Katalunia. Lurraldetasun eztabaidak EBn

Batasunean estalitako errealitatea

Europako Batasuneko ia estatu guztiek dituzte identitate nazional hegemonikoaz aparteko gutxiengo etniko eta linguistikoak. Mugimendu independentista indartsuak gutxi dira, baina lurraldetasunaren eztabaida hainbat estatutako politikan gai nagusietako bat da.

Batasunean estalitako errealitatea.
mikel rodriguez
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bai, nazioen Europari; bai, eskualdeen Europari; baina ezetz esaten diot kategoria nazionalak eta erregionalak banatzeari, Bigarren Mundu Gerraz geroztik kopurua gainditu baitugu». Europako estatu burujabeen arteko klub bat da EB Europako Batasuna, eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak atzo argi utzi zuen ez duela nahi estatu horiek estatu gehiagotan banatzea. Salamancan (Espainia) egin zituen adierazpen horiek, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aitzinean. Gaur egun, EBk 28 kide ditu, eta bakarrik Alemaniako Errepublika Federalak izan du mugen aldaketa bat —Alemaniako Errepublika Demokratikoa zena bereganatu zuen 1990ean—. Gainerako estatuei, batasuneko kide direnetik, ez zaizkie inoiz mugak aldatu. EBk babestu eta onartu izan ditu independentzia prozesuak, baita Europan bertan ere, baina batasuneko kideei eraginez gero, gaia tabua da bertze kideentzat. Izan ere, mugei eusteko krisirik larriena orain Espainiako Erresumak badu ere, neurri handiagoan edo txikiagoan estatu gehiagok dituzte lurraldetasun gatazkak, eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak errandakoarekin bat egiten dute: «Separatismo modu guztiei esaten diet ezetz, Europa ahuldu, eta haustura eragiten dutelako».

ESPAINIA

Batasuna, auzitan

Espainiako Erresumak lurraldetasun arazo kronikoa du, eta penintsulan menpean izan dituen lurraldeetan modu batera edo bertzera azaleratu dira arazo horiek gutxienez XVII. mendetik. Hiru naziotan garatu dira mugimendu independentistarik azkarrenak: Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian. XX. mendearen bigarren erditik XXI.aren hasierara arte Espainiak Euskal Herrian izan zuen lurraldetasun krisirik handiena, ETAren borroka armatuaren eta ezker abertzalearen inguruan sortu eta garatutako mugimendu independentistaren ondorioz. ETAk armak utzi bazituen ere (2011), itxi gabeko ziklo bat da oraindik. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estatus politiko berezi bat lortzeko egin zuen proposamena izan zen burujabetza lortzeko bertze ekinbide nagusia (2001-2005). Dena den, Katalunian duela urte batzuk hasitako prozesuak kinka larriagoan paratu du erresumako lurraldetasunaren statu quo-a, bertzeak bertze Katalunia erreferendum bat egin eta parlamentuan errepublika deklaratzeraino ailegatu delako. Galiziako mugimendu nazionalista eta independentista, berriz, historikoki Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa baino ahulagoa izan da. Gaur egun, Galiziako Parlamentuko 75 ordezkarietatik hamar dira alderdi nazionalista galiziarretako kide.

ERRESUMA BATUA

Baimendu duen bakarra

Independentzia prozesu baten ondorioz mugak aldatzeko aukera berehalakoa eta erreala izan duen EBko kide bakarra izan da Erresuma Batua, Eskozian erreferendum bat egitea baimenduta (2014). SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak erreferendum bat egiteko promesarekin irabazi zituen hauteskundeak 2011n, eta Londresek onartu egin zuen. 2014an egin zen erreferenduma: %44,7 banatzearen alde, eta %55,3 aurka. Ordutik, Eskoziako mugimendu independentista hoztu egin da, baina ez da itzali. Brexit-eko erreferendumaren ondoren—Eskozian, EBn gelditzeko aukerak irabazi zuen—, Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan—joan den ekainean— hamahiru puntu galdu zituen SNPk—%50etik %37ra—, eta bertze erreferendum baterako ekinaldia baztertu zuen. Erresuma Batua EB uztekoa da 2019ko martxoan, eta prozesu horrek eragin handia izanen du erresumaren lurraldetasunean.

Hain zuzen, Irlandari eraginen dio, berriz ere muga fisiko bat ezar daitekeelako Ipar Irlandaren (Erresuma Batua) eta Irlandako Errepublikaren artean. 30 urte baino gehiagoko gatazka armatuaren eta ia hogei urteko bake prozesuaren ondoren, mugimendu errepublikanoak indartsu ikusten du bere burua, eta brexit-ak ekar lezakeen banaketaren aurka, uhartea errepublika bakarrean elkartzeko erreferenduma bultzatu nahi du. Mugaren bi aldeetan, eztabaida politikoan dago erreferenduma.

Espainian Galiziarekin gertatzen den bezala, Erresuma Batuko bertze nazio esanguratsuenaren, Galesen, mugimendu independentista Eskoziakoa eta Ipar Irlandakoa baino ahulagoa izan da historikoki. 2016ko Galesko Parlamenturako hauteskundeetan Plaid Cymru alderdi independentista hirugarren indarra izan zen bototan (%20) eta bigarrena diputatutan, eta 2014an independentziaren aldeko Bai Gales kanpaina hasi zuten hainbat herritarrek, Eskozian bezala independentziari buruzko erreferendum bat egiteko.

BELGIKA

Flandriaren arabera

Belgika bi herrialdek osatzen dute: Flandria nederlanderadunak, eta Valonia frantsesdunak. Mugimendu independentista azkarrak Flandrian sortu dira historikoki, eta gaur egun Belgikako alderdirik handiena N-VA Flandriako indar independentista da. Bi herrialdeek erakunde propioak eta autonomia zabala dituzte, eta alderdi politikoak soilik herrialde bakarrera mugatzen dira; ez dago Belgika osoko alderdirik. Sistema politiko horren ondorioz, bi herrialdeetako alderdiak ados paratu behar dira Belgikako Gobernua osatzeko. Maiz sortu dira gobernua osatzeko arazo larriak eta ezinikusiak, eta horien ondorioz zalantzan paratu izan da Belgikaren bideragarritasuna.N-VAk ez du inoiz aurkeztu independentziaren aldeko bide orri edo ekinaldi zehatz bat, baina Flandriarentzat gero eta eskumen gehiago lortzearen alde gogor jardun du. 2019ko hauteskunde orokorrak bertze azterketa bat izanen dira Belgikaren lurraldetasunarentzat.

ITALIA

Autonomiak eztabaidagai

Italian, oraingoz, ez dago errepublikaren batasuna kolokan paratu duen mugimendu independentistarik, baina lurraldetasunaren inguruko eztabaidak eragin handia du politikan. Lombardian eta Veneton daude bi fronte nagusiak. Eskualde horietako gobernuek autonomia handiagoa nahi ote duten galdetu zieten herritarrei urriaren 22an egindako erreferendumetan. Lombardian %95ek erantzun zuten baietz —%38ko parte hartzearekin—, eta, Veneton, %98k—%57ko parte hartzearekin—. Galdeketak ez ziren lotesleak, eta bi gobernuek orain Erromarekin negoziatu nahi dute, bereziki fiskalitatean autonomia handiagoa lortzeko. Italiako Gobernua, printzipioz, negoziatzeko prest agertu da. Sardinian, alderdi sardiniazaleek —independentistek, autonomistek eta erregionalistek— Francesco Pigliaru uharteko gobernuko presidenteari eskatu diote antzeko erreferendum bat antolatzeko. Alderdi horiek botoen %26 lortu zituzten 2014ko eskualdeko hauteskundeetan, inoizko kopuru handiena.

Italian, Hego Tirolek du autonomiarik zabalena. 1972an erreformatu zuten azkeneko aldiz, eta 2013an gobernuak prozesu bat hasi zuen eskualdeko eragileekin, bertze erreforma bat aztertzeko. Joan den hilean bukatu zuten eztabaida prozesua, eta proposamen bat idatziko dute orain. Alderdi independentistek autodeterminazio eskubidea sartu nahi zuten proposamenean, baina ez diete onartu.

FRANTZIA

Jakobinismoari eusten

Nazio minorizatuekin begirune gutxi izateagatik ezagun da Frantziako Errepublika, eta mundu osoan zentralismo jakobinoaren eredutzat hartzen da. Frantzia metropolitanoan, hau da, Europan menpean dituen lurraldeetan, iraultzaz geroztik (1789) frantseste politika erasokor bat ezarri die hizkuntza horretan mintzo ez ziren nazioei —azken 100 urteotan, gehienbat—, eta autonomiarako tarterik ez die utzi. Horren ondorioz, herri horiek anitz asimilatu ditu. Hala ere, Europan mugimendu independentista bat indartzen denetan, jarrera mesfidatia hartu ohi dute Frantziako agintariek, jakitun baitira iraultzaz geroztik desiratu duten uniformizazioa ez dagoela bururaino eramanda.

Frantziako Errepublikan, Korsikako mugimendua da eredu nagusia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren gatazka armatu nagusia izan da Europa mendebaldean, Irlandakoarekin eta Euskal Herrikoarekin batera. FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak 2014an bukatu zuen borroka armatua, eta bertze aro bat hasi zen. 2015ean, independentistek eta autonomistek bat egin zuten Korsikako Asanblearako hauteskundeetan —1982an sortutako erakundea, hainbat eremutan botere legegilea duena—, eta alde handiarekin irabazi zuten —51 ordezkaritatik, 24 lortu zituzten—. Abenduan hauteskundeak eginen dituzte berriz, eta urtarriletik aitzinera uharteak bertze estatus bat izanen du: Korsika Garaia eta Hego Korsika departamenduak desagertuko dira, eta lurralde kolektibitate bakarra osatuko du irlak.

Korsikaren ondoren, Euskal Herrian egon da bizien nazio aitortzaren aldeko mugimendua. Frantziako Errepublikarekin duen gatazkaz gain, mugaz hegoaldera bortz hamarkada baino gehiagoan iraun duen gatazka armatuak eragin handia izan du. Hego Euskal Herriarekin konparatuta, Iparraldean alderdi abertzaleek sostengu apalagoa izan dute hauteskundeetan, baina 2015eko departamenduko bozetan inoizko emaitza onenak lortu zituzten EH Bai koalizioaren eskutik, botoen %16rekin —hirugarren indarra izan zen—. Ipar Euskal Herrian lorpen historiko bat gertatu da aurten, lehenbiziko aldiz erakunde propio bat edukitzea onartu baitio Frantziak: udalek osatzen duten Euskal Elkargoa. Frantses nazionalista edo euskal abertzale, ia alderdi guztien babesa izan du berezko erakunde baten eskakizunak. Euskal Elkargoak eskumen apalak ditu, baina 1789tik lehenbiziko aldiz Ipar Euskal Herriak muga ofizialak ditu eta lehendakari bat. Abertzaleentzat, helburu handiagoetarako abiapuntu bat.

Euskal Herrian bezala, Katalunian ere mugaz hegoaldeko egoera politikoak eragin handia du. Mugaz iparraldera alderdi katalanistak mugaz hegoalderakoak baino anitzez txikiagoak dira, baina independentziari buruzko erreferendumaren auzian, errate baterako, Ipar Kataluniako erakundeek eta herritarrek emandako babesak berebiziko garrantzia izan zuen galdeketa egin ahal izateko —hautetsontziak ezkutatu eta garraiatzeko, adibidez—. Euskal Herrian bezala, erakunde propio baten edo eskualde gisako aitortza baten eskakizunak babes handia du. Iaz, Frantziak Okzitania izenarekin eskualde bat sortu zuen, eta Katalunian protesta mugimendu handia sortu zen, Okzitania horretan sartu baitzuten, izendapenean Katalunia aintzat hartu gabe.

Bretainiak hagitz identitate kultural azkarra du. Azken urteotako eztabaida nagusia lurralde banaketak eragin du, Bretainia bitan zatituta baitauka Frantziako administrazioak: Bretainia eskualdea alde batetik, eta Pays de la Loire eskualdearen barneko Loire-Atlantique departamendua bertzetik. 2014az geroztik manifestazioak eta herri kontsultak antolatu dituzte, Loire-Atlantiqueren batzeari buruz galdetzeko erreferendum bat egiteko.

Frantziak baditu nazio minorizatu gehiago mugen barrenean—Okzitania, Alsazia, nederlandera hiztunak—, baina mugimendu politikoak ahulagoak dira.

ERRUMANIA

Hungariarrak aitortza eske

Lehenengo Mundu Gerraren bukaeran, Austria-Hungariako Inperioa desegin zuten, eta Hungariako Erresumari lurraldearen bi heren kendu zizkioten. Gertakari horren ondorioz, gaur egungo Hungariako Errepublikaren mugakide diren estatu guztietan hungariar etniako gutxiengoak bizi dira. Horietako gehienak Errumanian bizi dira; 1,2 milioi inguru, Errumaniako biztanleen %6. Horietako 800.000 inguru Szekely Herria izeneko lurraldean bizi dira, eta autonomia eskatzeko mugimendu azkar bat eratua dute. Szekely Kontseilu Nazionalak zuzentzen ditu eskari horren aldeko ekintzak. 1952-1968 artean hungariarrek eskualde autonomo bat eduki zuten—Szekeley Herriaren zati batzuk hartu zituen—, baina parlamentuak hura desegitea erabaki zuen, Errumaniaren banaketa administratiboa Sobietar Batasunak inposatutakoa zela argudiatuta. Gaur egun, Kosovoren independentzia onartzen ez duen EBko bortz estatuetako bat da Errumania, uste baitu Szekely Herriarentzat eredu izan litekeela.

POLONIA

Silesia Garaiko eztabaida

Bigarren Mundu Gerraren aitzinetik, Poloniako biztanleen heren bat ez ziren poloniar etniakoak. Gaur egun, %95 dira poloniarrak. Uniformizazioa handia bada ere, lurraldetasunaren eztabaida ez du itxia, bertzeak bertze azken hamarkadan anitz azkartu delako Silesia Garaiaren autonomiaren aldeko mugimendua. Lau milioi biztanle inguruko lurraldea da; hiru milioi Poloniako aldean, eta milioi bat Txekian. Martxoan, dozenaka mila manifestari elkartu ziren Katowice hirian autonomiaren alde, eta, udan, bi alderdi autonomista nagusiek jakinarazi zuten alderdi bakarra osatzeko negoziazioak hasiko zituztela. Eskualdeko parlamentu bat badu 45 ordezkarirekin, eta 2014ko hauteskundeetan RAS Silesiako Autonomiaren Mugimenduak botoen %8,5 lortu zituen -bortz alderdietatik, laugarren—. 2011ko erroldan, 800.000 biztanlek silesiar naziotasuna zutela adierazi zuten, nahiz eta legeak halakorik ez onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.