Zubizarretak eta Macarrok irabazi dute Leitzako EHME

Unai Ugartemendia.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ez dira ezezagunak gehienentzat Raul Macarro eta Izaskun Zubizarreta. Macarrok Euskal Herriko Ultratrail Txapelketa irabazi zuen iaz, eta jende askorentzat Macarro zen irabazteko hautagai nagusia, Iker Karrerak parte hartzea erabaki zuen arte. Izaskun Zubizarreta, berriz, bigarren gaztealdia bizitzen ari dela erakusten ari da, baina ez zen irabazteko faboritoa. Biek irabazi zuten, ordea, EHME Euskal Herria Mendi Erronka (67 kilometro, +3.600 metro), larunbatean, Leitzan (Nafarroa).

Postuen dantza izan zen lasterketan, gizonetan batez ere. Macarro bilbotarrari garaipena zaildu zioten aurrena Ugaitz Artolak eta gero Igor Amantegik. Macarro ez zen lasterketaren buruan jarri Ireberreko gainera arte (56. kilometroa).

Igor Amantegi izan zen eguneko ezustea. Irabazteko zorian izan zen urnietarra. Bigarren amaitu zuen azkenean, irabazlearengandik minutu eta hogei segundora. Macarrok 6.59.52ko denbora behar izan zuen helmugan. Lasterketa irabazteko hautagai nagusiak, Iker Karrerak, hirugarren amaitu zuen, irabazlearengandik ia zazpi minutura.

Zubizarreta, hasi eta buka

Emakumeetan Izaskun Zubizarreta izan zen protagonista nagusia. Azken urteetan izandako arazo fisikoak ahaztuta, oraindik ere lehian aritzeko gai dela erakutsi zuen helmugan. Oso erritmo azkarrarekin ekin zion lasterketari, eta hasieratik abantaila hartu zuen. Lehen kontrol gunetik Elena Calvillori eta Uxoa Irigoieni abantaila handia ateratzen ziela pasatu zen. Kilometroak aurrera joan ahala, tartea handitu zuen. Irigoien izan zen atzetik jarraitzeko gaitasun handiena erakutsi zuena. Irigoienek lehen aldia zuen halako distantzia luzean, eta ondo moldatu zen. Calvillok ezin izan zion hirugarren postuari eutsi, aurrea hartu baitzion Silvia Trigueros abadiƱarrak. 8.32.38ko denbora egin zuen Zubizarretak. Lau minutura sartu zen Irigoien, eta ia hamahirura Trigueros.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.