Vila-real 2-1 Eibar

Emaitza izan da estuena

Eibarrek lehenengo partida galdu du ligan, Vila-realen. Aurretik jarri bada ere bigarren zatian, eroso eman dio buelta etxeko taldeak

Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Vila-real. Asenjo; Gaspar, Alpiol (Sofian, 78. min.), Pau Torres, Pedraza (Estupiñan, 58. min.); Parejo, Coquelin (Iborra, 58. min.); Moi Gomez, Moreno, Chukwueze; (Kubo, 85. min.) eta Alcacer (Trigueros, 85. min.).

Eibar. Dmitrovic; Correa, Oliveira, Bigas, Soares (Kevin, 84. min.); Sergio (Quique, 89. min.); Pedro Leon (Atienza, 69. min.), Recio (Kadzior, 84. min.), Exposito; Inui; eta Kike (Enrich, 84. min.).

Golak. 0-1. Kikek (50. min.); 1-1. Gerard Morenok (63. min.); 2-1: Alcacerrek (71. min.). Epailea. Figueroa Vazquez. Txartel horiak: Vila-realeko Coquelini, eta Eibarreko Reciori.

Eibarrek 2-1 bakarrik galdu zuen atzo Vila-realen zelaian etxeko taldearen aurka. Jokoaren bilakaera ikusita, alde handiagoarekin galtzea izango zen normalagoa. Baina etxekoek ez zutenez asmatu atearen aurrean, partidan sartuta egon zen Jose Luis Mendilibarren taldea. Aurretik ere jarri zen, partidako aurreneko gola Eibarrek sartu baitzuen, bigarren zatian, baina ikusten zen lanak izango zituela puntua ateratzeko ere. Hala izan zen, eta eroso antzean irauli zuen emaitza Unai Emeryren taldeak. Horrenbestez, aurreneko partida galdu dute armaginek liga honetan, eta puntu bakarrarekin geratu dira.

Hasieratik zulatu zuen etxeko taldeak Eibarren defentsako lana, eta hamargarren minuturako gola ere egina zuen. Baina VAR-ak baliorik gabe utzi zuen Gerard Morenoren gola. Handik gutxira, Inuik izan zuen gola sartzeko aukera, baina Asenjok zulo guztiak itxi zizkion. Segituan berrekin zion Vila-realek Eibarren atzeko lerri aurreratuari zirrikituak egiteari, baina ez zuen asmatzen gola sartzen. Ura edateko geldialdiaren ondoren, atsedenaldiaren aurreko azkeneko hamabost minutuetan jokatu zituen minutu onenak Eibarren. Hala ere, atseden hartzera galtzen joateko gutxi behar izan zuen azkeneko minutuan.

Indarrak berreskuratu eta gero, antzeko bidetik joan zen partida: eroso zebilen Emeryren taldea. Erasoan zailtasun handirik gabe, eta defentsan ez zen estutasunik pasatzen ari. Baina Kikek, 50. minutuan, huts bat baliatu zuen gola sartzeko. Handik 13 minutura Gerard Morenok egin zuen berdinketa, eta 71. minutuan, VAR-ak eman zuen balekotzat Alcacerren gola. Eibarren, debuta egin zuen atzo Kevinek; azkeneko hamar minutuak jokatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.