Ariel Avila. Bakea eta Adiskidetzea fundazioko ikerlaria

«FARCek oso kanpaina txarra egin du»

Herritar gehienentzat politikariak ustelak direla dio, «zeinahi alderditakoak» izanik ere. «Horiek karguari eustea ahalbidetzen du abstentzioak».

JON ARTANO.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Zein dira hauteskunde hauetako gakoak?

Atalase mekanismoak baldintzatzen du Kolonbiako sistema; horixe duzu lehendabiziko gakoa. Alderdi txikiei sarrera oztopatzeko antidotoa da atalase hori, botoen %3 atera beharra baitago ordezkaritza lortzeko. Zentro-ezkerreko eta ezkerreko alderdiek ez dute samurra izango langa gainditzea. Bigarren gakoa eskuineko alderdien hazkundean dago. Haziko direla badakigu; baina zenbat? Hirugarren gakoa gobernuan egon ziren alderdiak zenbat hustuko diren jakitean datza.

Bake akordioarentzat bigarren plebiszitua izango al da biharkoa?

Bai eskuin muturrak, bai ezkerrak, Gustavo Petroren alderdiak, hori sustatu dute; baita lortu ere. Beste gai zerrenda mahai gainean jartzen saiatu denik ere izan da: ustelkeriaren aurkako borroka, hezkuntza, nazioarteko harremanak… Baina itzalean geratu dira horiek.

Zein aldarte sumatzen diozu herrialdeari?

36 milioi lagunek du botoa emateko eskubidea; horietatik hamabost milioik bozkatuko dute, gutxi gorabehera. Erdiek baino gutxiagok, alegia. Herritar gehienentzat, politikariak, zeinahi alderditakoak, ustelak dira. Jendea etsia hartuta dago. Kontua da hori ez dela txarra alderdi tradizionalentzat, herritar gehienek ez bozkatzeak edo zuri bozkatzeak modua ematen baitie betiko politikari ustel horiei beren kargari eusteko.

Bake akordioaren bigarren atala parte hartze politikoari dagokio «demokrazia indartzeko, alderdi berriak sortu eta debatea aberasteko…». Zenbateraino bete da puntu hori?

Bigarren puntu horretatik ez da ia ezer ere bete: ez da erreforma politikorik egon, kongresuak nahi izan ez zuelako; ez dugu hauteskunde tribunalik; eta ez dute ukitu ez erregistro zibila, ez hauteskunde batzordea. Txiste bat bada Kolonbian hildakoek ere botoa ematen dutela dioena. Hauteskunde iruzurra geratzeko asmoa du akordioaren bigarren puntuak, baina ez da bete. FARCek parte hartzeko eskubidea izan da aitortu duten bakarra, eta hori ere hala moduz.

Zein iritzi duzu FARC alderdiaz?

Lanean ari dira, baina… Panorama oso kaskarra dute, hiru arrazoirengatik: kanpainarako dirua ez zietelako garaiz eman; kanpaina oso txarra egin dutelako; eta gizarteak gorroto handia dielako.

Zertan huts egin dute kanpainan?

Ez dakite politika egiten. Ez dute asmatu planteamenduan. Arrotz zaien iritzi sortzaileen mundu bati hitz egin diote beren oinarriei jardun beharrean. Beren eremu tradizionalak ahaztuxe utzi dituzte, eta hirietan darabilten mezua zaharkitua da oso; 60ko hamarkadako diskurtso batekin ezin duzu gizarte hipster bat konbentzitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.