Athleticek bere burua du etsai Ukrainan

Talde zuri-gorriak nahikoa du puntu bat final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Orain arte eman duen maila hobetzea izango du helburu

Haritz Gallastegi

2017ko abenduak 7
Athleticek puntu bat behar du Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Zoriaren kontra irabaziz gero, multzoko lehen postua lortzeko aukera izango du, gainera. Baina, era berean, galtzen badu, agur esango dio Europari. Espainiako Kopan Bigarren B Mailako Formenteraren aurka kanporatuta geratu ostean, astebete pasatxoan bigarren kolpea izango litzateke. Zuri-gorriek berdindu egin dute ligaxkan kanpoan jokatu dituzten bi partidak. Zoria ez da Hertha Berlin eta Ostersunds baino hobea, beraz, Athleticek aukera ona dauka helburua lortzeko.

Kontua da sasoi honetan talde zuri-gorria ez dela batere fidagarria. Txarretik onetik baino gehiago erakutsi du denboraldiaren lehen zatian, eta kezkatuta egoteko arrazoiak badaude. Gainera, baikor izateko adina arrazoi dituzte Ukrainako taldeko jokalariek eurak nagusituko direla pentsatzeko. Besteak beste, San Mamesen garaipena lortu zutelako lehen itzuliko partidan. 0-1 gailendu zen.

Motibazioa, behintzat, ez zaie faltako. Sailkapenetik harago, Zoriaren diru poltsa urri samarra da, eta Europa liga jokatuz jasotzen duen dirua oso lagungarria da klubaren proiektua bideragarri izaten laguntzeko.

Bada, beharrezkoa duten garaipena eskuratzeko, euren ohiko zelaitik 1.300 kilometrora eman beharko dute neurria. Ukrainak bizi duen egoera politikoa tarteko, Luhansken jokatu beharrean Lviven aritzen baita Zoria Europa ligako norgehiagoketan. Bestalde, Jose Angel Ziganda Kuko-ren taldearen kezka nagusietako bat zelaiaren egoera da. Hasiera batean, gaurko euria dago iragarrita, eta hotz handia egingo du. Teknikari zuri-gorriak ahal duen talderik lehiakorrena zelairatuko du. Izan ere, asko dago jokoan gaurko partidan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna