ETA. 1958-2018. ANALISIA

ETAren erabakiaren ondorio desiratuak

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko maiatzak 4
Bukatu du ETAk sei hamarkadotako jarduna, militanteek 2010eko otsailean bortxakeria politikoarekin ez jarraitzea erabaki zutenetik zortzi urtera.

Asko luzatu den bukaerako prozesu horren bidean bi mugarri nagusi izan dira: 2011ko urrian jakinarazi zuen aurreko urteko erabakia, eta 2017ko apirilean armagabetzea burutu zuen Ipar Euskal Herriko erakunde publikoen eta gizarte zibilaren eskutik. Luzea bidea, baina behin betikoa, atzokoa baita aurreneko aldia eszisiorik gabeko bukaera gertatzen dena. Era berean, gobernuek parte hartu ez duten kasu gutxietako bat izan da, eta gobernuen absentzia horrek, derrigor, asko atzeratu du erabakiaren prozesua. Modu askotara saiatu da ETA —Ipar Irlanda eta Kolonbia gogoan— bukaera estandar bat lortzen. 2011ko udazkenetik 2013ko udaberrira, ETAko mintzaidetza Norvegian egon zen Espainiako Gobernuaren ordezkari taldearen zain. Ezinezkoa izan da.

Behin erabakia hartuta, atzera bezala begiratu beharra dago aurrera. Inor ez dago libre eginbehar horretatik, eta iraganaren liburu osoa idatzi nahi badugu, bakarka edo era kolektiboan, mesedegarria litzateke giza eskubideen urraketan erantzukizuna eduki duten guztiek hartzea parte. Besteei kontuak eskatzen iaioak garen komunikabideok eta kazetariok ere egin behar dugu gure lanaren azterketa, gure absentzien gaineko gogoeta batik bat. Berehalako historiaren kontalariak izan gara, eta ez dugu ikusitako guztia kontatu.

Bukaera ez-adostua eta, ondorioz, aldebakarrekoa izanda, itxi gabe geratu dira hainbat puntu: estatuaren biktimak, presoak, deportatuak, iheslariak... Frantziako eta Espainiako gobernuen espetxe politika humanizatzearen aldeko akordio zabala dago mugaz bi aldeetara.

Ipar Euskal Herrian FN da kontsentsutik kanpo geratu dena, eta Hego Euskal Herrian, PP eta UPN. Frantziakoa berriki hasi da lehen urratsak egiten, baina Espainiakoa ez da batere mugitu.

Urgentziazkoa da orain arte lortutako akordio hori are gehiago zabaltzea eta ahalik eta eraginkorrena egitea. Kostako da, baina ahaleginduta bakarrik lortuko da, begi bistakoa baita Espainiako Gobernua ez dela mugituko bere kabuz.

Atzo ETAk jakinarazitako erabakiak balio behar du orain arte Euskal Herrian eta kanpoan espetxe politikaren aldaketaren aldeko jarrera hartu ez dutenak bide horretan jartzeko; askotan jarritako baldintza, ETA desegitea, atzodanik beteta baitago. Euskal Herriko gizartean prestigio handia daukaten eta normalean, haien izaeragatik, erreibindikazio horietan ez dabiltzan erakunde sozialek asko lagun dezakete eskaerari balioa ematen, lehenagotik kuantitatiboa den aldarria kualitatiboa ere badela ikusarazteko. Ezohiko konpromisoak hartzeko garaia da.

Euskal Herritik kanpo ere bilatu behar dira konplizitateak, Espainian bereziki, erabakiaren zati handi bat Espainiako Gobernuaren esku baitago. Atzoko erabakiak lagundu egingo du —giza eskubideen esparruko eskaera delako— alde egon daitezkeen hainbat erakunde eta herritar soil asko aktibatzen. Ez da izango duela hamarkada batzuk bezain eroso, tartean hildako asko eragin dituelako ETAk; baina lana gogotik eginda, emaitzak ikusiko ditugu. Ez dago beste biderik: lana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna