako ateak beti irekita. Haiekin kontu-kontari aritzea zen trukean eskatzen zuten bakarra.

Hotz egiten du Heriotzaren Tranpolinean. Afalostean, zakura sartu gara, eta pixka bat irakurtzea pentsatu dut lokartu aurretik: Gabriel Garcia Marquezen nobela batekin ari naiz. Liburua ireki bai, baina ezin arreta bildu; beste nonbait daukat burua.

Sibundoy da Kamza jatorrizko herriaren hiriburua. Autogobernua dauka komunitateak 1991tik, eta hezkuntza kabildo indigenaren esku dagoenez, saiatzen ari dira eskolan kultura nahiz hizkuntza ahalduntzen —gaur egun, hiru mila hiztun dauzka erabat isolatua den Kamzz mintzairak—.

Mukuru zen etxeko sukaldea adi zegoen helduen kontakizunei. Hitz egin ziguten espainolek bailaran egindako sarraskiez, plazako zuhaitzetan urkatu zituzten hamarnaka arbaso borrokalariez, kultura eta hizkuntza mantentzeko borroka etengabeaz... Alabaina, ez ginen entzule soilak izan, jakin nahi baitzuten guri buruz ere: Europako bizimodua, gure kulturaren berezitasunak... Guk ere hitz egin genien herri txiki bati buruz, babestu beharreko hizkuntza batez, gaurdaino dirauen gatazkaz eta indarkeriaz…

Kolonbian ere egundaino irauten du gerrak. Azken urteetako bortizkeriaz galdegin genien. «Bai, bai, bailara galdu honetara ere iritsi zen azken gatazka. 90eko hamarkadan, FARC gerrillak eraso egin zion herrian zegoen armadaren kuartelari. Aurreko gauean, ordea, etxez etxe abisu-orria banatu zuten gerrillariek, biztanleak babeste aldera: «Lehen tiro-hotsa entzutean, ez irten etxeetatik». Eta, hala ere, ezustean harrapatu omen zituzten militarrak.

Hitzik irakurri gabe itxi dut liburua. Nahikoa Errealismo Magiko gaurkoz.

Biharamunean, eguna argitu aurretik esnatu gara, eta Tranpolineko talaiatik ikusi dugu egunsentia. Atzealdeko mendateari azken begi-kolpe bat eman diot, Sibundoyko lagunak agurtzeko-edo, eta azpialdeko bailara behatu dut ondoren. Ileak harrotu dizkit zirrarak.

Tapias

Trumoiak jo du Tapias herrixkara sartu garen unean. Hamabost bat etxalde, eliza eta eskola, horixe da dena. Ekaitza lehertzear denez, estalpea bilatu behar dugu, eta eskolara abiatu gara galdetzera. Zuzendaria ez dela herrian bizi erantzun digu irakasle batek, baina deituko diola telefonoz, baimena eskatzeko. Lotsatuta itzuli da handik bi minutura; ezezkoa jaso du. Inguruan pilatzen ari zaizkigun ikasle, bizilagun eta irakasleek haserre keinuak egin dituzte: «Hiriko jende hau!».

Ez digute erreakzionatzeko denborarik eman. Ikasleen artetik 12 bat urteko neskatoa gerturatu zaigu, lotsati, eta bere etxera gonbidatu gaitu. Eskaintza polita da, baina zalantza egin dugu; aldapa pikoa dauka haraino, eta daramagun kargarekin zaila izan daiteke iristea. Beste ikasle batek hartu du erabakia: «Bizikleta horiekin, ezinezkoa». Kuadrillako hirugarren neska bat animatu da jarraian: «Nire etxeko atarian bada lekurik, eta gertu bizi naiz!». Bertara abiatu gara denok —lau irakasle, dozena bat ikasle eta gu—, jada lehen lotsak gaindituta, kontu-kontari. Iritsi eta egoera azaldu orduko, adeitsu gonbidatu gaitu neskaren amak etxe aurrean kanpatzera. Poza ezin ezkutaturik dago alaba bere alboan. Tamalez, orduantxe hasi dira lehen euri-tantak, eta zalantza egin du amak: «Euri asko egitean putzua sortzen da etxe-atarian...». Guk ezer esaterako, nahikoa da dioen keinua egin du irakasle batek. Eskolako aterpean sartuko gaitu, esan dezala nahi duena zuzendariak. Familiari eskerrik beroenak eman eta eskolara itzuli gara. Irakasle-etxeko dutxan garbitu eta ekaitza lehertu den une berean hasi gara afaria prestatzen, babesean goxo-goxo.

«Hiriko jende hau!», mespretxuz esan dutenean, 50 kilometrora dagoen Ibaguekoei buruz ari ziren Tapiaseko bizilagunak. Guk, aldiz, jende ederra aurkitu genuen 600.000 biztanleko hiri horretan ere. Esaterako, Andres. Bizikletan bidaiatzea gustuko zuen gazteak familiaren etxean hartu eta bere egunerokoan txertatu gintuen segituan. Konturatzerako, parrandan amaitu genuen bere lagunekin. Biharamunean, ordea, ez genuen nagikeriarako denborarik izan: bazkaltzeko, euskal menua prestatu genion familiari.

