Arsene Wenger

Iraultzailea izan da

Egungo futbol moldeak irentsi egin du Arsene Wenger. Beste pentsamolde batekoa da, eta orain ez daude modan halakoak. Ingalaterrako futbola irauli zuenak 22 urte egin ditu Arsenalen.

RUI VIEIRA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Gupidarik ez du futbolaren inguruan mugitzen den makina erraldoiak. Dena irensten du diruak, negozioak, eta bihar irabazle izatea berandu iruditzen zaion zurrunbilo eroak. Ez dago iraganik. Ez du neurtzen kirol honi egindako ekarpena, sekulakoa eta oso baliagarria izanda ere. Ez bazaio konplize, paretik kentzen du ekarpen hori egin duena. Atzokoa zaharra iruditzen zaio, eta herenegungoa zuri-beltzeko, beste garai bateko kontu garrantzirik gabea.

Negozioak bizpahiru lehiaketa aukeratu ditu garrantzizkotzat, eta inportantzia kendu die atzo sekulako balioa zeukaten hainbat irabazteari. Berdin zaio baztertu duen hori munduko lehiaketarik zaharrenetakoa bada ere. Adibidez, gaur egun ez dauka batere xarmarik Ingalaterran FA kopa mitikoa irabazteak. Erabakita dago garaipen horri leku txikia ematea hedabideetan, eta ia Interneten begiratu beharra dago jakiteko Arsenalek hirutan irabazi duela txapelketa hori azken bost urteetan.

Futbolaren negozioak eta zurrunbilo eroak aspaldi jarri zien gurutzea Arsene Wengerri, Arsenaleko entrenatzaile mitikoari: zaharkitu eta galtzaile. Eta mundu guztira hedatua dago uste hori. Ia-ia zuri-beltzeko garaietako entrenatzaile bilakatu du; ez du onartzen gaur egungo futbolaren kide gisa, frantziarra beste balio batzuk sustatu zalea baita. Enbarazu egingo balio bezala mundu osoan ideia bat eta bakarra zabaldu duen asmo globalitzaileari.

Ez da komeni nabarmentzea 22 urtez izan dela Arsenaleko entrenatzaile. Ez dago modan hori. Entrenatzaileak bata bestearen atzetik irensten dituen makineria beldurgarriari kableak etetea litzateke Wengerren lan luze eta eskerga loratzea. Garai zaharreko kontuak dira horiek.

Nola hasiko da, bada, gaur egungo futbolaren makina nabarmentzen emaitzaz harago lan luzeen aldekoa den filosofia? Hori ere izan baita Wenger. Emaitzak bai, baina emaitzarik onena su baxuan egindako garaipen gozoa, bidean jarririk garrantzia, bidea bera helburutzat hartuz. Beste norabide batean doa, baina, futbola: helburua irabaztea da, eta libre da helburua lortzeko edozer egitea.

Wengerrek Ingalaterrako futbola bere filosofiara egokitu zuen. 1996an, Arsenelek fitxatu zuenean, bi gauza aldatzen hasi zen, beste guztien gainetik: jokatzeko modua eta jokalarien elikadura. Garai hartan, aspergarria zen Londres iparraldeko taldearen jokoa, eta boring, boring Arsenal deitzen zitzaion: «zeinen aspergarria zaren, Arsenal». Wengerrek irauli egin zuen hori, eta erabat berritzailea izan zen Ingalaterran. Elikadurari ere aparteko garrantzia eman zion, eta futbolerako desegokiak ziren jateko ohiturak aldatu zituen.

Iraultzak garaipenak ere eskuratu zituen, eta bat dago besteen gainetik: 2003-04 denboraldiko Premier League lehiaketa, Ingalaterrako liga. Wenger gidari zuen Arsenalek batere partidarik gabe lortu zuen. Talde hartako jokalarien zerrenda hartzen bada, entrenatzaile frantziarraren beste ezaugarri batek hartzen du indarra: jokalari ezezagunak edo onenen artera heltzeko bidean galdu zirenak fitxatzeko gaitasuna. Lauren, Freddie Ljunberg, Gilberto Silva brasildarra, Patrick Vieira, Thierry Henry eta Dennis Bergkamp daude, besteak beste, jokalari multzo horretan.

Nekez pentsa daiteke halako egitasmoek lekurik dutenik aberatsen futbolaren elitean. Egin, egin daiteke bide horren aldeko apustua, baina ia ezinezkoa izango du irabazle izatea lehiaketaren batean, diruz lepo hornitutako talde asko baitaude egun elitean. Dirua lepo duten taldeek ez dute fitxatzen bidean erdi galdurik dabilen ustezko izar bat, ezta gazteak ere. Wengerrek bai, eta, urte luze hauetan bereari eutsi dionez, futbolaren negoziotik urrun, bazterrean geratu da. Egungo futbolak ezin ditu modan jarri pentsaera horretako pertsonak.

Erretreta ala jarraitu?

Jokalari gazte askoren sortzaile izan denak adio esan dio Arsenali, eta ikusteko dago aulkiei ere agur esango ote dien. «Futbolari lotuta jarraitu nahi dut; menpekotasuna dut, eta menpekotasun horrek ez du sendabiderik», esan du. Haren atzetik omen dabil Everton, baina Wengerrek ba al du lekurik egungo futbolean? Utziko al liokete beste inon Arsenalen bezala iraupen luzeko lana egiten? Agian erretreta hartzea luke onena; bestela, beste hitz itsusi batzuk gehituko dizkiote bizkarrean jarri dizkioten zaharkitu eta galtzaile adjektiboei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.