Markel Fernandez

Ez dauka mugarik

Bolo-bolo dabil haren izena: urrea irabazi berri du 23 urtez azpiko Mediterraneoko Txapelketan, eta zilarra Espainiakoan. Sopelakoa espezialista da 400 metrokoan.

MIGUELEZ / RFEA.
pettan uralde
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Markel Fernandez Soto (Sopela, Bizkaia, 2003) da Bizkaiko atletismoaren izar berria. Abiadurako probetan aritzen da: 400 metrokoan eta 400 metroko txandakoan, batez ere. Azken urteetan egindako lanaren fruituak jasotzen ari da; berriki, domina garrantzitsuak lortu ditu, baita errekorrak hautsi ere. Pasioa jartzen dio egiten duenari, eta aseezina da. Dioenez, «asko» dauka oraindik emateko.

Txikitan oso kirolaria zen, eta asko egiten zituen arren, aukeratu egin behar izan zuen. Guztien artean bitan nabarmentzen zen: txirrindularitzan eta atletismoan. Bigarrena aukeratu zuen. «Berangon [Bizkaia] hasi nintzen, iraupeneko korrikalari bezala, eta sei urte egin nituen han. 1.000 eta 1.500 metroko probetan lehiatzen nintzen. Baina iaz, kluba aldatu nuen; Durangora joan nintzen [Bizkaia], eta 800 eta 400 metroko abiadura probetan parte hartzen hasi nintzen; gaur arte».

Fernandezek arreta bereganatu zuen urtarrilaren 22an Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatu zen 23 urtez azpiko Mediterraneoko Txapelketan. Esprinter bizkaitarrak harridura sortu zuen: urrea irabazi zuen 400 metrokoan, eta 47 segundoren muga hautsi zuen (46,99). «Nire helburua zen domina bat irabaztea; eskura ikusten nuen». Hala ere, aurkariak oso gogorrak ziren, eta bazekien ahalik eta gehien eman beharko zuela lehenengoen artean amaitzeko. «Nire asmoa zen lehen finalerdian nola nengoen ikustea. Neure burua ondo ikusi nuenez, finalean dena ematera atera nintzen».

Joan den asteburuan ere lehiaketa garrantzitsua izan du: 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa, Antequeran (Espainia). Bigarren izan da, Ibai Serrano errenteriarraren atzetik. Hala ere, Fernandez «oso pozik» dago egindakoarekin: «Marka onenarekin nindoan, eta horrek presio gehiago eragin zidan. Aurkariak nire maila berean daude, eta lehen 200 metroak oso azkar egin arren, ez nuen urrea lortu. Asko daukat oraindik erakusteko. Maila nagusiko Espainiako Txapelketa da nire hurrengo helburua».

Iaz, euskal atleta baten inoizko marka onena lortu zuen 400 metrokoan: 46.21. Horri esker, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan hartu zuen parte, Calin (Kolonbia). Orain arteko bere balentriarik handienetakoa bat ere lortu zuen: 20 urtez azpiko Espainiako marka lortu zuen 400 metroko txandakakoan. «Esperientzia handia izan zen Munduko Txapelketan parte hartzea. Etorkizunera begira, aukeretako bat da proba horretan aritzea Olinpiar Jokoetan. Bakarkakoan parte har dezaket; uste dut gai naizela. Baina askoz eskuragarriagoa da txandakakoan lortzea; ilusio berezia pizten dit. Asko poztuko nintzateke banaka aritzeko aukera izango banu; ametsa beteko nuke. Baina, gaur-gaurkoz, txandakakoan parte hartzea gustatuko litzaidake».

Egun, astean bost egunean entrenatzen da; txapelketa guztietan «bete-betean» aritzeko prestatzen da. Azkenaldian ereindakoa jasotzen ari da, baina duela urte batzuk errealitatea bestelakoa zen. «Ez nuen neure burua batere ontzat jotzen, eta ez nituen orain lortzen ari naizen markak eta dominak lortzen. Horretan asko lagundu dit Nadia Castelo entrenatzaileak. Entrenatzailea eta atleta lotuta doaz, eta harekin hasi genuen plana ondo ateratzen ari da. Denboraldiaren arabera plana aldatuko dugu, baina orain arte, dena ondo joan da; oso pozik nago».

Kluba aldatu berri du: Durango utzi, eta Zaragozako (Espainia) Scorpion ari da. «Mesede» egin diola iritzi dio. «Nire managerra talde bila ibili zen, eta Zaragozara ekarri nau. Orain, liga garrantzitsuago batean parte hartzen dut, eta lehen baino aukera gehiago dut. Klubak ordaintzen dizkit bidaiak, eta Basque Teamen beka dut. Garrantzitsua zen pauso hau ematea, laguntza horiek gabe oso zaila baita lehiatzea; are gehiago ikasketekin uztartzea».

Gogoko ditu erronkak, eta edozein lehiari aurre egiteko gai da. Baina dena ez dago bere esku. Esperientzia behar da Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, eta horretan asko du ikasteko. Aurten Istanbulen (Turkia) jokatuko den 23 urtez azpiko Europako Txapelketan aritzeko gutxieneko marka lortu zuen Mediterraneokoan. Halako erronketatik hasi beharko du, gora begira jartzeko. «Txapelketa bikaina izango da: onenekin ariko naiz, eta txandakakoan ere parte hartuko dut. Ametsa dut Olinpiar Jokoetan parte hartzea; oraindik ez dut sabaia jo. Espero dut orain arte egin dudan bezala aurrera egiten jarraitzea. Orain, helburua da ilusioa pizten didaten etorkizuneko erronketarako esperientzia hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.