Bazkalosteko kafean, Euskal Herriaz eta Kolonbiaz aritu ginen. Ezkerreko militanteak ziren familian —gurasoak klandestinitatean ibiliak ziren gatazkaren urterik gogorrenetan—. Gaur egun lasaiago omen zegoen giroa, baina Andresek, 24 urte izanagatik, ezagutzen zuen jada errepresioaren atzaparra. Eskualdean gertatu zen nekazari-hilketa baten harira, ikasle-mobilizazioa antolatu zen, eta istiluak izan ziren bertan. Antolatzaileak egin zituen erantzule Poliziak, eta tartean zen Andres. Ikerketa «zorrotza» izan zen: Ibague osoan zehar jarri zituen kartelak Poliziak, beraren eta beste kide batzuen argazkiekin, norbaitek haiek salatzeko frogarik balu ordainsari potoloa eskainiz. Far West-eko parodia bat zirudien istorioak; seinalatuei, ordea, ez zien grazia zipitzik egin ekimenak: ezkutatu egin behar izan zuten denbora batez. «Badakizue zer esan nahi duen seinalatze horrek Kolonbian? Gu garbitzeko barra librea. [Ezkertiarra = gerrillaria = terrorista = inpunitate osoz akabatu daitekeen pertsona] ekuazioa oraindik erabilgarria da hemen».

Tapiaseko eskola irekitzerako, bidean gara biharamunean. Andresek eman zigun Ibague eta Salento elkartzen dituen bidexka horren berri. Interneteko mapetan ez zen agertu ere egiten, eta gogorra omen zen, baina oso ederra. Konbentzitu egin gintuen, eta ez gara damutu aukeraketaz. Atzo, kafe-soro eta bananondoen artean eman genuen eguna. Gaur, aldiz, altuera hartu ahala, asko ari da aldatzen ingurunea. Aldapa gora etengabea eta gogorra da, eta bizikletari bultzaka ibili behar izan dugu zati batzuetan. Orduek aurrera egin ahala, arrakatxa tuberkuluaren soroek ordezkatu dute paisaia tropikala, eta zaldian doazen nekazariak izan dira gurutzatu dugun trafiko bakarra. Arratsaldean, Argizari Palmondoak hasi dira agertzen —60 metroko garaiera har dezaketen zuhaitz endemikoak—, eta are ederragoa bihurtu da ingurua. Indarberritzeko, geldialdia egin dugu, eta Tapiaseko neskato kuadrilla oroitu dugu zerbait ahoratzen dugun bitartean. Berriz abiatzerako, euria hasi du, eta ikusmira estali du lanbroak. Hotza egiten du, eta lokazten ari da errepidea.

Alabaina, irribarrea ahotik kendu ezinik nago, eta gogotsu ekin diot metro gutxira lainopean ezkutatuko den bideari.

Kolonbia ikusezina

Asko sufrituriko herria da Kolonbia. Istorio latzak kontatu dizkigute, lehen pertsonan, ibilbidean topatutako askok. Hala ere, kontakizunik beldurgarrienak turismo-guneetatik aparte dauden bailara galduetan aurkitu ditugu; Kolonbia ikusezinean barneratu garenean.

Alta, herrixka galdu horietan egin dizkigute ongietorririk beroenak, eta daukaten gutxia eskaini digute askotan: jateko zerbait, edota etxeko babesa gaua igarotzeko. Konfiantza sortu da horrelakoetan, eta hainbatek erakutsi dizkigu gerrak eragindako orbainak.

Bernardo nekazariak erakutsi digu berea: haien ama paramilitarren eskuetan desagertu zen. Otanchen gaude, esmeralda-meatzeen eremuan. Kafea hartzera gonbidatu gaitu bere etxe umilera, eta kontu-kontari ari gara. Aipatu digunez, ezbehar guztien gainetik —lurrak utzi eta ihes egin beharra, maiteen heriotza edo desagerpena...—, bizitzari jarrera positibo eta alaiarekin eusten diote, orokorrean, kolonbiarrek. Hori esanda, begirada beheratu eta kikarako putzu beltzari gogoa emanda geratu da, isilik. Horrela egon da segundo batzuk, baina soa altxatu eta hizketan jarraitu du segituan, animoso: «Zer egingo dugu, bada, hemen gauden denbora urrian? Triste eta haserre bizi? Gaur bezala iraganeko minak arakatzen baditugu, aurrera egiteko gogoa eta indarra atera dadila bertatik. Etorkizunari, ezezagunari, alaitasunez eta era positiboan helduko diogu horrela».

Isildu egin da berriro, guri begira oraingoan. Ezezagunei begira. Irribarre egin digu jarraian, eta gaua bere etxean igarotzeko gonbita egin digu.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III): Ladakh.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.