Koronabirusa

Zama arintzeko eguna

Gaur sartuko da indarrean paseoak edo ariketa fisikoa egitera ateratzeko baimena. Zahar etxeetako egoiliarrek ez dute kalera ateratzerik izango. Kirola egin nahi dutenek ezin izango dute autoa hartu

Ume bat eta bere zaintzailea, atzo, Donostian. Gaurtik aurrera, helduek ere aukera izango dute kalean jarduera fisikoak egiteko. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan umeei paseoan ibiltzeko baimena eman ostean, Hego Euskal Herriko gainerako herritarrek gaur izango dute zazpi asteko konfinamendua arintzen hasteko eguna, eta ibilaldiak edo ariketa fisikoa egitera atera ahal izango dira koronabirusak jota edo berrogeialdian ez daudenak: 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, 06:00etatik 23:00etara, eta gainerakoetan, Espainiako Gobernuak ezarri dituen denbora tarte eta baldintzetan.

Irakurri gehiago: gaur kalera ateratzeko jakin beharrekoak

Neurriak nahasmen handia sortu du, lehenengo iragarpenean argitu gabeko puntu ugari zeudelako. Atzo, Espainiako Osasun Ministerioak dekretua argitaratu zuen Aldizkari Ofizialean, eta zalantza horietako zenbait argitu zituen.

Adibidez, dekretuan zehazten denez, mendekotasunen bat dutenak ohiko zaintzailearekin atera ahal izango dira kalera, nahiz eta etxe berean ez bizi. Zahar etxeetako egoiliarrek, berriz, ez dute kaleko jarduera fisikorako aukerarik izango.

Aukeratu beharrik gabe

Hiru tarte bereizten dira dekretuan, 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietarako: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirola egitera edo paseatzera ateratzen direnentzat; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat; eta 12:00etatik 19:00etara, 14 urte arteko umeentzat. Zalantzetako bat zen ea kirola egin nahi duten gurasoek ariketa fisikoaren eta umeak ateratzearen artean aukeratu beharko ote zuten. Dekretuan zehazten denez, ez dago aukeratu beharrik, eta, kirola egiteaz gain, umeak dituztenak haiekin ere kalera atera ahal izango dira egunean beste behin.

Jarduera horiek egin ahal izateko eremuaz ere argibide batzuk agertu dira dekretuan. Paseoak kilometro bateko eremuan egin ahal izango dira —Bilbon, esaterako, argi utzi nahi izan dute galarazita dagoela inguruko mendietara joatea—; kirola, berriz, norbere udalerrian egin ahal da, distantzia mugarik gabe. Baina dekretuak zehazten du debekatuta egongo dela autoa edo garraio publikoa hartzea, ariketa fisikoa egitera etxetik urrun dagoen beste lekuren batera joateko.

«Segurtasun baldintzetan»

Ertzaintzak adierazi die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei gaurtik aurrera baimendutako jarduerak «segurtasun, autobabes eta urruntze baldintzak errespetatuz» egin behar direla.

Herritarrei «erantzukizunez» jokatzeko deia egin die. Edonola ere, ohartarazi die norbaitek arauak «modu ageriko eta errepikatuan» hausten baditu «esku hartzera behartuak» egongo direla eta salaketa jarriko dutela.

Zenbait udalerrik gaur zabalduko dituzte orain arte itxita egon diren parke eta ibilbideak, eta kale batzuk oinezkoentzat gorde dituzte. Kostaldeko herri askotan, hondartzak ere irekiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.