Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak lanera itzuliko dira astelehenean

Erkorekak adierazi du «era mailakatuan eta antolatuan» egingo dela itzulera. Jaurlaritzak hiru salbuespen ezarri ditu lanera ez itzultzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoak maiatzaren 11n hasiko dira lanean, astelehenean, baldintza batzuen barruan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, lantokietarako itzulera «era antolatuan eta mailakatuan» egingo da, eta segurtasun neurriak oinarritzat hartuta. Hain zuzen, asmoa da lau asteren buruan langile guztiak itzultzea beren postuetara, segurtasun eta higiene neurri guztiak aintzat hartuta. Horretarako jakinarazi du plan bat prestatu duela, eta horrek barnean hartzen duela, batetik, zerbitzu publikoa bermatzea, eta, bestetik, gogoan izatea osasun agintariek birusaren hedapena eragozteko ezarri dituzten jarraibideak. Sindikatuei plana helarazi diela ere adierazi du bozeramaileak, eta atzo goizean bildu zela negoziazio mahaia. Areago, azaldu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publiko osoak ere bilera egin zuela herenegun, guztiek «norabide berean» aurrera egiteko.

Plan horrek zenbait baldintza biltzen ditu, eta baita lanera itzultzean bete beharreko neurriak ere. Erkorekak ohartarazi du «zorrotz» bete beharko direla ezarriko diren baldintzak, eta, batez ere, bi aipatu ditu: «Batetik, saihestu behar da pertsonak pilatzea, eta, bestetik, bi metroko tartea bermatzea bermatu behar da». Nabarmendu du lan arriskuen prebentziorako zerbitzuarekin koordinatu dituztela neurriok, eta etengabe eguneratuko direla, ezartzen den arautegiaren arabera. Are gehiago, jakinarazi du baldintzak betetzea zailagoa den tokietan bitartekoak eskainiko dituztela: maskarak, babeserako bestelako neurriak eta espazioak garbitzeko plan bereziak, esate baterako. Langileei ere gomendioak eman dizkie bozeramaileak: «Lantokitik urrun bizi direnei aholkatzen diegu garraio pribatuan egitea joan-etorriak, eta, ahal izanez gero, garraio publikoaren erabilera murriztea».

Hiru salbuespen daude

Maiatzaren 11n hasiko dira langile publiko batzuk lanean, Eusko Jaurlaritzak %20ra mugatu baitzuen langile publikoen presentzia bere eraikinetan, soilik «behar-beharrezkoak» diren zerbitzu publikoak eskaintzeko asmoarekin. Hala ere, astelehenetik aurrera lanera ez itzultzeko hiru salbuespen zerrendatu ditu Erkorekak. Batetik, COVID-19arekiko zaurgarriak izan daitezkeen pertsonek ez dute izango lanera itzultzeko betebeharra, betiere mediku batek hala zehaztuz gero. Bestetik, langile baten mende 14 urtetik beherako edo menpeko pertsonaren bat egonez gero, lanera ez itzultzeko aukera izango du, baina ziurtatu egin beharko da hala dela. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren telelan programan parte hartzen ari direnek ere etxetik lan egiten jarraitzeko aukera izango dute, sistema guztiak bermatuta edukiz gero, bederen.

Astelehenean hasiko den itzulera mailakatuan, bozeramaileak jakinarazi du aurrez aurreko arreta eskaintzen duten zerbitzuetako langileak izango direla lanera itzultzen azkenekoak. «Administrazio prozedura guztiak aztertzen ari gara; zehaztu nahi dugu ea zer bideratu daitekeen bide telematikotik, administrazioen bulegoetan jende pilaketarik izan ez dadin», nabarmendu du. Hala ere, ohartarazi dubehin itzultzean ahal den lekuetan babes kolektiborako manparak ezarriko direla eta baita gel hidroalkoholikoak ere. Hitzordu sistema bat ere ezartzeko asmoa du Jaurlaritzak, jendea pilatuta egon ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.