Erreakzioak

2015eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Irakasle elebidunak soilik daude prestatuak eredu guztietan aritzeko»Joseba Otano  Administrazioan Euskaraz

«Irakasleek elebidunak izan behar dute, eredu guztietarako balio dutelako, eta D eredua zabaltzen bada elebakarrak diren irakasleak sobera geratuko direlako». Alde horretatik, deialdiak ez du merezi kritikarik, Otanoren iritziz. Aipatu du administrazioak bere kalkuluak egin behar dituela, zenbat irakasle behar dituen jakiteko: «Irakasle elebidunak behar ditu, eta ingelesaren eskaintza zabaltzen bada, hirueledunak». Ingelesaren tokia oraindik finkatu gabe dagoela ere nabarmendu du. Desadostasun erabatekoa adierazi du lan eskaintzaren inguruko kritikak plazaratu dituztenekiko, eta tamalgarritzat jo du Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren egunotako jokamoldea.«Gobernuak zerrenda bakarraren proposamenari erantzun behar dio»Josi Escribano CCOO

Gogor kritikatu du CCOO sindikatuko ordezkariak Nafarroako Gobernuaren proposamena. Batetik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lanpostuak —gaztelaniazkoak nahiz ingelesezkoak— betetzeko aurreikuspen faltak kezkatzen du. Bestetik, Hezkuntza Sailak PAIren inguruan hartutako jarrera salatu du: «Oraingo gobernua aurrekoak egin zuena onartzen ari da neurri horrekin».

Eta, azkenik, sindikatu batzuek egindako zerrenda bakarraren proposamena aipatu du: «Gobernuak proposamenari erantzun behar dio». Deialdia «neurrigabea» dela eta euskara dakitenenengan joera onuragarria eragitea «benetan larria» dela aipatu du.«PAIren ondorioek sistema guztia pozoitu dutela ez dute kontuan hartu»Amaia Zubieta Steilas

Kudeaketa «nahiko kaskarra» egin du sailak komunikazioan, Zubietaren arabera; baina, testuingurua kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak eginiko proposamena «logikoa» dela aitortu du. Moduak, ordea, «desegokiak» izan dira, gobernuak aurreikus zezakeelako proposamenari erabilera politikoa egingo liokeela oposizioak, «gai identitarioa balitz bezala». Bestalde, nabarmendu du ez dutela ulertzen Ahal Dugu-k eta, bereziki, Ezkerrak hartutako bidea;«burugogorkeria» eta «irrazionaltasuna» egotzi die. «PAIren ondorioek sistema guztia pozoitu dute, eta irakasle elebakarrei kalte egin. Eta eztabaidan ez dute hori kontuan hartzen».«Manipulazio kanpaina bat egin dute hainbat alderdi eta sindikatuk»Ainhoa Diaz LAB

«LABetik beti esan izan dugu oposizio hauek aurreratuak zirela, ez zirela aurten izan behar». Oposizioak aurkeztu aurretik hausnarketa bat falta izan dela azpimarratu du Diazek. Ratioak eta irakasleen ordu kopurua jaitsiz gero askoz ere plaza gehiago aterako liratekeela gehitu du.

Hainbat alderdi politiko eta sindikatuk «manipulazio kanpaina» bat egin dutela ere nabarmendu du: «Gaztelaniazko lanpostuak ez ateratzearen arduradun PAI da—gaztelaniazko 127 plaza desagertu ziren—, eta Afapnak eta CCOOk ez zuten ezer ere esan. Oposizio hauek ondo etorri zaizkie horri buelta emateko». Euskara «bakean» utz dezatela eskatu du.«Gaizki egin dituzte gauzak; adostasun bidez hartu behar dira halako neurriak»Sergio Iribarren Sortzen

Urte hauetan hezkuntza egon den «zulo beltzetik» ateratzeko pauso bat da lan deialdia, Iribarrenen ustetan. Baina halako neurriak adostasunez hartu behar direla nabarmendu du: «Ikusten dugu gaizki egin dituztela gauzak».

Bere garaian Mendozarekin geratu zirela ekarri du gogora. Aldaketarako bidean, Hezkuntza Departamentu berriarekin «kalitatezko hezkuntza sistema desberdin, hobeago eta propioago bat» garatzeko prest ziren Sortzen-eko bazkideak. «Baina orain gertatu den bezala, bat-batean halako bonbak botatzen dituzte inorekin kontrastatu gabe: ez sindikatuekin, ez hezkuntza komunitatearekin». Moduak ez zaizkio gustatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.