Aurten Gipuzkoan 3.000 lanpostu galduko direla aurreikusi du Adegik

Enpresek euren jardunarekin jarraitu ahal izateko, kreditua emateko deia egin die patronalak erakundeei

Maite Alustiza.
Donostia
2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Uste baino okerragoa» izan da 2012. urtea Gipuzkoako enpresentzat, eta aurten oraindik badirudi urrun dagoela krisitik irteteko bidea. Hala erakusten dute Adegi patronalak enpresaburuen artean egin berri duen inkestako datuek. Aurten lurraldean 3.000 lanpostu galduko direla aurreikusi dute, eta martxoan 52.000 langabeen langa igaroko da. Horrek esan nahi du krisia hasi zenean baino 30.000 lagun gehiago egongo direla lanik gabe.

Patronalak atzo plazaratu zituen inkestaren emaitzak, eta, horietan bildu duenez, soilik enpresaburuen %7,3k espero dute aurten lantaldea handitzea. Gehiengoak lantaldeari eusteko asmoa du (%71,3), eta %21,4k uste dute langile gutxiagorekin jarraitu beharko dutela. Itxaropenerako tarte handirik ez da geratzen, iazko testuingurua kontuan hartuz gero: 531 enpresa desagertu ziren, 2011n baino %62 gehiago, eta,ondorioz, 6.000 lagunek galdu zuten euren lanpostua —urte amaieran langabezia tasa %12,5ekoa zen lurraldean, INEren arabera—. Zenbakiak are txarragoak dira krisi hasieratik hona: 2.000 enpresa eta 27.000 lanpostu galdu dira.

Azken hamabi hilabeteetako panoramak gehiago du ilunetik argitik baino. Eskaerek jaisten jarraitzen dute, batez besteko fakturazioa %3,3 gutxitu da azken hiruhilekoan eta 2009tik lehenengoz nazioarteko merkatuaren salmentan ere jaitsi egin dira. Inbertsiora bideratutako kopurua ere beherantz doa: iaz enpresen %41,5ek gutxitu egin zuten inbertsiorako aurrekontua.

Finantzaketarik eza da, Adegiren ustez, enpresek egun duten arazo nagusietako bat. «Badaude eskaerak dituzten enpresak, baina horiek ekoizteko materiala erosteko krediturik ez dutenak», azaldu du Pello Gibelalde Adegiko presidenteak. Hori dela eta, «presazko irtenbidea» eskatu die finantza erakundeei: ahal duten kreditu gehien eman diezaietela enpresei.

Enpresaburuen elkarteak behar-beharrezkotzat jo du lehiakorra izatea enpresek euren etorkizuna bermatu ahal izateko. Hori, ordea, «arazo larria» zen Gipuzkoako enpresentzat krisia hasi baino lehen ere: «Aspaldi konturatu ginen lehiakortasuna galtzen ari ginela, eta, lehiakorra izan ezean enpresa gehiago galduko dira», ohartarazi du Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusiak.

Lehiakortasun hori berreskuratu ahal izateko, bi baldintza aipatu ditu Gibelaldek: lan kostuei eustea eta ekoizpena hobetzea. Haren arabera, Europako beste herrialde batzuen lan kostuen «oso goitik» daude, eta kostu horiek igotzeak eragina du lehiakortasunaren galeran. Alemaniako kasua jarri du adibide gisa: azken 15 urteetan Alemanian baino %20 gehiago igo dira Gipuzkoan. Adegik jaso duenez, prezio hobeak eskaintzen dituzten enpresekin ezin lehiatu dabiltza Gipuzkoakoak: Austriako enpresekin, Finlandiakoekin, Italiakoekin, Frantziakoekin, eta baita Asiakoekin ere. Industria ekoizpenaren aldetik ere nabarmena izan da galera azken urteetan: Gipuzkoako enpresek duela hamalau urte ekoizten zuten kopuru berdina ekoizten dute orain.

Lurraldeko langileen %85 sektore pribatuan ari direla bildu du Adegik; horietatik gehienak familia enpresak dira, eta enpresen %94tan hamar langile baino gutxiago dituzte. Guztientzat krisiaren irtenbidea noiz helduko den jakitea «zaila» da; ziurtasunik eza da nagusi. «Dagoeneko sei urte dira krisia hasi zenetik, eta nahi baino gehiago ari da irauten», adierazi du Gibelaldek.

Akordioen beharra

Enpresen eta ekonomiaren suspertzea posible izan dadin, enpresaburuen eta langileen arteko akordioak beharrezkoak direla argi du patronaleko presidenteak: «Hori lortzeko beharrezkoa da akordioa ekarriko duten baldintzak sortzea». Ez du uste, baina, alde guztiak horretarako prest daudenik. Hitzarmen kolektiboen gaiari eutsi dio, eta bereziki aipatu du metalgintza arloko ituna. Argitu du hainbatek ez duela egia esaten Adegik egin duen proposamenaren inguruan, eta ziurtatu du euren nahia soldatei eta lanaldiari eustea dela. Patronalak dio itun horrekin Gipuzkoako langileek Arabakoek baino %32 gehiago kobratuko luketela, eta Bizkaikoek baino %24 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.