Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sari banaketa

'The Disaster Artist' lanak irabazi du 65. Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Aitor Arregiren eta Jon Garañoren 'Handia'-k Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar saria eraman ditu. Anahi Berneri zuzendari onenaren saria lortu duen lehen emakumea izan da, 'Alanis' filmari esker

Ainhoa Sarasola -

2017ko urriak 1
Kritikaren arabera, maila handikoa izan da Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofiziala. Hala, lehiara aurten aurkeztutako hemezortzi filmen artetik, izen bat baino gehiago aipatzen ziren ohiko kinieletan, baita publikoaren artean ere. Iritzi horiek eta epaimahai ofizialarenak ez dira beti bat etorri izan, baina ikusleek gehien txalotu duten lanetako bat saritzea erabaki zuen John Malkovich aktorea buru zuen epaimahaiak atzo: James Francok zuzendutako The Disaster Artist filmak irabazi zuen film onenaren Urrezko Maskorra. Euskarazko lan bat ere lehian zen bigarrenez, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendu duten Handia, eta ez zen esku hutsik joan: Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zituen Altzoko erraldoiaren inguruko lanak. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, jaialdiaren 65 urteko historian lehenbizikoz, emakume batentzat izan zen: Anahi Berneri zinemagile argentinarrak eraman zuen garaikurra, Alanis filmari esker.

Malkovichen eskutik jaso zuen Urrezko Maskorra James Franco zuzendari eta aktore estatubatuarrak, The Disaster Artist filmaren zuzendariak. Beste pelikula baten sortze prozesua kontatzen du haren lanak, Tommy Wiseauk 2003. urtean estreinatu zuen The Room lanarena hain zuzen. Inoizko film txarrenen zerrendan sartu bazuten ere, kultuzko bilakatu zen azkenerako, eta gauerdiko emanaldietan aretoak betetzen jarraitzen du. Film haren errodajea umorez baina parodiatik aldenduta kontatu du Francok bere lanean, eta harrera beroa egin zion Kursaaleko publikoak. Filma zuzendu ez ezik, protagonistaren rola jokatu du Francok, eta anaiak, koinatak eta lagunek ere parte hartu dute. «Film hau egitea familia kontua izan da, beraz, sari hau bihotzera iritsi zait», adierazi zuen zuzendariak. «Gizon ero samar bati buruzko film bat da hau, baina denok gaude apur bat eroak ezta? Guztiok ditugu ametsak. Espero dut filmak garai ero hauei argi eta inspirazio pixka bat ekartzea».

Handia-k ere kritika onak jaso zituen, eta epaimahaiaren arabera, Altzoko erraldoiaren pertsonaiaren bidez «herri baten esentzia eta ezberdintasunaren balioa» publikoari helaraztea lortu dute. Bi sari lortuta, oso pozik eta hunkituta mintzatu ziren Arregi eta Garaño zuzendariak, alboan lantaldeko hainbat kide zituztela. Filmeko lankide guztiei, babesleei eta etxekoei eskaini zizkieten sariak. Garaño: «Guretzat Zinemaldia geure jaialdia da, hemen ikasi genuen zinema ikusten. Gaurkoa ezin dugu deskribatu ere egin». Lau urteko semea ekarri zuen gogora Arregik, erraldoiekin «hipnotizatuta» dagoena, haren hitzetan. «Eta ulertzen dut, gu ere horrela sentitu garelako, gainditzen gaituen zerbaitegatik hipnotizatuta, filmak egitearekin».

Gaueko beste sari nagusia, zuzendari onenarena, «bere ikuspuntu indartsu eta ausartagatik» jaso zuen Anahi Bernerik, epaimahaiaren hitzetan. Hirugarren aldia zuen zuzendari argentinarrak Sail Ofizialeko lehian, eta sexu langile baten istorioa aurkeztu du oraingoan. «Amestutako sari bat zen hau niretzat, gehien maite dudan jaialdi honetan». Zuzendari onenaren garaikurra lortzen lehen andrazkoa izanda, «emakume zinemagile guztiekin» partekatu nahi izan zuen: «Geurea da neskak, geurea!», esan zuen, saria altxatuz. Film berean eginiko lanagatik, Sofia Gala Castiglioneri Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra ematea erabaki zuen epaimahaiak, aho batez erabaki ere. Lantaldeko kideei eta etxekoei ez ezik, filmean aurkeztutakoak bezalako «emakume indartsuei» eskaini zien saria. «Sari hau geurea da, elkarrekin guztia ahal dugulako», adierazi zuen, hunkituta.

Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, aldiz, Bogdan Dumitrachek irabazi zuen, Constantin Popescu zinemagile errumaniarraren Pororoca filmean eginiko interpretazioagatik. Bost urteko alaba desagertuko zaion aita baten rola jokatu du Dumitrachek filmean, eta hain zuzen, bere bi alabei eskaini zien saria aktoreak, zuzendariari eskerrak emateaz gain.

Gidoi onenaren saria, berriz, Diego Lerman zuzendariak eta Maria Meira gidoilariak eraman zuten, Una especie de familia lanari esker. Zinema maite duten guztiekin eta Argentinako zinemagileekin partekatu nahi izan zuten, baita Barbara Lennie aktore protagonistarekin ere.

Argazki onenaren saria, berriz, Florian Ballhausek eraman zuen, Robert Schwentke zinemagile alemaniarrak zuzendutako Der Hauptmann filmeko zuri-beltzezko irudiengatik.

Malkovich buru, Dolores Fonzi eta Emma Suarez aktoreek, William Oldroyd zinemagileak, Jorge Gerrikaetxebarria gidoilariak, Paula Vaccaro ekoizleak eta Andre Szankowski argazki zuzendariak osatu dute sari ofizialen aurtengo epaimahaia.

Beste sailak

Jaialdiaren beste ataletako sariak ere banatu zituzten atzo. Kutxabank-Zuzendari Berriak saileko saria Marine Francen zinemagilearen Le semeur / The Sower lanari eman zion atal horretako epaimahaiak. Joan den urtetik lehiazkoa da Zabaltegi-Tabakalera saila ere, eta bertan ikusitako lanen artetik, Clement Cogitoreren Braguino saritzea erabaki zuen sail horretako epaimahaiak. Perlak sailean, berriz, ikusleek erabakitzen dute erakutsitako lanetatik onena zein izan den, eta Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri aukeratu zuten Donostia Hiria Publikoaren Saria emateko. Horizontes Latinos saileko lan irabazlea, berriz, Los perros izan zen, Marcela Said zuzendariarena.

Bestalde, Antonio Mendez Esparza zinemagile espainiarraren Life and Nothing More filmak eraman zuen nazioarteko kritikaren Fipresci saria. Zinema Eraikitzen saria, berriz, Aly Muritiba Brasildarraren Ferrugem-ek eraman zuen. Eta Boaz Frankelen 212 lana saritzea erabaki zuen Zinema Ikasleen Nazioarteko XVI. Topaketako epaimahaiak, baita Elsa Rosengrenen Zeit Der Unruhe / News 23/06/2016 lanari aipamen berezia egitea ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna