Katalunia

Kataluniako Gobernua, espetxera

Espainiako Auzitegi Nazionalak kartzelan sartu ditu Junqueras presidenteordea, eta Turull, Romeva, Rull, Forn, Mundo, Bassa eta Borras kontseilariak. Estradizioa eskatu du fiskalak Puigdemontentzat
Espetxeratutako Generalitateko kontseilariak, atzo, Auzitegi Nazionalera iristen, Madrilen.
Espetxeratutako Generalitateko kontseilariak, atzo, Auzitegi Nazionalera iristen, Madrilen. KIKE HUESCA / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko azaroak 3
Egun beltza izan da atzokoa demokraziarentzat. Legearen izenean, makineria judiziala erabiliz, Madrilek Kataluniako Gobernuaren zati handi bat espetxeratu du: ahal izan dituen kontseilari guztiak, baldintzarik gabe, Espainiaren kontrako indarkeriazko matxinada baten arduradun izan direlakoan. Beste zati bat Belgikan dago, Carles Puigdemont presidentearen gidaritzapean. Herriari mintzatu zitzaion atzo erbestetik: «Elkarrizketaren aldeko apustua egin beharrean, errepresioaren aldekoa egin du. Demokraziaren printzipioak apurtu ditu», salatu zuen. Baina duintasuna ekarri zuen gogora: «Giltzapeko gobernu legitimoa duinagoa da bere kartzelero ameslariak baino». Espetxeratuak askatzeko eta errepresioari amaiera emateko eskatu zuen, jakitun hori ez dela berehalakoan gertatuko: «Errepresio eta espetxeratze giroan izango dira bozak, baina ez dugu etsi behar. Borroka egin behar dugu indarkeriarik gabe, bakean eta errespetuz».

Independentzia deklarazioaren ostean eta 155. artikuluaren aplikazioaren ondotik, kolpe handia izan baitzen atzokoa. Espainiako Auzitegi Nazionaletik iritsi zen albistea arratsaldeko bostak pasatxo. Goizean deklaratzera joan ziren kontseilari guztiak kartzelatu zituen Carmen Lamela epaileak, Fiskaltzaren eskaera bere horretan onartu ondoren: giltzapean daude atzo arratsaldez gero, Oriol Junqueras presidenteordea, eta Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Meritxell Borras kontseilariak. Junquerasek mezu hau utzi zuen prestatuta Twitterren, espetxera bidaltzen bazuten argitaratzeko: «Egin ezazu egunero zure eskuetan dagoen guztia, ongiak gaizkia azpira dezan abenduaren 21ean. Zutik, erabakigarritasunez, irabazi arte». Turullek beste hau idatzi zuen: «Leiala izan naizelako espetxeratu naute. Ez izan beldurrik niregatik».

Vila, bermepean

Santi Vila kontseilari ohia ere espetxera bidaltzeko agindu zuen Lamelak, 50.000 euroko bermea jarri arte. Gaur da handik ateratzekoa. Vilak dimisioa eman zuen Kataluniako Legebiltzarrak independentzia deklaratu aurretik, joan den ostiralean, eta horregatik bereizi dute besteengandik.

Magistratuak erabaki du Generalitateko kideek matxinada delitua egin dutelako zantzuak daudela, eta, delitu hori 30 urte arteko espetxe zigorrarekin ordaintzen denez, ihes egiteko aukerak daudela —sedizioa eta funtsak bidegabe erabiltzea ere ezarri ditu delituen zerrendan—. Autoaren arabera, delitua errepikatzeko arrisku handia dago, eta frogak suntsitzeko probabilitateak. Epaileak uste du ezin dela alboratu ikertuen erosteko ahalmena, Espainiako Estatutik alde egiteko, eta argudio hori indartzeko aipatu du dagoeneko ikertuetako batzuk beste herrialde batzuetara joan direla —Puigdemont tartean—, beren ardura penalei muzin eginda. Lamelaren ustez, espetxera joateko erabakia «egokia, arrazoizkoa eta proportzionatua da».

Atzo goizeko bederatzietarako zeuden deituak auzitegira, Junqueras eta gainerako kontseilariak. Deklaratzen lehena Turull izan zen, hamarretan. Bost minutu baino ez zuen egin bakoitzak, eta soilik euren abokatuen galderei erantzun zieten. Denek nabarmendu zuten ekintza guztiak baketsuak izan direla. Indarkeria darabil testuan, ordea, epaileak. Auzitegian hamar ordu egin ondoren, furgoietan atera zituzten bi espetxetara, 18:10ean: Estremerara eraman zituzten gizonak, eta Alcala Mecora, emakumeak.

