Elkartasun oldea areagotzen

Nafarroako gizarte, politika, kultura eta sindikalismo arloko 50 eragilek bat egin dute etzi Altsasuko auzipetuen alde Iruñean egingo den manifestazioarekin. Gazteak aske uzteko eskatu dute agirian
Nafarroako 50 eragileak, atzo, Iruñean, Katakrak-en egindako agerraldi jendetsuan.
Nafarroako 50 eragileak, atzo, Iruñean, Katakrak-en egindako agerraldi jendetsuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Joxerra Senar -

2018ko ekainak 14
Ezohiko erabaki judizialei, ezohiko erantzuna. Bihar bi aste beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auziko zortzi gaztetatik zazpiri bederatzi eta hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zienetik. Urte eta erdi horretan, Euskal Herrian sumin handia piztu du auziak, baina epaia kaleratu geroztik hartutako erabakiek —zigorrak zein lau gazteren atxiloketak— areagotu besterik ez dute egin. Hala, Altsasuko Gurasoek etziko deitutako manifestazioa babes zabala jasotzen ari da, eta atzo Nafarroako gizarte, politika, sindikalismo eta kultura arloko 50 eragilek bat egin dute deialdiarekin. Apirilaren 14ko manifestazioa Iruñean izan den handienetakoa izan zen, baina etzikoak hura gainditu dezake. Elkartasun oldea areagotzea dute helburu.

Atzo, Iruñeko Katakrak liburu dendan agerraldi jendetsua egin zuten, larunbateko manifestazio horren berri emateko eta eragileen agiri bateratua aurkezteko. Altsasuko auzipetuen gurasoen alboan, babes eta elkartasun hori irudikatu nahi izan zuten. Bertan ziren, adibidez, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdietako ordezkariak: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra, baita Ahal Dugu-ko sektore kritikoak ere (Orain Mugituz taldea). Iruñeko Udaleko Aranzadi taldea ere agerraldian izan zen.

Gazte mugimenduko ordezkariek ere babestu zuten agiria: Ernai, Gazteak Bai, Gazte Abertzaleak, Gazte Komunistak, Nafarroako Gazte Kontseilua. Horrez gain, ELA, LAB, Steilas, CGT, Nafarroako EHNE eta ESK sindikatuek ere sinatu zuten agiria.

Halaber, gizarte mugimendu ugarik bat egin zuten agiriaren edukiarekin eta deialdiarekin: hala nola Sodepaz, Internazionalistak Auzolanean, Orreaga fundazioa, Sanfermin 78 Gogoan elkartea, Ahaztuak, Memoriaren Bidea, Etxerat, Sare, Zabaldi, Herria Eliza, Iruñerriko Bilgune Feminista, AHT Gelditu, Sare Antifaxista, Mugarik Gabe, Sasoian, Attac, Parlamentu Soziala, Barañaingo Haizea Kultur Elkartea, Larrain helduen elkartea, Mugarik Gabe, AEK-ko irakasleak, Ikako irakasleak, Iruñeko Peñen Federazioa, Memoriaren Autobusa, Kontuz, Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma...

Manifestuan, 50 eragileek gogora ekarri dute ekainaren 1ean kaleratu zuela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak sententzia, eta bertan, guztira 76 urteko espetxe zigorra ezarri zitzaiela zortzi gazteei. Epaimahaiak, azkenik, terrorismo akusazioa frogatutzat eman ez bazuen ere, lesio delituak, autoritateari atentatu egitea, desorden publikoak eta mehatxuak egitea leporatu zien zortzi gazteei. Hala, bi eta hamahiru urte bitarteko zigorrak ezarri zizkien.

Agiriaren edukia

Hori dela eta, agirian bi elementu ezohiko azpimarratu dituzte. Batetik, oraindik ez da irmoa epaia. Defentsek helegitea aurkeztuko dute. Hartara, egotzitako delituetatik bakar batek ere bost urteko zigorra gainditzen ez duenez, jurisprudentzian erabat onartua dago ez dagoela zertan zigortuak espetxera bidali.

Alta, iragan astean, Guardia Zibilak operazio bat egin zuen Altsasun. Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Aratz Urruzola atxilotu eta Madrilera eraman zituen. Bertan, Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak lau gazteak espetxeratzeko agindua eman zuen, fiskalaren eskariarekin bat eginez. Fiskaltzak argudiatu zuen ihes egiteko arriskua zegoela. Hori dela eta, eragileek gaitzetsi dute erabaki judizial hori: «Behin baino gehiagotan erakutsi dute ez zutela ihes egiteko asmorik, hainbatetan euren burua epaitegietan eta epaiketan aurkeztu baitute».

Bestalde, 2016ko azarotik espetxean jarraitzen dute Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok. Agiriak ohartarazten du urte bat eta zazpi hilabete daramatela preso Euskal Herritik urrun diren espetxeetan, eta ia denbora guztia Fies erregimen berezian egin dutela, bakartuta. Iragan astean jakinarazi zuten Altsasuko Gurasoek Oihan Arnanzi Fies erregimena kendu ziotela eta bide beretik joango zirela beste biak. Hala ere, agiriak uste du gazteoi eta euren familiei «kalte fisiko, psikiko eta ekonomiko handia» egin zaiela.

«Ez dugu epaia onartzen»

Agiria sinatu duten eragileek gaitzetsi egin dute «estatu demokratikoa gidatu behar duten oinarrizko eskubideen defentsarik» ez dela izan auzi honetan. «Ez dugu epai hori onartzen epaiketa osoan izan den proportzio faltaren ondorioz». Auziaren hasieratik, akusazioak zein epaile instruktoreak terrorismo akusazioarekin lotu zuten auzia, eta erabaki hori erabakigarria izan zen Auzitegi Nazionalak iker zitzan gertaerak eta bertan epaitu zedin.

Agiriak gogora ekartzen duenez, hor dago gakoetako bat. Izan ere, epaiak terrorismo kalifikazioa bertan behera utzi badu ere, akusazio horretan oinarritu zen Auzitegi Nazionala auziaren eskumena bere gain hartzeko eta Nafarroako lurralde auzitegiari kentzeko. «Kasua bere egin zuen eta Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen», agiriaren arabera. Nafarroako epaitegian egin izan balitz ikerketa, epaiketa eta sententzia bestelakoa izango zela uste dute eragileek.

Horregatik guztiagatik, eragileek errefusatu egin dute gazteei badaezpadako espetxealdia ezartzea, «legezko arrazoirik ez baitago». Era berean, zazpi gazteak berehala aske uzteko eskatu dute, «bitarteko judizial guztiak agortu arte». Agiriak gogoratzen du auzi horretan presio politikoak eta mediatikoak «neurriz gaindiko zigorrak» eta «muturreko egoerak» eragin dituela. Izan ere, antzeko ezaugarriak dituzten beste 9.500 kasu izan dira, eta bakar batean ere ez da halako zigorrik ezarri.

Horregatik, larunbateko manifestazioarekin bat egin dute, «elkarbizitzaren, giza eskubideen eta kalitate demokratikoen alde». Herritarrei parte hartzera dei egin diete.

Solana manifestazioan

Aurretik iragarri bezala, Nafarroako Gobernuak deialdiarekin bat egin du. Maria Solana gobernuko eleduna izango da bertan. Maria Solanaren arabera, gobernuak hala erabaki du Altsasuko auziaren inguruan azken hilabeteetan izan duen jarrerarekiko koherentziari eutsiz. «Eskatzen dugu neurritasuna eta justizia kasu honetan zein gainerako guztietan», azaldu zuen. Solanak espero du manifestazioa «jendetsua eta baketsua» izatea. «Hori da aldarrikapena entzunarazteko modua, horregatik antolatu da manifestazioa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna