SERIEA. Kolonbiako bake prozesua (V). Biktimak.

Gerrako bi aldeak, oinazearen aurrean

Aurreko bake prozesuetan ez bezala, orain indarkeria jasan dutenak entzun dituzte; Habanako negoziazioetan izan dira. FARCen, paramilitarren eta estatuaren biktimak erdigunean jarrita, erreparaziorako atea ireki da.
El Salado herrian hildakoen aldeko ekitaldia. Paramilitarrek 50 lagun hil zituzten 2000. urtean han.
El Salado herrian hildakoen aldeko ekitaldia. Paramilitarrek 50 lagun hil zituzten 2000. urtean han. RICARDO MALDONADO/EFE

Adrian Garcia, Berriemaile berezia -

2016ko urriak 1
Habanakoaren aurretik izan dira bake prozesuak Kolonbian. Guztiak antzuak. Baina Habanan hasitakoak badu beste desberdintasun nabarmen bat: biktimak. Gatazkaren indarkeria larruan sufritu dituztenen testigantzak entzun dituzte bi aldeek Habanan. Haien ahotsa kontuan hartu dute, eta erreparaziorako mekanismoak martxan jarri dituzte. Bakerako Jurisdikzio Berezia alde batetik, eta Egiaren Batzordea bestetik. Horregatik, biktimen elkarte eta norbanako gehienek babestu dute bake ituna, gertatutakoa ez errepikatzeko neurriak ezarri dituztelako.

Biktima guztien oinazea ez da berdina, halere. Batzuen sufrimenduak ez du etenik. Mende erdian milaka eta milaka pertsona desagerrarazi dituzte Kolonbian, eta haien arrastorik ez da. Gorpurik gabe, ez dago deliturik, ezta justiziarik ere. Senideek, emakumeak batez ere, ia bizitza osoa ematen dute desagertutakoen bila. Hurkoa lurperatu ezin duenak ez du dolua egiterik. Ezta lasai bizitzerik.

1960ko hamarkadakoak dira lehen desagerrarazteak, baina 1970etik aurrera hasi ziren ohikoak egiten. Asfaddes Desagerrarazitakoen Senitartekoen Elkartea 1982. urtean sortu zuten, hamahiru ikasle desagerrarazi zituztenean. BERRIA Gloria Gomez elkarteko idazkari nagusiarekin izan da. Bi anaia desagerrarazi zizkioten: Leonardo, 1983an, eta Luis Miguel, 1988an. 30 urte daramatza haien bila, baina ez zaio gustatzen biktima gisa izendatua izatea: «Ni ez naiz biktima bat. Izugarrikeria honi eutsi diot, eta onik atera naiz».

«Latinoamerikan hedatutako jazarpen modu bat da desagerraraztea, eskubide eta berme faltagatik indartzen hasitako mugimendu sozialak deuseztatzeko», dio Gomezek. Hasieran ekintzaile politikoak zituzten helburu. Ondoren ekin zieten bereizketarik gabeko desagerrarazteei, «lurraldeen gaineko kontrola bermatzeko eta izua zabaltzeko».

Pueblo Belloko nekazarien kasua da horietako bat, Antioquian. 1990ean 43 nekazari desagerrarazi zituzten. Beltzez jantzitako gizonak herrian sartu, eta gizon guztiak eraman zituzten. «Emakumeok sufritu dugu gehien, baina erresistitzeko gaitasun handiena ere guk daukagu». Gogorra da senideen egunerokoa, familiaz arduratzeaz gain desagertutakoa bilatu behar dute eta. «Ezintasun handia da. Baina egunero egiten dugu zerbait haiek bilatzeko». Ahanztura eta zigorgabetasunaren aurkako borroka da haiena.

Kolonbian 45.000 pertsona baino gehiago desagerrarazi dituztela uste da. «Kolonbian ezin da ezer zenbatu. Fiskaltzak bost datu base ditu, Defentsa Ministroak bere datuak ditu, eta Biktimen Unitateak ere bereak. Ez dira ados jartzen».

Estatuaren erantzukizuna

Gomezen hitzetan, estatua da desagerrarazteen «erantzule nagusia»: «Ekintza zuzenengatik, zeharkakoengatik, herritarrei segurtasuna ez bermatzeagatik, ez ikertzeagatik eta desagertuak ez bilatzeagatik». Paramilitarrek desagerrarazi dute pertsona gehien, estatuarekin elkarlanean. «Frogak eta lekukoak ditugu». Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak eta Nazio Batuen Erakundeak kondenatu izan dute horregatik Kolonbia. Indarkeria zurrunbilo horretan, gerrillek ere egin dituzte desagerrarazteak.

Paramilitar asko kartzela zigor arinak jasota atera dira kalera. «Ez dute, gainera, informaziorik eman bilaketarako». Zigorgabetasun osoz jokatu dutela salatu du Gomezek. AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak talde paramilitarreko hiru kide gonbidatu zituzten Kongresura 2004an. «Gizarte hau amnesikoa da. Borreroekin otzan jokatzen du, eta sufritu duena kondenatzen du».

Habanan, ordea, berezia izan zen. Inoiz ez bezalakoa. «Negoziazio mahaiaren abiapuntua biktimei entzutea izan zen. Ikusi eta sentitu gintuzten. Eta aintzat hartu». Milaka biktimak pentsatzen zutena adierazi zuten; izan ere, 60 biktimaren ordezkaritza batek bidaiatu zuen Habanara: FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadaren, paramilitarren, eta estatu krimenen biktimak. Gomez zen tartean. «Bi aldeei kontatu genien gure oinazea, eta gure erresistentzia. Eta erantzukizunak eskatu genizkien». Horixe da prozesuaren berezitasuna. «Gatazkaren bi aldeek ikusi gintuzten. Eragin ziguten mina ikusi zuten. Eta oso garrantzitsua izan zen hori guretzako», dio hunkituta. Humberto de la Calle gobernuaren negoziatzaileak berak onartu zuen prozesuaren zatirik zailena biktimei entzutea izan zela.

Desagerrarazitakoen senideek jakin egin nahi dute. «Non daude gure gertukoak?» Bake itunak esperantzarako atea ireki die, gorpuak bilatzeko mekanismoak ezartzen baititu. DNA datu base bat eratzea aurreikusi dute, gorputegietako datuekin erkatzeko. «Gorpuen %80 inguru udal hilerrietan daude».

Angela Giraldo ere Habanan izan zen. Gatazkaren biktima da, baina, beste aldekoa. Valle del Caucako diputatuetako baten arreba da. FARCen komando bat departamenduko legebiltzarrean sartu zen, armadako uniformez jantzita, eta hamabi diputatu bahitu zituen. Bost urtez atxiki zituen, 2002tik 2007ra. Hamabi horietatik 11 hil zituen, beste talde armatu bat gatibuak zeuzkan kanpalekuan sartzean. Francisco Giraldo zen horietako bat.

«Justizia ezin da izan prozesuak aurrera jarraitzeko traba», dio haren arrebak. Horregatik sortuko dute Bakerako Jurisdikzio Berezia. Halere, delitu larrienak egin dituztenei ez diete amnistia ezarriko. «Nire kasuan, adibidez. Nire anaia bost urte eta erdiz baldintza penagarrietan atxiki zuten, eta bizkarrez tiro egin zioten». Delitu horiek auzitegi berezietan epaituko dituzte. Hilketen egileak krimena onartuz gero, bost eta zortzi urte arteko «askatasun murrizketa» izango luke. Kartzela zigorrik ez. «Biktima moduan, nik nahiko nukeen justizia gogorragoa izatea. Baina ulertzen dut nire anaiaren memoria duintzeko erarik onena hau berriro ez gertatzea dela». Errudunak biktimari erreparazioa eman beharko dio, egia kontatu, eta ez errepikatzeko konpromisoa hartu. Giraldo jakitun da mugatua izango dela justizia. «FARCek esan du dirurik ez duela, eta norberaren egia subjektiboa da. Espero dut estatuak bermatzea ez errepikatzea, eta FARCek armak uztea eta desmobilizatzea». Muga horiek onartzen ditu Giraldok. «Ez da erabateko justizia, baina helburu gorena lortzeko balio du: hurrengo belaunaldiak gatazkarik gabe bizitzea». Baiezkoaren aldeko botoa emango du bihar.

