Aitziber Laskibar Lizarribar.
ANALISIA

Sinesgarria zen

2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Torturaren itzalak bizirik jarraitzen du 2014. urtean Euskal Herrian. Hedabide gehienetan, eta agenda politikoan gaiak lekurik izaten ez duen arren, hala erakusten dute aste honetako bertako hainbat gertaerak. Zer pentsatua eman behar luke. Bere burua minimoki demokratatzat edo eskubideen defendatzailetzat duen edonork neurriak hartzeko exijentzia, gutxienez, egin behar luke. Ez da zilegi tortura salaketak isilarazten saiatzea. Are gutxiago etekinak ateratzeko baliatzea. Tortura babestea esan nahi du horrek; goratzea eta sustatzea. Delitua ere izan liteke, delitua egitera deitzen duen heinean.

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 28 gazteek torturaren aurkako eguna antolatzeko beharra sentitu dute 2014a amaitzear den honetan. Gazte erakundeetan lan politikoa egiteagatik dituzte akusatuen aulkian, tortura baliatuta, autoinkulpazioen bidez bestela existituko ez liratekeen frogak sortuta.

Gazteek, epaileei duela lau urte jasandako torturen berri eman ondoren, torturatu zituzten horien isekak entzun dituzte. Aste honetan bertan ere bai, epaiketara itzuli direnean. Epaileek ohiko axolagabetasunarekin jokatzen jarraitu dute. Eta tortura salaketak ikertzeko inolako imintziorik ez dute egingo. Gazteak espetxera eramatea erabakitzen badute, tortura baliatuta egingo dute justizia banatzeko lana dutenek ere.

Euskal Herrian bertan, egoera ez da askoz lasaigarriagoa, aste honetan jasotako albistea txarrean ona izan den arren. Alfonso Zenon abokatua absolbitu egin dute, torturak salatu eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu zena horien erantzule jotzeagatik kalumniak egin izanaren akusaziotik.

Abokatua aurrez zigortua zuen Bilboko epaitegiak, eta, beraz, absoluzioa ez da txarra, torturen berri emateagatik inor salatua izan daitekeela ikusteak sortu behar lukeen eskandalua albo batera uzten bada. Baina delitua preskribatuta legokeelako absolbitu dute; ez tortura salaketak publiko egitea zilegi dela ebatzi delako. Eta tortura salaketek ikertu gabe jarraituko dute, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia horrexegatik behin eta berriz zigortu duen arren. Berez, bere herrian ez dela inor torturatzen ziurtatzeko bada ere, zentzuzkoena salaketa guztiak sakon ikertzeko agintzea litzatekeen arren.

Bien bitartean, nazioartean izaera zientifikoa duen Istanbulgo Protokoloa ezarri zaien lehen 45 euskal herritarren kasuan, nazioarteko adituek frogatutzat jo dute egin zituzten salaketa haiek guztiak egiazkoak zirela; torturatu egin zituztela. Hori ere ez da, antza, eskandalagarria inorentzat. Tarte gutxi izan du berriak albistegietan; are gutxiago politikarien eztabaidetan. Eta etxean ere badugu zer garbitu. Egiaztatutako zazpi tortura kasu Ertzaintzaren esku eginikoak izan dira.

Ertzaintzak, berriz, herritarrengana gerturatzeko nahia omen du. Bere sorrerako izaerara itzuli, eta herriaren zaintzaile izatekoa. Hala adierazi zuen Erne sindikatuak, esaterako, iaz Bilboko Euskalduna jauregian egindako jardunaldietan. Jardunaldiak sindikatuak berak antolatu eta bere poltsikotik ordaindu zituen, polizia ereduari buruzko hausnarketa sakona egin beharra zuela eta. Estefania Beltran de Heredia Herrizaingo sailburuak ere esan zuen Ertzaintzaren izaera irauli eta «prebentzioan oinarritutako polizia integrala» sortzeko ahalegina egingo zuela.

Hitz politak izan ziren; hausnarketa eta asmo ederrak bestelako gizarte eta polizia eredu baterako garaia iritsi dela sinesten dutenentzat. Egunerokoak bestelako norabidea erakutsi du, ordea. Aste honetan bertan ikusi dugu adibide garbi bat: Joseba Alvarezek auzitegian deklaratu behar izan du, ekainean EH Bilduren ekitaldi publiko bat egiteko baimena eskatu zuelako. Ertzaintza izan da salatzailea. Alvarezek abisu eman zion jardun politikoan aritzea debekatua duela eta ekitaldia egiteko baimena eskatu ziola, inork eskatu gabe, Espainiako Auzitegi Nazionalari. Politika egite soilagatik debekatua dio politika egitea Auzitegi Nazionalak Alvarezi. Nola ulertu Ertzaintzak herritarren eskubideen zaintzaile izan nahi duela? Hitz polit haiek sinesgarriak ziruditen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.