Pello Lizarralde. Idazlea

«Nire liburuetan istorio eta trama konbentzionalak ez du tokirik»

Bizkarra eman dio berriz ere Lizarraldek erritmo eta akzio frenetikoari. Geldotasuna nagusi, nobela soila ondu du, ñabarduraz betea, eta gaurkoa. Krisialdiak jotako horiengana hurbildu da 'Elur Bustia'-n.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Zehaztasun ariketa bat da Pello Lizarralde (Zumarraga, Gipuzkoa, 1956) idazle nafartuarenesaldi bakoitza. Xehe-xehe lantzen du idazketa, kontakizunari baino gehiago, kontatzeko erari erreparatuz. Pertsonaia inguratzen duten ñabardurak eta zentzumenak baliatzen ditu horretarako. Hala egin du Elur Bustia (Erein) azken eleberrian ere. Eta aitortu du inoiz baino liburu «soilagoa» atera zaiola. Jasotako kritika onek, edonola, bere apustuan berretsi dute. Pozik da horregatik.

Probokazio txiki bat: zenbatetan esan dizute zure liburuetan ez dela ia deus gertatzen?

[Barrez] Ez da probokazioa, batere. Orain dela gutxi, lagun batek esan zidan: «Euskaraz gutxi irakurtzen dut, baina zurea hartuko dut». Eta esan nion: «Mesedez, ez ezazu har, nik badakit zuri zer gustatzen zaizun, dena gorabeherak, abenturak eta joan-etorriak». Bere hobe beharrez esan nion. Nik badakit zer idazten dudan, eta zer irakurle izan dezakedan gutxi gorabehera. Batzuek galdetzen didate: «Aizu, zer kontatzen du zure liburuak?» Ezer gutxi. Niri istorioak ez zaizkit interesatzen. Istorioak, berez, ez du deusetarako balio. Izan liteke abiapuntu bat, eta oso interesgarria, baina nire liburuetan istorio eta trama konbentzionalak ez du tokirik. Beste gauza batzuk lehenesten ditut.

Estiloa lehenesten duzu, esaldi bakoitzari arreta jarriz, zer kontatu baino gehiago, nola kontatu lehenetsiz. Ez al dago arriskurik edukia estaltzeko?

Edozein aukerak ditu bere arriskuak, eta nireak ere bai, dudarik ez. Are gehiago, iruditzen zait neurri batean liburu bera idazten dudala beti, baina ahal duguna egiten dugu, ez beti nahi duguna. Ez dakit iristen naizen hasieran nahi nuen horretara, baina gero irakurle batzuek berresten didate baietz, iritsi naizela, eta konfiantza horrekin egiten duzu aurrera, oihartzun bat baduenaren konfiantzan, eta badagoela bestaldean irakurle bat, idazten duzun hori estimatzen duena. Ez dakit besterik idazten. Azkenaldi honetan oso kezkatua nabil formarekin; esan nahi dudan hori bestela esan nahi nuke, baina oraindik ez dut asmatu nola, eta lan handia emango dit asmatzeak. Berritzea ez da egiten gaurkotik biharkora, ezin da egin nolanahi.

Forma berritu, zer zentzutan?

Egituretan, adibidez, uste dut aurreko liburuan bazirela aldaketa esanguratsuak, funtsezkoak. Oraingoan ez. Oraingoa idazterakoan zalantza asko izan nituen, inoiz baino gehiago, eta beldur batzuk ere bai. Hain zuzen ere, idatzi ahala ikusten nuelako ateratzen ari zitzaidala liburu inoiz baino soilagoa, inoiz baino latzagoa, eta, neurri batean, erradikalagoa. Erradikala ez urratzailea delako, baizik eta hezur hutsa delako askotan. Eta hori gogorra izaten da. Gero, iritsi zaizkidan iritziak ikusita, oso pozik nago hori egin izanaz.

Geldotasuna da nagusi Elur Bustia-n, eta isiltasuna. Halere, edo horri esker, ñabardura askori erreparatzen diozu. Beste erritmo batean, agian, hori ez litzateke posible izango.

Bai. Orain arte ezagutu ditugun nobela zentral eta arrakastatsuenek ez dituzte gauza batzuk kontuan hartzen. Esate baterako, zentzumenak esplikatu egiten dira, baina zentzumenak ez dira liburuan agertzen. «Honek hau sentitu zuen, eta besteak beste hau sentitu zuen». Niretzat hori horrela jartzea porrot bat da. Nik hori esan gabe erakutsi nahi dut, eta, horretarako, zentzumenak funtsezkoak dira. Mundua zentzumenen bidez iristen zaigu, eta harritu egiten naiz batzuetan zer garrantzi gutxi duten nobeletan. Etxetik ateratzen garenean inguruari begira jartzen gara; iristen zaizkigu usainak, soinuak, egonezinak, askotan erabat fisiologikoak eta fisikoak. Fisikotasun hori lehenengo planoan jartzea gustatzen zait, uste dudalako hausnarketa gero datorrela. Lagun batekin hizketan ari garenean esaten diogu «hau ikusi dut» edo «beste hau entzun dut», baina ez gara hausnarketak eta ondorioak ateratzen hasten berehala. Gero etorriko da iritzia, etorriko da hausnarketa, etorriko da sentimendua edo nahi duzuna. Iruditzen zait zentzumenen mundu hori adieraziz gero bere tokian jartzen duzula berehala pertsonaia, eta pertsonaiaren begietan jarri eta hark ikusten duena eta aditzen duena jasoz gero nahikoa izaten dela hura nola dabilen eta nola dagoen jakiteko. Mundu hori oso esanguratsua iruditzen zait, eta oso iradokitzailea.

Zuk ere egingo zenuen ahalegin berezia, oharkabean pasatzen diren soinu edo usainei erreparatzeko.

Berez ateratzen zaizkit gauzak; ez dut deus prestatu beharrik. Gogoan dut behin irakurle talde batean esan zidatela ea Google Earth erabiltzen nuen. Sekulako grazia egin zidan. Google Earth? Ez, mendira joaten naiz. Eta herriz herri ibili naiz, auto-stopista izan naiz, kilometro asko egin ditut... Horiek denak gordeak ditut, eta ez da besterik behar; denbora asko, igual. Uste dut inportantea dela bakarrik egoten jakitea, eta denbora izatea munduari kasu egiteko. Ernetasun apur bat baldin baduzu, berez etortzen da hori. Barregarria litzateke nire liburuak egiteko dokumentazio lana egitea. Ez dago dokumentaziorik, bizipenak daude, ez besterik. Irakurleek askotan esaten didate hori: «Ze xehe esaten duzun hau, eta hemen ze bero, eta hemen...». Nik hori lortu nahi nuen, dudarik gabe, baina harritu egiten dira, segur aski beste idazle askok elipsia egiten dutelako. Aurreko liburua aurkezteko, Nola zeharkatzen da baso bat? izeneko gauza bat idatzi nuen. Idazle batzuek hartzen dute pertsonaia, jartzen dute basoaren ertzean eta bi lerrotan pasarazten dute bestaldera. Pasatu du basoa, eta kito. Baina niri oso zaila zait basoa pasatzea han ikusten, usaintzen eta zapaltzen direnak aipatu gabe. Nik pertsonaia hor sartzen badut, ezin dut esan «hogei minuturen buruan basoaren bestaldean zegoen». Ikaragarri kostatzen zait. Ze, nire ustez, baso horretan, pauso horretan egon daiteke narrazioaren gakoetako bat.

Arazoa dator irakurlea denean elipsia egiten duena. Hots, deskribapenak pasatzen dituenean, trama eta gertakarien bila. Gaizki trebatuta al dago irakurlea?

Bueno, uste dut gustuak direla, eta ez dut hori eztabaidatuko. Nik ere irakurri izan ditut basoa oso azkar zeharkatzen duten horiek, eta zoragarriak iruditu zaizkit. Baina ez da nik egin dudan aukera. Iruditzen zait denetarik izan behar dela, eta gure artean badaude horrela idatzi dutenak, zorionez, baina aukeran jende gutxik urratzen ditu literatura oso komertzialaren konbentzio batzuk. Nik nahiago nituzke inguruan idazle ausartagoak.

Bazterreko paisaietan gertatzen da nobela, ezlekuetan. Gasolindegiak, errepideak, industrialdeak... Zer bilatzen duzu han?

Uste dut oso toki unibertsalak direla. Benetan gertatzen dena eta egunkarietan agertzen ez dena leku horietan gertatzen da, ez [Iruñeko] Sarasate pasealekuan. Gure izaeraren muinera iristen diren gauza asko, gauza anonimoenak, hor gertatzen dira, bazterrekoak direlako. Ezlekuak dira, eta ezleku horietan ez zaio inori gelditzea gustatzen, pasatzea baizik. Bada, niri asko gustatzen zait gasolindegi bateko jatetxean sartu eta jendea sartu-aterean nola dabilen ikustea, edo gauez sumatzea kamioietan lo dauden txoferrak, edo bide luzea egiten ari diren etorkinak atseden hartzen. Bizitza hor ikusten dut berehala, eta hori da niri interesatzen zaidana. Itxura batean ezer gertatzen ez den toki horietan gauza asko mugitzen dira, eta, batez ere, bakarrik dagoenari barrena iraultzen dioten tokiak dira. Badago bakardade bat deus gertatzen ez den toki horietan zure baitara eramaten zaituena, eta zure barrena mugitzen duena, bortizki gainera.

Nora ezean dabil Ramiro protagonista, industrialde batean, eguzkipean. Irudi horrekin abiatzen da eleberria, eta irudi hori buruan hasi zinen zu ere idazten.

Denbora asko hartzen dut liburu baten eta bestearen artean, eta, ia beti, irudi batetik abiatzen dira. Denbora hartzen dut, eta badakit zerbait etorriko dela barrena mugituko didana, eta irudi hori pausatzen zaidanean, eta ametsetan ere agertzen zaidanean, badakit horrekin liburua dagoela. Baina behar dut oso errotua, ez du edozein irudik balio. Ez dut idazten burura etortzen zaidan lehenengo gauza. Kontua ez da zer idatz dezakedan, baizik eta zer idatzi behar dudan. Bihar ere has nezakeen liburu bat, baina ez nuke bukatuko, eta oso txarra litzateke. Ez daukat buruan aztoratzen edo astintzen nauen irudirik. Nik ez dut ideiarik inoiz, ideiek ez didate balio idazteko. Tesi libururik ez dut sekula egingo, ez zaizkidalako batere interesatzen.

Miseriara erori diren horiek dituzu gogoan liburuan; esan izan duzu sarri ikusezinak direla. Ba al du liburuak aldarri asmorik?

Ez du, baina berez dator: industrialde batean horrela agertu denak badu aurretik zerbait. Nire narrazioak eten puntuen artean mugitzen dira, eta eten puntuek aurretik aipatzen ez den zerbait daukate, eta bukatutakoan ere beste zerbait dute. Horrela dabilenak seinale baduela zama bat. Nola dabilen ikusteko haren mundutik oso hurbil dauden beste batzuek erreparatuko diote, beste inork ez. Andre zahar batek, bere bakardadean, suma dezake bakarrik dabilenaren nondik norakoa, edo kamioiarekin nekez eta asko kostata garraioan dabilen norbaitek, edo bakartuta herri batean bizi den batek, horiek egin dezakete harenganako bidea. Baina burges txiki batek ez dio berdin erreparatzen, eta ez zaio hurbilduko. Uste dut denok egiten diogula ezaxola ikusten dugun egoera askori. Nik, alde horretatik, ahalegin bat egin nahi izan dut, ze ni funtzionario burges txiki bat naiz, ez naiz inoiz horrelako egoera batean egon. Haren mundura hurbiltzeko saio bat egiteak gauza batzuen azalpena ematen du, eta hori nahi nuen. Oso exkisitoak gara horrela dabiltzan askoren mundua juzgatzean; epaitzen dugu, baina oso zaila zaigu askoren tokian jartzea, beldurra diogulako. Krisialdian asko eta asko izan dira ustez oso seguru zeudenak eta berehala ikusi dutenak infernuaren ataria non den.

