Sexu berekoen arteko ezkontzak. Ipar Euskal Herria

Poliki-poliki, baina segurki

Gay eta lesbianen ezkontza eta adopzioari buruzko lege proiektua oztopatzeko xedez, 5.100 zuzenketa aurkeztu ditu eskuinakEztabaida aurrera doa, eta otsailaren 12an bozkatuko dute lege proiektu guztia

Sexu berekoen arteko ezkontza sostengatzeko Baionan urtarrilaren 26an egin zuten manifestazioa. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Alde bat, eztabaida saihestu nahian, lege proiektua ahal bezain laster bozkatzeko; bestea, aldiz, 5.100 zuzenketa pausaturik eta etengabean hitza hartzen, bozketa ahal bezainbat atzeratzeko. Horrela doa aitzina gay eta lesbianentzako ezkontza eta adopzioari buruzko lege proiektuaren bozketa Frantziako Legebiltzarrean. Poliki-poliki, lege proiektuaren bozketa martxan da, eta otsailaren 12an behar lukete guztia bozkatu.

Duela aste bat hasi ziren eztabaidak, eta 23 artikuluetarik bakarrik lau dituzte bozkaturik. Beranta gehiegi ez biltzeko, diputatuek asteburu guztia pasatu behar izan zuten legebiltzarrean. Halakorik ez zen ikusi 2004az geroz, osagarri asurantzari buruzko lege baten bozketaz geroz. Guztira, 22 ordu zituzten pasatu eztabaidatzen, pausarik gabe. Astelehen goizeko saioa ezeztatu zuten, haatik, eta arratsaldean lotu zitzaizkion berriro lanari.

Hala ere, nahiz desadostasun anitz entzun, bozketarako orduan gehiengo argi bat da aldi oroalde agertzen. Alderdi Sozialista, Europe Ecologie, Ezkerreko Alderdi Erradikala eta Ezkerreko Frontea alde kokatu dira, eta Fronte Nazionala, UMP eta zentroko gehienak, aurka. Hastapenetik, «zibilizazioaren atzerakada izugarritzat» daukaten lege proiektu horri ahal bezainbeste oztopo ematen ari dira UMPko diputatuak. Etengabean hitza hartzen, emendakin bakoitza aipatzen, eta araudien oroitarazten, bozketa ahal bezainbat blokeatzeko estrategia dute harturik. Parean, denborarik ez galtzeko, ezkerreko diputatuek oharrei ez erantzuteko hautua egin dute, eta haien Twitter kontuen bidez ari dira adierazpenak egiten.

«Negargarria da oposizioaren joera; eztabaida egotea nahi zuten, baina hor eztabaidaren karikaturan dira», dio Beñat Gachen gay, lesbiana bisexual eta transexualen eskubideen alde egiten duen Les Bascos elkarteko kideak. Atsekabeturik da Colette Capdevielle Ipar Euskal Herriko diputatua ere: «Ikaragarriak dira aurkarien adierazpenak; homofobia sinetsezin batek errimatzen ditu eztabaidak».

Ezkontza «sexu ezberdineko edo bereko bi pertsonaren artekoa» dela dioen lehen artikulua bozkatu zuten larunbat eguerdian, 249 alde eta 97 aurka agerturik. «Historikoa izan da lehen artikuluaren bozketa; une zinez azkarra bizitzen genuela sendi genuen guztiok», Sylviane Alaux Ipar Euskal Herriko diputatuak dioenez. Horrek dakar, beraz, adoptatzeko eskubidea ere, berez Frantziako legediak adopzio eskubidea onartzen dielako bikote ezkonduei. Auzapezei eta kontseilariei ezkontzaren errefusa ekarriko zuen kontzientzia eragozpena ere ez zuten onartu. Hori galdatzen zuten 90 bat zuzenketen aurka agertu ziren 244 diputatu, 101 alde. Ipar Euskal Herriko hamabi auzapez dira gay eta lesbianen ezkontzaren aurka.Horietan da Jean-Michel Camou Oragarreko auzapeza: «Ni kontra naiz, abantaila berdinak ematen zaizkielako homosexualei, eta hori ez dutnahi». Bere axuantei utziko die bikotea ezkontzeko ardura.

Astelehenean, bigarren eta hirugarren artikuluak zituzten bozkatu: 116 alde agertu ziren, eta57 aurka. Gay eta lesbianek adoptaturiko haurraren deiturari buruzko zehaztasunak dakarzkiete bi artikulu horiek. Ezkonlagunaren haurraren adopzioa denean edo bikoteak adoptatzen duenean,baten ala bestearen deitura edo bienak ukaiten ahalko ditu. Orain guraso, aita eta ama hitzei buruz ari dira eztabaidan.

Lasterrago aitzinatzeko, Jean-Jacques Urvoas Legeen batzordeko presidenteak proposaturik, solasaldi denboraren laburtzearen alde bozkatu zuten ezkerreko diputatuek astelehen arratsaldean. UMPkoen haserre gorria eragin zuen horrek. Hain zuzen, haurren deiturari buruz hitz egin beharra zuten 40 bat eskuineko diputatuk. «Aho zinta ezarri nahi digute aurkarioi», zion haserreChristian Jacobek (UMP).

Ugalketa lagundua, zalantzan

Gayen eta lesbianen adopzioari eta ezkontzari buruz adostasun argia agertzen da ezkerrean, bainaugalketa lagunduari buruz desadostasunak sendi dira. Kanpainan, François Hollande presidenteak hitzeman zuen emazte guztientzako ugalketa lagunduaren eskubidearen onarpena. Hastapenean lege proiektu honetan agertu behar bazen ere, azkenean gobernu sozialistak kentzea erabaki zuen. Hori ikusirik, aukera hori dakarren zuzenketa pausatu zuten diputatu sozialista batzuek. Bruno Leroux legebiltzarreko sozialisten presidenteak ezeztatu zuen, segurtatuz familiari buruz martxoan aurkeztu nahi duten lege proiektuan sartuko dela ugalketa lagunduaren gaia.

Emandako hitza berriro zalantzan jarri zuen astelehenean gobernuak, zehaztuz etikari buruzko aholku batzarraren iritziaren beha direla erabakitzeko. «Beldurra» sortzen dio horrek Gacheni: «Kasu hoberenean, erdipurdiko iritzia azalduko du; okerrenean, aurkakoa... Baina hori ez da etikari buruzko gai bat. Berdintasunaz hitz egiten dugu; parlamentariei da legea idaztea, ez batzar horri». 40 bat diputatu sozialista agertu ziren ugalketa lagunduari buruzko zuzenketaren aurka. Ugalketa lagunduaren alde dela azaldu du Capdeviellek; dioenez, diputatu sozialisten gehiengoa ere alde da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.