Albistea entzun

KRITIKA. Musika

Perla bila

Costello, duela bi egun, Zaragozako (Espainia) kontzertuan.
Costello, duela bi egun, Zaragozako (Espainia) kontzertuan. JAVIER CEBOLLADA / EFE

Ibon Rodriguez -

2016ko ekainak 8

Elvis Costello

Lekua: Donostiako Kursaalean. Eguna: Ekainak 6.

Erraza da pentsatzea perlez betetako errepertorio batek kontzertu garaiezina bermatzen duela. Baina ez du zertan. Galde diezaiotela, adibidez, egunotan Brian Wilson Pet Sounds jotzen ikusi dutenei. «Beti kantuaren alde», diote beste batzuek, baina kantuak behar du zeri eutsi oskoletik ateratzen denean, urteak pasatu ahala behinolako grabaketa hark bizi berria har dezan, joaldi bakoitzean ñabardura berriak beregana ditzan.

Astelehenean Elvis Costellok bakarka eman behar zuen emanaldiari duela 40 urteko diskoei oraindik darien energiarekin eta intentsitatearekin ekin zion, distortsio, loop eta oihartzunez betetzeko aretoa Hurry Down Doomsday-ren bidez. Eta I Want You narrasak azken arnasa eman arte, energia, sakontasun eta determinazio berberarekin eutsi zion show osoari. Show itxura hartu baitzuen denak argiak itzali zirenetik. Costello taularatu aurretik, Monkey to Man festazalea eman zuen agertokiaren atzealdea betetzen zuen zahar itxurako telebistatzarrak, halako late show baten atarian bageunde bezala. Eta sentsazio horrek hartu ninduen kantuen arteko bakarrizketa luzeegietan, emanaldiaren erlojua ia hirugarren ordura eraman arte.

Baina sentsazio hori ezerezean geratzen zen kantuan hasten zen aldiro. Aukeratutako perlak sasoi betean eman zituen, ahotsa 2013ko Zurriolako kontzertuko urradurarik eta nekerik gabe; aratz, indartsu une gorenetan, eta samur eta hauskor biluzienetan.

Biluzi egin zituen kantuak, berri eta zahar, eta horrela azalarazi zituen kanta bakoitzaren ezaugarririk sakonenak. Kantuoi bandak eman ohi dien blues, jazz, reggae, new wave, folk, pop mozorroa erantzi, eta, hain justu, ezaugarri horiek indartu ziren biluztean. Gitarrarekin zein pianoarekin. Bi tresnekin fin, dotore eta sotil, Costelloren konposizioek uztartu ohi dituzten akorde bihurriak korapilatzen. Gitarraz I Can't Turn it Off —erpuruaz jotzeko duen manera berezi horretan—, Accidents Will Happen, Ascension Day —Allen Toussainten omenez—, Church Underground, Watching the Detectives —banda oso batekin baino oldartsuagoa—, Almost Blue, Alison —jende artean, entxuferik gabe—, Nat King Colen Walking my Baby Back Home. Pianoaz, Face in the Crowd, American Mirror, Side by Side.

Eta halako batean, kontzertua amaituta zegoelakoan, publikoan ostenduta egon zen Steve Nieve (The Atractions, Madness) pianista trebeari deitu zion Shot with his Own Gun eta Talking in the Dark jotzeko, Costello crooner rolean patioko butakan jarrita.

Kontzertuaren erdian, Shipbuilding jo zuen pianoaz. Munduko kanturik onena iruditzen zait Robert Wyatten ahotsean entzun nuenetik, eta aukera dudanean saiatzen naiz esaten —ikus dezakezunez—. Kantuak amaieran dio uretan murgiltzen garela bizirik irauteko, nahiz eta perlak aurkitzeko murgildu beharko genukeen. Segi dezala bere itsasoko perlak harrapatzen eta zaintzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ikusleak distantzia gorde gabe eta maskara jantzita, Love of Lesbian taldeak martxoan Bartzelonan eman zuen kontzertuan. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Makroari neurria hartzen

Aitor Biain

Izurriak kolpetik eten zituen ekitaldi jendetsuak, batez ere musikaren alorrean. Horregatik, Love of Lesbian taldeak Bartzelonan eginiko kontzertuari arretaz begiratu dio sektoreak, osasun protokoloetan aldaketarik eragin dezakeelakoan. Erakundeei malgutasuna eta elkarlan estuagoa eskatu diete eragileek.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Kulturaren sektoreko profesionalak lanean jarri nahi ditugu berriz»

A. Biain

Kultura Bizia egitasmoa gaur jarriko da martxan, Gasteizko Iradier Arenan. Urrira arte, 600 lagunentzako kontzertuak eta kultur ekitaldiak izango dira. Kulturaren «gurpila martxan jartzea» da antolatzaileen helburua.
 ©LACOSA STUDIO

«Herrixkan kantuan eta dantzan gabiltzanean, gizartea eraldatzen ari gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Galiziako eta Asturiasko herri kantuak lehengaitzat hartu, eta haien berrinterpretazioa eginez osatu du musika ibilbidea, espiritu kabareteroz eta hurbil duenarekiko miresmenez eta aitortzaz. Gaur aurkeztuko du 'Trópico de Covadonga' ikuskizuna, Gasteizko Principal antzokian.
Goia (ezkerrean) eta Iglesias (erdian), gaurko aurkezpen ekitaldian. ©Javier Etxezarreta / Efe

Ireki dute Santa Klarako 'Hondalea' ikusteko izen ematea

Andoni Imaz

Ekainean hasiko dira bisitak egiten Donostiako uharteko itsasargira, Cristina Enea fundazioak antolatuta. Arte instalazioari buruzko ekitaldi batzuk egingo dituzte hileko lehen astean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.