Esan duzu zure liburuek ez dutela trama klasikoa mantentzen. Ez dago bukaera borobilik. Alde horretatik, nola dakizu noiz jarri azkeneko puntua?

Azken liburu honetan, esate baterako, azken-aurreko atalera iritsi nintzen —bukaera aldez aurretik pentsatuta edukita—, eta konturatu nintzen hortxe, puntu horretan, nahi nuen guztia egin nezakeela, eta izan zitekeela oso dramatikoa, izan zitekeela odoltsua, lazgarria, nahi duzuena. Eta esan nuen: «Bueno, hain zuzen ere hori da egin behar ez dudana, eta inoiz egingo ez nukeena». Buka nezakeen bestela, baina badakit zintzoa izan behar dudala, eta ez diodala halako lasaialdi konbentzionala eman behar irakurleari, bizitza, edo nik ezagutu dudana, ez delako horrelakoa. Hori izango litzateke bukaera nobelesko bat, eta bukaera nobelesko asko dago; ez zait interesatzen. Aukera bat egiten duzu, eta badakizu horrekin irakurle batzuk uxatu egingo dituzula. Hezurdura guztia aurretik pentsatua izaten dut. Idazten hasi aurretik, izenburua eta lehenengo eta azkeneko esaldiak pentsatuak ditut, eta horiek ditudanean hasten naiz idazten.

Nolakoa da zure idazle jarduna?

Oso enkargu gutxi onartzen dut, ia batere ez. Ez mahai inguru, ez hitzaldi, ez deus, bakarrik irakurle klubetakoak, eta, gero, artikulu bakanen bat, eta denbora ematen badidate. Egunero idazten dut, baina beti nobelarako. Behar izaten ditut pare bat urte jira-bueltaka, idaztea ez delako bakarrik mahaian jartzea. Ni kalean nabilela ere horretan nabil, eta hori ere bada idaztea, ze, begiratzen ez baduzu, entzuten ez baduzu, ez dago bizitzarik. Horregatik nago ni, besteak beste, idazle profesionalaren kontra: iruditzen zait bide zuzena dela okerrago idazten hasteko.

Izan omen zenuen profesionalizatzeko aukera.

Bai, baina merkatuak edozein gauza pozoitzen du. Eta, azkenean, erantzun behar duzu idazten duzun guztiaz. Ezin gara ibili bikaintasunean beti, baina exijentzia batean bai, eta hori merkatuak ez du barkatzen. Morrontza handia dela iruditzen zait.

Itzultzaile lanak ere egin izan dituzu.

Orain, agian hasiko naiz berriro itzultzen; aurten, baditut pare bat liburu oso gogokoak, eta, beharbada, ekingo diot. Oso entrenamendu ona da, eta itzultzeak satisfazio handiak ematen ditu. Gauza guztien gainetik, uste dut literaturazalea naizela, horrela gozatzen dugu. Azkenean, sekta bat izango gara; ez du ja inork irakurtzen, eta onartu beharra dugu hori. Ez gara klandestinitatera iritsiko, baina sekta bat gara. Azken batean, sekta batek zer egiten du? Elkartzen da ardura duen horretaz hitz egiteko, eta literaturaz ezin da gaur egun edozeinekin hitz egin. Oroitzen naiz, ikasleak ginela, oso zaleak ez zirenekin ere noiznahi hitz egiten genuela Cortazarrez, eta orain, horretarako, oso literaturazalea den norbait topatu behar izaten duzu. Asko galdu dugu alde horretatik. Beste batzuk txoratuko dira autoekin, edo kirolarekin. Kirola da opio berria, argi eta garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.