Katalunia. Inbestidura saioa

Nahikoa babesik ez du lortu Turullek, eta ez dute presidente izendatu

CUP abstenitu egin da, eta iragarri du amaitutzat ematen dituela «prozesuaren zikloa» eta eman diren «aliantzak». Turullek gaur deklaratuko du Gorenean eta espetxeratzen duen erabakiko du Llarenak

Jordi Turull (JxC) presidentegaia bere hitzaldia amaitu eta gero, atzo, ondoan Josep Rull (JxC) eta atzean Sergi Sabria (ERC) diputatuak dituela. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen aurrean deklaratzekoa da gaur goizean Jordi Turull (JxC) Kataluniako Generalitaterako presidentegaia, eta atzo, inbestidura saioan, hizketarako modu apala, tonuan aldaketarik gabekoa erabiliz, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioetara iristea eskaini zion Espainiako Gobernuari. Errerendumaren kontrako kausa judiziala dela eta, Llarena gaur da erabakitzekoa JxC Junts Per Catalunyaren eta ERCren hautagaia berriro espetxeratzen duen. Turullek, atzo, ez zituen hizpide izan ez desobedientzia, ez errepublika, ez independentzia. Hortaz, iragarri bezala, CUPeko lau diputatuak abstenitu egin ziren bozketan, eta Turullek ez zuen nahikoa babesik lortu presidente izendatua izateko.

Turullek atzo ahoratutakoak entzunda eta kontuan hartuta zer jasotzen duen JxCk eta ERCk ondutako gobernu planak, antikapitalistei irudizen zaie errepublikaranzko pausoak emateko orduan Kataluniako bi indar subiranista nagusiek ez diotela Espainiako Estatuak inposatutakoari desobeditu nahi. «Proposatzen dute estatuari, Auzitegi Gorenari eta konstituzioaren eta estatutuaren legalitatearei men egitea», nabarmendu zuen Carles Riera CUPeko parlamentariak, hitza hartu zuenean. Jakinarazi zuen, orduan, haiek amaitutzat ematen dituztela bai «prozesuaren zikloa», baita JxCrekin eta ERCrekin izan dituzten «aliantzak». Oposiziora «umiltasunez» igaroko direla, eta handik, «kaletik», autonomismoari eta estatuari aurre egingo diotela gehitu zuen. Berritasun hori ekarri zuen atzoko osoko bilkurak. Kataluniako Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztietako ordezkariek hitz egin zuten, eta bost ordutik gora iraun zuen. 22:13 zirenean amaitu zuten bozketa. Eta minutu batzuk geroago, Dolors Bassa, Marta Rovira eta Carme Forcadell ERCko diputatuek jakinarazi zuten diputatu aktari uko egin diotela. Hirurak Llarenaren aurrean deklaratzekoak dira gaur.

Lehen saioan inbestitua izateko, gehiengo osoa behar zuen Turullek: 68 boto. 64 atera zituen. JxCko 33 diputatuk eta ERCko 31 diputatuk alde bozkatu zuten—Carles Puigdemont (JxC) eta Antoni Comin (ERC) parlamentari erbesteratuek ezin izan zuten bozkatu—, eta Ciutadansek (36), PSCk (17), Catalunya en Comuk (8) eta PPk (4) kontra. 65 guztira. Berez, bihar egin beharko lukete presidentea inbestitzeko bigarren saioa, hala dio legebiltzarreko arautegiak, eta horretan nahikoa litzateke gehiengo sinplearekin. Baina, batetik, Llarenak Turull kartzelatzeko agindu dezake gaur bertan; eta, bestetik, ERCk eta JxCk ezingo lukete gehiengo sinplea ere lortu. Puigdemontek eta Cominek diputatu aktari uko egingo baliote posible litzateke, baina hori egiteko tramiteak bideratu ahal izateko 48 ordu baino gehiago behar dira. Turull, beraz, nekez izango da Generalitateko hurrengo presidentea. Halere, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak saioa deitu du biharko (10:00).

Turullek Rierari

Hitza hartu eta nahi beste denboraz jarduteko aukera eduki zuen atzo. Ia ordubete iraun zuen haren diskurtsoak. Espainiako Estatua Kataluniako Legebiltzarrarekiko erakusten ari den jarrera salatzen duela iradokiz, esan zuen, hasteko, ez zegokiola hari han egotea. «Soluzioaren parte sentitzen naiz eta duina izateko asmoa dut». Duintasunaren kontzeptua behin baino gehiagotan aipatu zuen. «Egungo egoerari jaramonik ez egitea baino nahiago dut injustiziaren biktima izatearen arriskua». Azkeneko bozetako emaitzak gogora ekarriz, hautetsontzietan irabazi zutela nabarmendu zuen, eta azpimarratu duinak izatea tokatzen zaiela. «Ez dugu amore emango injustiziaren, beldurraren eta mehatxuen aurrean». Eta ia ziur jakin arren oraindik ezin izango dutela gobernua osatu, zehaztu zuen hori egiterakoan lehen lana izango dutela instituzioak berrezartzea eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua gainetik kentzea. Bukatutakoan,eta ikusirik tentsioak janda zegoela, Josep Rull (JxC) eta Sergi Sabriaren (ERC) animoak jaso zituen hemizikloko bere eserlekura bueltatzerakoan.

Azkenetakoa hitz egiten Riera izan zen, eta behin baino gehiagotan leporatu zien bi indar subiranistei ez diezaitela esan autonomismoa eginez «egunen batean errepublikara»iritsiko direnik. Parlamentari antikapitalistarentzat, inbestidura erabili nahi bada Espainiako Estatua estutzeko, Puigdemont inbestitu beharko litzateke, eta bai presidente ohiaren eta Cominen botoa emateko eskubide defendatu. Rieraren ustez, errepublika osatzeko mobilizatutko herritarrek ez dituzte «atzera egite gehiago» merezi.

Turullek esan zion herritarrek «batasuna» eskatzen dietela. «Nahi dudana egitea ez du esan nahi horrek». Rierari adierazi zion, gainera, elkarrizketak ez duela «uko egitea» esan nahi. «Ez diogu geure konpromisoari uko egiten. Akordioa bilatu beharra daukagu». Bukatzear zegoen osoko bilkura

Inbestidura saioa 17:00ak pasatxo zirenean hasi zen, eta ordubete lehenago deitutako kontseilu politikoan JxCren eta ERCren proposamena eztabaidatu ondoren, CUPek 16:30 inguru zirenean jakinarazi zuen, ohar baten bidez, ez zuela Turullen hautagaitza babestuko, bere diputatuak abstenitu egingo zirela bozketan. Antikapitalisten komunikatu laburrak dioenez, «estatuaren jokabide errepresiboak» ezin du haien egiteko politikoa baldintzatu. Pentsatzen dute, gainera, «errepresioaren kontrako jarduna» koordinatu behar dela, politikoki «indartsuagoak» izateko. «Horrek ez du esan nahi, ordea, Llarena epailearen zitazioen araberako politika egitea». Gogoratu dute, bide batez, Kataluniako bi indar subiranista nagusiei hasiera-hasieratik planteatu dietela gobernu programak «ausarta» behar zuela izan eta «urriaren 1eko agindua» jarraitu beharra zeukala.

Unea «historikoa» dela iritzita, CUPi «erantzukizunez» jokatzeko eskatu zion, atzo, Puigdemontek. PDeCATek ere gauza bera eskatu dio azken egunetan. Antikapitalistei, baina, ez zaie bidezkoa iruditzen Turull ez inbestitu izana haie leporatzea. Osoko bilkura hasi aurretik, Mireia Boya CUPeko kideak Twitterren idatzi zuen gertatzen dena gertatzen dela «estatua eta bere injustizia» direla «errudun bakarrak».

Turull presidente izendatuz gero hilabetera konfiantza mozio bat aurkezteko konpromisoa eskaini zioten JxCk eta ERC atzo goizean CUPi, abstentzioa baiezkoarengatik aldatzeko azken ahalegin gisa—lehengo astean mozio hori legegintzaldiaren erdian aurkeztea proposatu zioten bi indar subiranista nagusiek—. Rierak asteazken gauean argi utzi zuen soilik baietz bozkatuko zutela, baldin eta JxCk eta ERCk «konpromiso errepublikanoa» erakusten bazuten. Antikapitalistei iruditzen zaie, ordea, haiek gabe ondutako programak ez duela konpromiso hori jasotzen. Pasa den martxoaren 8an filtratu zuten programa bi indar subiranista nagusiek —oraindik ez dute aurkeztu—, eta dokumentuak ez ditu ez urriaren 27ko independentzia aldarrikapena, ezta aldebakartasuna ere aipatzen. Programak dio urriaren 1eko «espirituari» eutsi behar zaiola, eta errepublika egiteko momentua dela. Baina akordioak zehazten du errepublika Erbesteko Eremu Askea deitutakoan eraiki nahi dutela, eta Kataluniako Parlamentua «eztabaida errepublikanoaren agora» litzatekeela. Eta hori ez da CUPen gustukoa, pentsatzen baitu Espainiako Estatuak erabakitakoari muzin eginez jokatu behar dela errepublika egiteko ahaleginean, Kataluniako Legebiltzarrak dioenari obedituz eta Madrili desobedituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.