FARCen aitortza

Beste biktimekin batera, haren esperientziaren berri eman zien gatazkako aldeei. «Horrenbeste urtetako gatazkan gizatasuna galdu dute, eta asko eragin zien gure lekukotzak». Biktimei esker lortu zen, neurri batean, bake ituna, haiek exijitu baitzieten bi aldeetako negoziatzaileei mahaitik ez altxatzea akordioa erdietsi artean.

Beste bigarren aldi batean ere izan zen Kuban. Irailaren 11n, aurrez aurre bildu zen FARCeko delegazioarekin. Gerrillak bahituak izan ziren hamabi diputatuen senideei dei egin zien. «Erantzukizunak hartu zituen senideen aurrean. Pablo Catatumbo komandanteak esan zuen diputatuak euren eskuetan zeudela, eta hil egin zituztela. Erakundearen gertaerarik lotsagarriena izan zela ere esan zuen, eta ez zuela inoiz gertatu behar».

Giraldori, beste biktimei bezala, on egin zien aitortza horrek. FARCek lau urteetan diskurtsoa moldatu duela dio. «Hasieran esaten zuten haiek ez zituztela biktimak eragin, sistema politikoak behartu zituela ekintza horiek egitera». Oraingo aitortzak sufrikarioa arindu dio Giraldori: «Gure senideek ez zituzten armak erabiltzen ideiak defendatzeko. Erreparazio mota bat da gaizki egin zutela onartzea».

FARCi barkatu diola dio. «Maila askotako barkamenak daude. Bizitzen jarraitzeko, eta samindura atzean uzteko beharrezkoa da barkamena. Ez dut utziko niri min egin zidatenek nire bizitza hondatzea gorrotoarengatik». Halere, espero du «zigor minimo» batzuk ezartzea.

Era berean, keinu garrantzitsua iruditzen zaio Giraldori FARCeko buru Rodrigo Londoño Timochenko-k barkamena eskatzea jendaurrean. «Barkamena eskatzeak inplizituki esan nahi du onartzea zerbait gaizki egin duzula. Bost axola zait damutzen diren edo ez. Onartu dute oker jokatu zutela, eta gizarteari min egin ziotela».

Genozidio politikoa

Alderdi Komunistaren egoitzatik ateratzen den guztietan bizkartzainak jarraitzen dio Luis Alfonso Castillori. «Oso indartsuak dira indar paramilitarrak. Elkarrizketa prozesua ez da nahikoa izan talde horiek desegiteko». Eskuin muturraren bortizkeriaren lekuko izan da Castillo; 1984ko bake akordioen ondotik, UP Union Patriotica ezkerreko fronte zabala sortu zuten. Castillok bertan parte hartu zuen, Alderdi Komunistako kide gisa. Baina hilketa selektiboen bitartez, UP deuseztatu egin zuten; 3.000 kide baino gehiago hil zituzten genozidio politiko hartan.

Biktima gisa, akordioaren alde dago Castillo, krimenen egileak epaituko dituzten auzitegi bereziak sortuko dituzte eta. Halere, onartzen du ituna ez dela «osoa». «Auzitegiek ez dituzte epaituko erantzule gorenak. Hau da: ekintza jakin baten erantzuleak auzipetuko dituzte bakarrik. Gizarteak egin beharreko sakrifizioa da, gerra amaitzeko».

Juan Manuel Santosek onartu zuen UPren militanteen eta politikarien aurkako deuseztatzea egon zela. Haatik, presidentearen adierazpenak ez zuen Castillo erabat gogobete. «Eragin mediatiko handiagoa izango zuela espero nuen. Egun batetik bestera antolatu zuten ekitaldi bat izan da».

Aitortza oro eskertzekoa dela dio, hala ere, politikariak. Baina UPren kontrako sarraskiak izan zuen ondorioa jendaurrean onartu behar delakoan dago: «Gizartean kalte izugarria eragin zuen, pistolen bidez oposizio politikoaren espazio demokratikoa deuseztatu baitzuten». Diputatuak, senatariak, alkateak, zinegotziak... «Genozidioak dena eraman zuen».

Oroimenari traizio egin gabe, Kolonbiak bizi duen «garai historikoan» aurrera begiratzearen alde dago politikari komunista. «Demokrazian sakontzeko, herrialde hau eraiki behar dugu. Ezin gara iraganean geratu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna