Itxaso Atutxa. EAJren BBBko presidentea

«Gobernua osatzeko formulak ezin die aterik itxi bestelako akordioei»

Aukera guztiak «zabalik» daudela azaldu du Atutxak, eta helburua gobernu berriari «egonkortasuna» ematea dela; PSE-EErekin ituna egitea, berriz, «kanpotik ikusita dirudien baino zailagoa» dela esan du.

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
EAJren BBB Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa (Bilbo, 1967) BERRIAren galderei erantzuten ari zitzaion une berean, Sabin Etxeko beste areto batean bilera egiten egiten ari ziren EAJren eta EH Bilduren ordezkariak, Eusko Jaurlaritzaren eratzeaz berba egiteko antolaturiko bilera sortaren lehenengo batzarrean. Estreinako bilera sorta hori asteartean amaituko da, EAJren eta PPren arteko batzarrarekin.

Bizkaian EAJren eta EH Bilduren artean ezbaian egon den azken legebiltzarkidea koalizioak eskuratuko zuela jakin aurretik egina da elkarrizketa. Albiste hori baieztatu ondoren, BERRIA saiatu da Atutxarekin elkarrizketa osatzen, gai horri buruzko galderak egiteko, baina EAJk erantzun du ezinezkoa zela.

Zein da EAJren hauteskunde arrakastaren gakoa?

Egia esateko, ez dakigu ziur. Foru eta udal hauteskundeen ostean antzeko balorazioa egin genuen: berez, jeltzalea ez den jende asko hurbildu da guregana, abertzaleak bai baina oso ideologizatuta ez dauden herritar asko. Berdin ematen digute botoa Ezkerraldean, Uribe Kostan zein Lea Artibain, oso eskualde desberdinak izan arren. Guretzat, pozgarria da, noski, baina ez du azalpen errazik. Dena dela, pertsona horietako askok ekainean bestelako botoa eman zuten. Orduko hartan, jende askok Madrileko gobernabidea zuen buruan, eta Espainiako alderdiei eman zieten botoa, baina bertakoaz, etxekoaz berba egiten dugunean, bertakoei ematen diegu konfiantza.

Nola baloratzen dituzue gainerako alderdiek izan dituzten emaitzak?

Nik espero nuen EH Bildu bigarren indarra izatea; ez nuen sinesten hemengo hauteskundeetan jendeak botoa Elkarrekin Podemosi emango zionik. EH Bilduk gorakada garrantzitsua izan du azken beherakaden ostean. Otegiren hautagaitzak ez dut uste mesederik edo kalterik egin dionik, baina kanpaina eraginkorra eta erakargarria egin dute hain ezagunak ez ziren hiru hautagai emakumezko aurkeztuta.

Elkarrekin Podemosi dagokionez, azken buruan, Espainiako alderdi bat da, eta erabakitzeko eskubidea onartzen duten arren, Espainian gelditzeko onartzen dute eskubide hori. Oraindik ez dauka sustrai nahikorik herri honetan, eta uste dut haien emaitzak ez direla hain onak izan, euren mezua zelako herri honek aldaketa eskatzen duela eta eurak izango zirela aldaketa hori gauzatuko zutenak EAJ Ajuria Enetik botatzeko. 11 legebiltzarkiderekin aukera gutxi dute horretarako.

Eta PSE-EE eta PP?

Idoia Mendiak berak esan du PSE-EEren emaitzak oso txarrak izan direla. Itzelezko kolpea hartu dute, baina eraman duten ibilbidearen beste urrats bat baino ez da. Uste dut urteak daramatzatela jendearengandik aldenduta. Kanpaina honetan gaitz eduki dute mezua nori egokitu eta nori zuzendu. Euskararen gaiarekin egin dutena larria iruditzen zait: milaka boto gutxi batzuen truke horrelakoak egin behar badira, uste dut politikaren neurria galtzea dela. PP, aldiz, Euskadin oso gauza txikia da. Espainiar porrokatuek baino ez daukate PP ikur moduan. Ez dira errealitatean bizi, eta beldurraren kanpaina egiten dute, baina horrek ez du funtzionatzen jendea heldua delako.

Orain Jaurlaritza osatzeko negoziazioei ekin diezue. Gobernu itun baten atzetik al zabiltzate, edo zuentzat nahikoa da unean uneko akordioak lortzea?

Ez dugu ezer baztertzen, baina egonkortasuna lehenesten dugu. Unean uneko akordioena, orain geometria aldagarria deitzen duten hori, oso polita da Zientzia Politikoetako fakultateetan aztertzeko, baina eguneroko lanean oso gaitza izaten da, eta gobernu batek lasaitasuna eskatzen du. Egia da lasaitasun hori modu askotara lor daitekeela: gobernu koalizio batekin, edo, legealdirako akordio batekin, gauza batzuk adostuta eta desadostasunak zeintzuk diren zehaztuta.

Aukera guztiak zabalik daudela esan duzue behin eta berriro, baina jakitun zarete hauteskundeen aurretik gehien-gehienek ia ziurtzat ematen zutela ituna PSE-EErekin.

Nik badakit kanpotik aukera hori oso erraz ikusten dela, baina kontuan hartu behar da PSE-EEren egoera oso berezia dela, are gehiago azken egunotan gertatutakoaren ostean [PSOEren zuzendaritzaren 17 kideren dimisioaz ari da]. Sarritan, PSE-EEri ez zaio erraza egiten gurekin akordioak sinatzea, batek baino gehiagok, eta hori guk hurretik bizi izan dugu, ez duelako ondo ikusten, eta, gainera, uste dute haien gainbehera gurekin akordioak egin izanaren ondorio dela. Nik esan dut duela urtebete PSE-EErekin lortu genuen akordioa onuragarria izan dela eta berriro sinatuko nukeela, baina ez dakit akordio hura eraman daitekeen orain daukagun egoerara. Benetan, aukerak oso zabalik ikusten ditugu.

PSE-EEren kanpainaren oinarria izan da bere burua aurkeztea agenda subiranistaren kontrako berme gisa. Horrek ez du zailtzen akordioa?

Seguru asko, horrelako gauzak akordiotik kanpo geldituko lirateke. Dena dela, bederatzi legebiltzarkide atera duenak 29 [28, azken zenbaketan] atera dituenari esatea eurek eramango dutela herritarren iritzia, ausardia handia da. Zer ari dira esaten, guk ez dakigula guri botoa eman diguten ia 400.000 herritar horiek zer nahi duten? PSE-EEk badaki gu abertzaleak garela eta estatus berri baten bila goazela, ez orain, aspalditik baizik. Beste harreman bat behar dugu [Espainiako] Estatuarekin, eta badakit sozialistek ez dutela hori ikusten, baina lehenbizi herriari galdetu beharko liokete eta ikusi benetan gehiengoak zer dioen: eurek proposatzen dutena, edo Legebiltzarrean gehiengo oso handia osatzen duten hiru alderdiek defendatzen dutena.

Andoni Ortuzarrek BERRIAri emandako elkarrizketan «herri akordio handiak» egitearen egokitasuna nabarmendu zuen, eta emaitzak baloratzerakoan berriro aipatu zuen ideia hori. Gobernabidea eta herri akordio horiek esparru independenteak dira? Batekin gobernu ituna egiteak ez du zailtzen bestearekin herri akordioa sinatzea?

Nik ez nituzke lotuko. Gerta liteke alderdi berarekin gobernu ituna egitea eta horrelako akordio bat ere sinatzea, edo ez. EH Bildurekin gobernu ituna lortuko bagenu ere, argi dago Elkarrekin Podemos eta PSE-EE ere sartu beharko liratekeela akordio handi horretan; eta PSE-EE baldin bada legealdirako babesa ematen diguna, berdin. Gobernu sendoa osatu eta bermatzeko formulak ezin dio aterik itxi beste gai batzuetan akordioak lortzeari.

Hauteskunde kanpaina honetan inoiz baino gutxiago hitz egin da bake eta elkarbizitzaz.

Egia da hori. Baina, hala ere, oso gai garrantzitsua dela uste dut. Guk kanpaina honetan beharbada gehiago hitz egin dugu ekonomiaz, lanaz eta abarrez, eta gainera jendeak hori eskatzen zigun, baina uste dut hori lotuta dagoela elkarbizitzarekin. Nik ezin ditut bata eta bestea aldendu. Ni ziur nago hurrengo legealdian urratsak egingo ditugula arlo horretan. PPtik ez dut askorik espero, baina uste dut sozialistek horretan sartu beharko dutela. Ez dut inoiz ulertu zergatik utzi zuten Bake eta Bizikidetza Batzordea, eta uste dut gaia berriro hartzeko unea dela.

Agintaldia amaitutakoan, lau urte barru, nolako egoera gustatuko litzaizuke topatzea?

Hasteko, gustatuko litzaidake krisialdi honetatik irten garela eta beste egoera batean gaudela ikustea. Eta gero, nahiko nuke herri honi galdetzeko aukera zehatza dagoela ikustea; egingo dugulako, edo, behintzat, egiteko aukera onartzen zaigulako.

Bi kontu horiez gain, badago aparteko beste zerbait lortzea gustatuko litzaidakeena, eta neurri zehatzekin baino gehiago politika egiteko moldearekin du zerikusia. Orain denok gaude ordezkatuta, ordezkaritza zabalak dira gainera, indar politiko berri bat ere badago, eta gustatuko litzaidake alderdien arteko harremanak normalak izatea, Espainian ematen ari diren ikuskizunetik aldenduta.

Espainiako egoera aipatu duzunez, nola ikusten duzue hori gaur egun? Zuen burua Espainiako Gobernua osatzeko ahalegin horietatik kanpo kokatzen duzue?

Eragiteko aukera askorik ez dugu, euren sokakoak ez garelako eta, normalean, horrelakoetan ez dugulako parte hartzen. Hemengo alderdi legez ikusten gaituzte, eta horrelakoetarako ez gaituzte kontuan hartzen. Bestalde, bost diputatu baino ez ditugu; egoera batzuetan garrantzitsuak izan daitezke, baina bost baino ez dira.

Espainiako egoerari dagokionez, zorionez guk horretan ez dugu zeresanik; hara goaz hemengoa defendatzera, ez eurena konpontzera. Hala ere, egoerak ez nau pozten: PPkoek denbora gehiago ematen dute epaitegietan lanean baino, eta PSOE, alderdi historikoa, zelan jausi den ikustea ez da pozgarria.

Abenduan hauteskundeak egingo dira berriro?

Igandean banituen apostu bi eginda, afari bat ezetz hauteskundeak berriro egin, eta geroago beste bi onartu ditut, baina ez daukat daturik edo ziurtasunik hala izango dela pentsatzeko. Ikusiko dugu PSOEn sortu den korapiloak eramango ote duen abstentziora edo ezezkoari tinko eutsiko dioten. Baina berriro hauteskundeak badaude, non geldituko da Alderdi Sozialista? PPren eta Podemosen arteko polarizazioa ikaragarria izango litzateke, eta horrek hemen ere eragina izango luke.

Non ikusten duzu Katalunia lau urte barru?

Ez dakit. Katalanek urtebeteko epea jarri dute orain, oso sendoa, eta badute gehiengo bat hori aurrera ateratzeko, baina ikusi beharko da tarte horretan Madrilen nor egongo den gobernuan. Eta oso garrantzitsua izango da Alderdi Sozialista zelan gelditzen den ere, beharbada PSCren jarrerak eragin dezakeelako beste jarrera bat Madrilen. En Comu Podemek ere zer jarrera hartuko duen ikusteko dago; gauza bat delako Diadaren manifestaziora joatea edo erabakitzeko eskubidearen alde agertzea, eta beste bat oso desberdina mugimendu independentistarekin bat egitea.

Berezia izango da aurtengo Alderdi Eguna?

Aukera baliatuko dugu ospatzeko eta alderdikideei eskerrak emateko, baina gure jendeari lasaitasun mezu bat ere eman nahi diogu: emaitzak onak izan dira, baina orain horien kudeaketa ona egin behar da, besteekin egin ere. Herri hau askotarikoa da, eta erantzukizunez jokatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.