Siemens Gamesak gerrikoa estutuko du, 2020rako 2.000 milioi aurrezteko

Enpresa hornitzaileen politiken aldaketek eragingo dute murrizketaren %65. Hiru urteko epean, sinergiek 400 milioi eurotik gorako aurrezpena ekarriko dute. 6.000 kaleratzeen planak aurrera dirau

Gamesaren haize errota bat, 154 metrokoa, Arinagako portuan, Kanariar Uharteetan (Espainia). ANGEL MEDINA G. / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Siemens Gamesak espero baino lehenago amaituko du jatorrizko bi konpainien arteko integrazio prozesua, eta, gainera, hasiera batean aurreikusi baino diru gehiago aurreztuko du sinergiei esker. Iazko asmoa zen bateratzeari esker 230 milio euro aurreztea 2021erako, baina energia eolikoaren erraldoiak atzo Madrilen iragarri zuen helburu hori 2019rako lortuko duela: espero baino bi urte lehenago. Horrela, 2020rako 400 milioi eurotik gora aurreztuko ditu fusioari esker. Hori guztia zuzendaritzak gerrikoa estutzea erabaki duelako izango da posible: datozen hiru urteetan 2.000 milioi eurotan murriztuko ditu konpainiaren kostuak. «Hazkunde errentagarria» du helburu, Markus Tacke kontseilari ordezkariak atzo Madrilen esandakoaren arabera.

Zuzendaritzak 2018tik 2020ra bitarteko plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo, L3AD2020 izenekoa. 2.000 milioi euro aurreztetik sinergiei dagozkie 400milioi, eta, gainerako 1.600 milioietarako, beste arlo batzuetan egingo ditu murrizketak: %65 inguru hornitzaileen erosketa politiketatik —hornitzaileei %20ra arte txikituko dizkie prezioak—, %15-20 inguru produktu zorroaren berrikuntzatik, eta %15 langileen kostuetatik.

Siemens Gamesak dagoeneko martxan dauka 22 herrialdetan 6.000 langile kaleratzeko berregituraketa plana, eta berretsi du horri eutsiko diola. Tackek agindu du ez dela kaleratze eta berregituraketa berririk egongo.

Iazko apirilean abiatu zuten Gamesa euskal konpainiak eta Siemens alemaniarrak energia eolikoaren sektorean enpresa liderra bihurtzeko erronka. Euskal Herrian 2.000 langiletik gora dauzka. Horretaz gainera, 1.200 hornitzaile dauzka, eta, esate baterako, 475 milioi erosi zizkien 2016an.

Hain zuzen, bateratzeak nola eragingo dien izan zen euskal hornitzaileen lehen kezketako bat. Bada, hornitzaileez berba egin zuen kontseilari ordezkariak atzo: «Sektorea lehiakorra da, eta hornitzaileek aukera izango dute beren bolumena handitzeko, baldin eta lehiakorrak badira».

%8-10eko marjina

Multinazionalak helburu handinahiak jarri dizkio bere buruari datozen hiru urteetarako. Merkatuak baino gehiago hazi nahi du, «bai megawattetan, bai eurotan». Zuzendaritzak aurreikusi du %8tik %10era bitarteko EBIT marjina lortzea, 2018ko urte fiskalaren lehen hiruhilekoan —2017ko urritik abendura— lortutako %6,3koa baino gehiago. Datu hori, edonola ere, ez da irabazi garbia, ustiapen emaitza gordina baizik: hau da, interesak, zergak, amortizazioak eta depreziazioak aplikatu aurreko irabaziak dira.

Edonola ere, irabazi garbiak aurten iritsiko direla aurreratu du Miguel Angel Lopezek, Siemens Gamesako finantza zuzendariak. Gaineratu du dibidendutan banatuko dituztela irabazi garbien %25, Gamesaren politikari jarraituz.

Plan estrategikoaren aurkezpenak harrera ona izan zuen atzo burtsetan. Akzioen balioak %2 egin zuen gora burtsak zabaltzearekin batera, nahiz eta euforia baretu egin zen egunak aurrera egin ahala. Iazkoa urte txarra izan zuen burtsan: urtearen joanean balioaren %35,9 galdu zuen; aurten, aldiz, hobera egin du, urtea hasi zenetik balioaren %9 irabazi baitu.

Merkatu oparoa

Konpainiak hiru ardatz zehaztu ditu 2020ra bitartean 2.000 milioi euro aurrezteko: batetik, negozio eredua arindu nahi du, bezeroei «malgutasun handiagoa» eskaintzeko produktuen eta zerbitzuen eskaintzan, finantzaketa soluzioetan eta erantzunaren azkartasunean; bestetik, industriaren energia kostua murriztu nahi du, teknologia eskaintza berriaren bidez, kostuak optimizatuz eta jarduera zorroztuz. Azkenik, adimen digitalean sakondu gura du, lehiakideengandik bereizteko.

Siemens Gamesaren arabera, eolikoen sektorearen etorkizuna oparoa da: onshore sektorea%5 haziko da 2020rako, offshore-a %13 2025erako, eta zerbitzuen merkatua %11 2020rako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.