martxelo otamendi
Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Gogoeta eguna Moncloan

2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Erakutsi ohi duen patxadaz ez, kezkatiago pasatuko du eguna gaur Espainiako presidente Mariano Rajoyk, bere etorkizun politikoa baldintzatuko duen neurria hartu beharko duelako, eta ez dauzka asko aukeran: biharko erreferenduma indarrez galaraztea edo, nola edo hala, egiten uztea.

Guk denok bezain argi daukate Rajoyk, haren aholkulariek eta estatuaren politika nagusia markatzen dutenek, milaka eta milaka katalan edukiko dituztela aurrean Poliziak indarrez botoa ematea ezinezkoa egiten badu. Nork baldintzatuko du nor? Poliziaren indarrak markatuko du jendearen erantzuna edo jendearen erresistentziak mugatuko du Poliziaren indarra?

Mossoen arduradunak esan du ez dutela erreferenduma indarrez eragotziko; hortaz, bertakoek egiten ez badute, kanpokoek egin beharko dute, alegia, guardia zibilek eta Espainiako poliziek.

Joan den asteko asteazkenean Generalitateko Ogasun Kontseilaritzaren aurrean eta herri askotako plazetan bildu zen jendetzak eta azken egunotan batean eta bestean egon diren mobilizazio jendetsuek eman diote Rajoyri katalan independentziazaleek bihar egingo dutenaren argazkia, ederra bezain konplikatuta kudeatzen. Beldurraren estrategiak porrot egin du era nabarmenean, eta bozka-orria hartzeko asmorik ez zeukaten milaka lagunek erabaki dute azken hamar egun hauetan, elkartasun hutsez eta suminduta, bozkalekuetara joatea. Lehengo hutsa, estrategikoa.

Oso modu harroan esan izan dute Espainiako Gobernuko kideek independetziazaleek porrot egin dutela haien asmoa nazioartekotzeko orduan. Baina zenbatekoa da Rajoyk Europan lortu duen babesa? Adierazpen solte eta indarge batzuk bildu ditu, ez gehiago. Zergatik ez du Rajoyk azken asteotan jira diplomatiko bat antolatu bere lagun gobernuburuen babes sendoa jasotzeko? Ez zaio bururatu? Ez dute hartu nahi izan eta adierazpen bakan batzuekin konformarazi dute? Seguru dago eta ez zeukan beharrik?

Azpimarragarria izan da AEBetako presidente Trumpek erakutsi berri dion harrera hotza. Behin haraino eta hartara joanda, ez zuen lortu Trumpen esaldi sutsurik, are gutxiago bere planaren aldeko hitz sendorik. Trumpen «…inork ez daki botoa emango duten, presidenteak [Rajoy] dio ez dutela botoa emango, baina jendea oso aurka jarriko da…» esaldi horrek oso konpromiso baxua adierazten du. Nora joan zen Rajoy babes bila? Pew Research Centerren inkestaren arabera, espainiarrak dira munduan Trump gehien gorrotatzen dutenak, mexikarren atzetik. Bigarren hutsa, diplomatikoa.

Atzo, Espainiako ministroen bileraren ondorengo prentsaurrekora Mendez de Vigo Kultura ministro eta bozeramailea agertu zen bakarrik, nahiz eta jakin kazetarien ia galdera guztiak biharko erreferendumari buruzkoak izango zirela. Ez Rajoy, ez Saez de Santamaria lehendakariordea, ez zen beste ministrorik agertu, eta Rajoy isilik dago Trumpen bidaiatik itzuli zenetik.

Zer esan nahi zuen atzo Mendez de Vigok «igandean ez da Katalunian inongo erreferendumik egingo» esanda? Egingo dutena ez dela erreferendumtzat hartua izango, edo ez dutela ezer egiten utziko?

Rajoyk oso gaizki ateratzeko arriskua dauka edozein dela hartzen duen erabakia. Egiten uzten badu, arazo serioak edukiko ditu, eta indarrez galarazten badu, Katalunian segituko duen mugimenduak irentsi egin lezake.

Zain dago Sanchez…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.