BESTE GAI BATZUK

2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Proposamen mordoa ageri da programetan. Hona hemen proposamenik garrantzizkoenak:

Aurrekontua. Hezkuntzako aurrekontua igotzeko konpromisoa ageri dute EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. Hezkuntzako inbertsioa BPG barne produktu gordinaren %5era hurbiltzeko pausoak ematea aipatu dute lehen biek; hirugarrenak, 0,5 igotzea. Azken datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak BPGaren %3,7 jartzen du hezkuntzan.

Jantokiak. Mugimendu handia ari da sortzen eskoletako jantokien kudeaketari buruz. Nabari da programetan: alderdi gehienek aipatu dute gaia. EAJ: «Sustapena, pixkanaka tokiko produktuak jantokietan sartzea errazteko». EH Bildu: «Tokiko elikagai, garaiko eta ekologikoa sustatzeko bitartekoak eskaini. Autokudeaketarako aukera zabaldu eta bultzatu». Elkarrekin Podemos: «Askatasuna eman catering sistema edo elikadura subiranotasunean oinarritutako autogestioa aukeratzeko».

Lanbide Heziketa. Txandakako lanbide heziketa indartzen jarraitu nahi dute PPk eta EAJk. EH Bilduk lanbide heziketako legea egitea proposatu du, eta eskaintza euskalduntzeko plan bat egitea. PSEk bizitza osoko ikaskuntzarekin lotu du lanbide heziketa. Elkarrekin Podemosek «lanbide heziketako campus bat» nahi du, enpresekin lotua.

Unibertsitatea. EHUko errektoreak agurrekoan eskatu du esparru propioa garatzea EAEn. Heldu diote EAJk eta EH Bilduk: «araudi esparrua» garatzea aipatu dute jeltzaleek, eta Euskal Unibertsitate Legea berritzea koalizioak. PPk EHUren gobernantza eredua berritu nahi du.

On line unibertsitatea. UEUren proposamenaren ildokoa EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hartu dute: euskarazko on line unibertsitatea. EAJk eta PSE-EEk modu orokorragoan aipatu dute on line heziketa.

Irakasleak. Prestakuntzari begira jarri dira EAJ eta EH Bildu, berrikuntzak egitea aipatuta. «Ebaluazio eta aitorpen sistema adostu bat» jarri nahi dute martxan sozialistek; PPk irakasleen «autoritatea» indartu behar dela uste du. Elkarrekin Podemosek irakasleen ingeles gaitasuna hobetzea proposatu du, «ingelesezko Irale bat» jarrita.

Bestelakoak. Eskola porrota %7tik jaistea jarri du helburutzat EAJk. Bide bereko, emaitzak hobetzeko plan bat nahi du PSE-EEk. Parekidetasun neurriak aipatu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek: koalizio abertzaleak, sailburuordetza bat; Ahal Dugu-renak, neurriak unibertsitateko departamentuetan. EH Bilduk badu beste puntu deigarri bat: Jakintzaren Jendartearen Euskal Institutua sortzea. PPren proposamenak: sorospen ikastaroak ematea eta ortografia lehiaketak antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.