Kataluniako erreferenduma

Mossoen lehentasuna «elkarbizitza mantentzea» izanen da igandean

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Puigdemontek erran dio ez duela erreferenduma «geldituko». Bartzelonako eta Tarragonako udaltzainek zaintzapean jarri dituzte hautetsontziak

Kataluniako Gobernuaren ordezkariak —ezkerrean, Puigdemont presidentea buru— Espainiako Gobernuko ordezkariekin, atzo, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Kataluniako eta Espainiako gobernuek atzo egin zuten elkarrekin zuzeneko bilera bakanetakoa, independentziari buruzko erreferendumerako hiru egunen faltan. Bi gobernuek eta haien menpeko polizia indarrek osatzen duten Segurtasun Batzordea elkartu zen, bezperan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eskatu ondoren. Bileraren ondoren, Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilariak adierazi zuen Mossos d'Esquadraren lehentasuna «elkarbizitza mantentzea» izanen dela etzi. Fornek defendatu du «milaka herritarrek» izan behar dutela «botoa emateko aukera egoera normal batean», eta erran du Polizien ekintzek ez lituzketela sortu behar «eragotzi daitezkeenak baino arazo handiagoak». Hala ere, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aginduei erreparatu behar zaiela oroitarazi du. Eraikin publikoetan botoa emateko aukera eragozteko agindua emana du auzitegiak, eta Jose Antonio Nieto Espainiako Estatu idazkariak hori egiteko eskatu zion Generalitateari atzoko bileran.

Fornek azaldu zuen zein izan zen Nietorekin eta Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelarekin izandako bileran defendatu zuten jarrera: segurtasun publikoa mantentzeko eskumena Generalitateari dagokiola, eta helburu horretarako behar adina mosso badaudela —Barne Ministerioko ordezkariek jakinarazi zioten Espainiako 10.000 polizia eta guardia zibil daudela Katalunian—. Horrez gain, Polizien eginkizun «gorenak» elkarbizitza mantentzea izan behar duela erran zien, eta, Fornen arabera, Nieto eta De los Cobos bat etorri ziren irizpideekin. Hori nola gauzatuko den, ordea, ez zuen zehaztu. Erreferenduma ez dutela gibelatuko «argi» dagoela erran zuen Fornek, eta Espainiako Gobernuari eskatu zion ez ditzala paratu mossoak «sokaren kontra».

Nietok, berriz, jakinarazi zuen bileran Puigdemonti eskatu ziola erreferenduma «gelditzeko», baina Kataluniako presidenteak «erantzun negatiboa» eman zion. «Igandean egin nahi dutena legez kanpoko ekintza bat da, eta aginte judizialak eskatu du eragozteko, eta testuinguru horretan arituko gara, determinazioz, legea betez, zuzenbide estatua betez, eta elkarbizitza baketsuan». Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Katalunian dituzten buruzagiak ez ziren bilerara joan, eta De los Cobos koronelari utzi zioten haien ordezkaritza. De los Cobosek du Katalunian diharduten polizia guztiak koordinatzeko ardura joan den astelehenaz geroztik, fiskalaren aginduz.

Herenegun, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak erreferendumaren inguruko instrukzio osoa bere gain hartu zuen, eta baztertzeko agindu zion fiskalari. Mercedes Armas epaileak erreferenduma eragozteko agindua eman zien Polizia guztiei. Agindu horiei jarraikiz, Guardia Zibilak 2,5 milioi botopaper eta 4 milioi gutun azal bahitu zituen atzo Igualada hiriko enpresa batean. 100 hautetsontzi ere atzeman zituztela jakinarazi zieten Poliziaren iturriek berri agentziei, baina Marc Castells Igualadako alkateak ukatu egin zuen hori. «Gu adoregabetzeko propaganda. Oroitu, bozkatuko dugu!», idatzi zuen Twitterren. Hautetsontziak Bartzelona futbol taldearen hauteskundeetarako zirela argitaratu dute Kataluniako hedabideek.

Arreta puntu nagusia, hain zuzen, hautetsontziak eta eskolak dira —eraikin publiko horien kasuan, ohiko bozkalekuak direlako—. Armas epaileak baztertu aitzinetik, Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiak hainbat agindu eman zizkien Polizia guztiei, eta, horiei segituz, Bartzelonako udaltzainak udalaren hautetsontziak zaintzen hasi ziren atzo, Peru karrikako biltegi publiko batean. Tarragonan, berriz, ez ziren horrekin konformatu: udalaren 800 hautetsontzi hartu zituzten udaltzainek, eta polizia etxera eraman zituzten.

Generalitatea eta hezkuntza

Eskolak irekiko ote dituzten, kezka horregatik Puigdemont eta Clara Ponsati Hezkuntza kontseilaria Generalitatean elkartu ziren atzo Escoles obertes (eskola irekiak) manifestua babestu duten hezkuntzako eragileekin—50.000 herritarrek babestu dute jada—. «Urriaren 1arengatik erantzukizuna hartzerako orduan, bukaeraraino ailegatuko gara», erran zien Puigdemontek hezkuntzako funtzionarioei. «Zuen erantzukizunetik libre senti zaitezte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.