Koronabirusa

Ikastetxe batzuetan irakasle gehiago kontratatzea aztertuko du Jaurlaritzak

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ikasturte berria ate joka dago, eta koronabirusak eragindako egoerak ezinegona sortu du hezkuntza komunitatearen artean. Orain arte, irakasle gehiago kontratatzeko asmorik ez duela adierazi izan du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, baina aukera bat zabaldu zuen atzo Cristina Uriarte sailburuak: ratioak batezbestekoa baino handiagoak diren ikastetxeen kasuak banan-banan aztertuko dituzte, eta, behar izanez gero, irakasle gehiago kontratatuko dituzte. Izan ere, «eskaera orokor bat dago irakasle gehiago kontratatzeko». Sailburuaren esanetan, 50 ikastetxe daude egoera horretan.

Irailean, eskolak aurrez aurre hasiko dira maila guztietan, baina zentro bakoitzak kontingentzia plan bat eta protokolo bat zehaztu beharko du: protokoloan askotariko jokalekuak aurreikusi beharko dira. Bigarren hezkuntzako zentroen kasuan, %95ek goizez bakarrik izango dituzte eskolak, ikastetxeetako arduradunek hala erabakita. Beraz, neurririk ezarri beharra egongo balitz, arratsaldeko orduak ere baliatzeko aukera egongo litzateke, Uriarteren esanetan.

Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokionez, talde iraunkorrak osatuko dituzte, eta talde horien parte izango dira haurrak eta haien irakaslea. Talde bereko kideen artean harremanak izateko aukera izango dute, baina talde berekoak ez diren pertsonekin ahalik eta kontaktu gutxiena izatea da asmoa.

Hego Euskal Herrian, 372 dira azken orduetan positibo eman dutenak; bezperan baino 53 gutxiago. Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (185); atzo baino hemeretzi gutxiago, hala ere. Gipuzkoan ere bezperan baino positibo gutxiago izan dira(53); Araban, berriz, 72 kasu agertu dira azkeneko 24 orduetan. Nafarroan, 51 pertsonak eman dute positibo, bezperan baino hamarrek gutxiagok. Bestalde, azken orduetan, 22 eri sartu dira ospitalean COVID-19 gaitzaren ondorioz. Oraintxe, 240 dira ospitaleetan daudenak, horietatik 24 zaintza intentsiboetarako unitateetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.