Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bat eta bakarra

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ez dauka erraza harroak. Beldur delako ageri da paparra handi; badakielako, berdinetik berdinera hastera, bestelakoa izango dela lehia. Zer egin orduan? Tolesgabe agertu, ez onartu gaizki egina, sendo ustean ezkutatu ahulguneak, ez aitortu flakeziak. Itxuraren antzea. Susmoa dut hori dela, eta ez besterik, Rajoyren, eta oro har, hagintari askoren gaitza.

Kontua da azken asteetan, trumoi-hotsa Katalunian, Rajoy ez dagoela bakarrik. Hamaika aldakirekin, baina bakarra izan da Espainiatik helarazitako mezua. Harroarena goxo esanda: ez zaitezte joan; denok gara espainolak, elkarrekin bizi gaitezke.

Ez dute pitorik ulertu, ezen zerbait ulertzera, beste era bateko iritziak helduko baitzitzaizkigun tarteka, esango zutenak, konparazio batera, Espainiak ez duela askotasunarena ondo oretzen asmatu. Eta ez Francoren garaian, ezpada 78ko erregimen ustez edonorentzako honetan. Ze, kontuak egitea da: katalanez, galegoz, asturieraz, aragoieraz, euskaraz abesten duten zenbat kantari atera dira berrogei urteotan hedabide espainoletan? Zer erakusten da Espainiako eskoletan «beste espainol horiena»? Zenbat film, zenbat idazle, zenbat antzezlan, zenbat edozer zenbatik gabeko eremu kolore bakarrekoan?

Bestela esanda: Espainiak ez du nahi izan periferia limurtu. Landu duen estatu eredua metropoliarena izan da, elebakarra, harroputza, motza. Aberastasunik ez, agorra. Erosoagoa izan zaio Torquemadarena jotzea ulergaitz zaion horretan erakutsi izan dena bere egitea baino. Alferren gaitza. Xoratu eta bildu beharrean, nork agintzen duen erakutsi. Mendeetako tradizioa izan horretan, eta hortixek. Gurasokeria, gutxiespena, larderia, burla, susmoa beti gazteleraz ematen ez den horrekiko. Nahita egindako hautua, azken beltzean; eguna joan eguna etorri estatu kolpe kultural baten beldurrez hazi da.

Orain, Gregor Samsa baten pare ageri da, gertatu zaiona ezin ulertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.