Espetxeratutakoen abokatuek salatu dute autoa aldez aurretik pentsatua eta idatzia zegoela, eta «desproportzionatua» dela. Jaume Alonso-Cuevillas PDECateko abokatua eta Andreu Van den Eynde ERCkoa «oso sentsazio tristearekin» atera ziren auzitegitik. «Autoak ez dio aipamenik ere egin goizeko deklarazioei, eta eskaera guztiak baztertu dituzte. Pentsarazten digu aurretik prestatua zegoela», kexu zen errepublikanoen ordezkaria.

Hasieratik egon dira politikari katalanak babesik gabe, abokatuen ustez: zitazioen berri komunikabideen bidez izan dute, eta ez dute astirik izan defentsa prestatzeko. Horregatik eskatu zuten atzoko deklarazioa atzeratzea, Auzitegi Gorenean Carme Forcadell eta Mahaiko kideen kasuan egin zuten bezala. Baina Lamelak ez zuen onartu — bai, ordea, goreneko Pablo Llarenak—.

Puigdemonten kontra

Fiskaltzak Carmen Lamela epaileari beste eskaera bat egin zion atzo, eta gaur da tramiterako onartzekoa: Carles Puigdemont eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilarien kontrako nazioarteko bilatze eta atxilotze agindua eskatu zuen, deklaratzeko zitazioari muzin egiteagatik, eta sedizio, matxinada eta funtsen bidegabeko erabiltzea dela eta. Ministerio publikoaren arabera, epaitegiak hainbat saiakera egin ditu zitazioak euren eskuetara irits daitezen, etxera joanda, baita telefonoz deituta ere, baina ez dute erantzunik jaso.

Fiskaltzak eskatu du euroagindua bidera dezala Belgikara. Kasu honetan Auzitegi Nazionalak Belgikako justiziari eskatu dio Puigdemont eta kontseilariak estradita ditzala. Atxilotzen dituztenean Belgikako Justiziak erabaki beharko du estraditatzeko nahikoa arrazoirik dagoen, eta erabakia epe jakin batzuetan eman beharko du. Puigdemonten abokatuak bere esku dauden inpugnazio guztiak egingo ditu, eta, araudiaren arabera, gehienez 60 eguneko epean hartu behar da erabakia. Epe hori luza daiteke salbuespen oso gutxi batzuetan. Estradizioa geldiarazteko abokatua saiatuko da erakusten neurriz kanpokoak direla Auzitegi Nazionalak ezarri nahi dizkien zigorrak, eta arriskuan dagoela oinarrizko eskubideen errespetua.

Gainera, ikerketa abiatu behar duen epaileak baieztatu beharko luke, EBren arautegiaren arabera, Puigdemontek eta gainerako kideek arriskua duten Espainian tratu txarrak pairatzeko. Eta kasu horretan, epaileak informazio osagarria eskatuko du, erabakia hartzeko epea amaitu aurretik iritsi beharko lukeen. Ezin badute arriskua dagoela baztertu, epaileak estradizio prozesua bertan behera utz dezake.

Paul Bekaert Puigdemonten Belgikako abokatuak esan duenez, atxiloketa saihesten saiatuko da, eta ohartarazi du atxilotzen badute «martiri» bat bilakatuko dutela. Dena den, denbora emango du Puigdemonten prozesuak, haren abokatuaren arabera: «Oraingoz, Belgikan geratuko dela dirudi. Espainiako epaileak atxilotzeko agindua eman dezake, nazioarteko eta Europako agindua eman dezake, eta haren estradizioa eskatu, baina horrek denbora emango du. Atxilotzeko agindua itzuli egin behar dute lehenik, gero Polizia Federalari helarazi, eta Fiskaltzari. Orduan Puigdemont jaunak jaso egin behar du, eta instrukzio auzitegira eraman». Belgikak estradizioen %10 baino gutxiago onartzen ditu.

Duela hamabi urte

Atzoko egunez duela hamabi urte, Espainiako Kongresuak tramiterako onartu zuen Kataluniako Estatutuaren proposamena, sozialisten, ezkerreko alderdien eta nazionalisten botoei esker. Urte hartako irailaren 30ean onartu zuten Kataluniako Legebiltzarrean. Besteak beste, Katalunia nazio bat dela zoien, eta finantzaketa ere hobetzen zuen. Testua asko murriztu zuten PSOEren eta CiUren itunek, 2006an, eta Auzitegi Konstituzionalak erabat txikitu zuen, 2010ean. Ordurako erreferendumean bozkatua zegoen.

Artur Masek, Manuela de Madrek eta Josep Lluis Carod Rovirak defendatu zuten testua, 2006an. Horrela aurreikusi zuen ERCko buru izandakoak gerta zitekeena: «Proposamen demokratiko batekin etorri gara, elkarbizitzarako, eta ez beste ezertarako, baina kontziente izan zaitezte orain ate hau ixten bazaigu zein beste ate utziko diguzuen irekita».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna