Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Beldurra desafiatuz

2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bere Guardia Zibila sar al daiteke Generalitatearen departamentuetan eta erakundeetan, gobernuko kideak miatuz eta atxilotuz? Bai. Sar al daiteke baimen judizialik gabe alderdi baten egoitzan eta edonola inprimategiak miatu? Bai. Baina, gainera, iker ditzake 40.000 pertsona sedizioagatik? Egiten ari da.

Ordu batzuk lehenago, Moncloako bozeramailea bidea leuntzen hasi zen, Ekonomia Kontseilaritzaren aurreko elkarretaratzeari mobilizazio «iskanbilatsua» deituz; sedizio delituak jasotzen duen adjektiboa da, hain zuzen. Herri bat jazartzeko nahia erakutsiz. Minutu bat geroago, Gonzalo Boye, Isabel Elbal eta Jaume Asens legelariek ohartarazi dute sedizio delituak ez daudela Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskumenen barruan. Halere, frankismoaren oinordeko den salbuespenezko auzitegi hori bera da alkateen kontra egin duena, sedizioagatik akusatu dituena, instrukzioko epaileek artxibatu dutena, erreferendumaren aldeko mozioak onartzeagatik.

Hainbeste defendatzen dutela dioten zuzenbide estatua alboratuz, hirugarren mobilizazio egunean eten ez den herri bat paralizatu dezakeen estrategia bakarra, beldurrarena, areagotzen du. Moncloatik «iskanbilez» hitz egiten zuten bitartean, Kataluniako Justiziaren Hiriaren aurrean milaka pertsona zeuden bilduta, atxilotuen askatasuna eskatzeko. Fiskaltzak nolabaiteko «kausa orokor» hau iragartzen duen bitartean, milaka ikaslekjarraitzen dute okupatzen Bartzelonako Unibertsitateko eraikin historikoko errektoretza. Borroka handien leku historikoa.

Amets sakon batetik hor esnatu zen ikasle mugimendua 1957an, frankismoa bete-betean zegoenean ikasleen lehen asanblea librea deituz unibertsitateko paraninfoan. Orduan jaio zen Ikasleen Sindikatu Demokratikoa, Bartzelonako Sarria auzoko kaputxinoen komentuan osatua 1966an. Hortik izena: La Caputxinada. Leku horretan hegan egin zuen leiho batetik Francoren busto batek, 1969ko Errektoretzari erasoa deitutakoan. Eta 40 urte geroago hor bertan borrokatu zen Bolonia planaren kontra.

Gaur egun, zorionez, ez dago Franco diktadorearen bustorik leihotik botatzeko, baizik eta bertatik pankarta bat dago zintzilik, zeinak desafiatzen duen beldurraren estrategia, eta oihu egiten duen ezetz, «ez diezagutela demokrazia bertan behera utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.