ASILO ESKUBIDEA

2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Nazioarteko hitzarmenen bidez onetsita dago asilo eskubidea munduan, eta herrialde gehienek, oro har, irizpide bateratuak erabili behar dituzte eskatzaileei babesa emateko. Asiloa lortzeko prozesuak, hala ere, luzeak izaten dira sarritan. Horra hainbat jakingarri:

Geneva eta New Yorkeko konbentzioetan zehazturik. Nazioarteko bi itunetan zehazten dira, funtsean, errefuxiatuei dagozkien eskubideak: Genevako konbentzioan (1951) eta New Yorkekoan (1967) zehazturikoetan, hain justu. Errefuxiatu hitza Genevako testuan jaso zuten lehenengoz. Hara definizioa: «Arraza, erlijio, naziotasun edo talde bateko kidetzagatik jazarria izateko beldur oinarriduna duen pertsona». Denborarekin errefuxiatu izaera aitortzeko zerrendatutako motiboak ugaritu egin dira; sexu jazarpena ere onartzen da, adibidez, gaur egun.

Legeria «bateratua». Asilo eskubideari buruzkoak, bereziki, New Yorkeko konbentzioan hitzartutako itunean zehazten dira. Horrez gain, Europako Batasunak baditu hiru zuzentarau gaiaren inguruan, eskubide hori emateko prozedurak Europako estatu denetan «bateratzeko». Gutxieneko horien ahultasuna ageri-agerian geratu da, ordea, azken hilabeteotan.

Asiloa lortzeko bideak. Bi prozedura daude asiloa lortzeko; estatu batean sartu ondoren eska daiteke, edo estatu horretako mugako lekuren batean. Estatuaren indarren aurrean egin behar da, betiere; Hego Euskal Herrian, adibidez, Poliziaren aurrean, eta Iparraldean OFPRA Iheslariak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoak bideratzen ditu. Eskatzaileek ahalik eta xehetasun gehien eman behar izaten dituzte jatorrizko herrialdean jasaten duten jazarpenaren berri emateko. Berez, Dublingo Itunari atxikita —1990ean Europako Batasuneko herrialdeek izenpetua—, iristen diren lehen herrialdean egin behar dute eskatzaileek eskaria.

Behin-behineko baimenak. Asilo eskaria egin den herrialdean bizitzeko behin-behineko baimenak ematen zaizkie eskatzaileei. Txartel gorria deitzen zaie leku askotan. Egoera «erregular» bat dakarkie horrek, baina asko falta du behin betiko konponbidea izateko, asilo eskariaren gaineko erantzuna noiz helduko denbora asko egin behar izaten baitute zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.