Muturra sartzeko beta

Eibarrek gaur Bartzelonaren zelaian emaitza ona lortuta amaitu nahi du urtea. Messi ez da ariko etxekoen artean, mina baitu orkatilan

Eibarreko jokalariak, Ipuruan entrenatzen, atzo goizean. EIBAR K.E.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelona ez dago bere momenturik onenean, eta hori baliatu nahi du gaur Eibarrek, Camp Noutik estreinakoz punturen bat eskuratuta ateratzeko. Gipuzkoarrek oraindik ez dakite zer den Bartzelonaren zelaian irabaztea, ezta berdintzea ere: sei partida jokatu dituzte Camp Noun, eta seiak galdu dituzte. Bolada txar hori eten nahi dute gaur.

Gainera, denboraldi hasiera honetan, etxetik kanpo primeran ari dira moldatzen Jose Luis Mendilibarren jokalariak. Vila-realen (Herrialde Katalanak) eta Alavesen kontra jokatutako azken partida kenduta, gainontzekoetan, itxura ona emateaz gain, gutxienez puntu bat poltsikoratu dute eibartarrek. Halere, Mendilibarrek ez du uste neurketa ona denik sentsazioak berreskuratzeko: «Agertokia eta taldea ez dira egokienak egoera iraultzeko, aurrean duzun taldearen kalitateagatik eta jokatzen duzun zelaiagatik. Hala ere, ondo jokatzeko asmoarekin joango gara, beldurrik gabe, irabazteko gogoz».

Hutsune esanguratsuekin ekingo diete bi taldeek partidari. Bartzelonan, adibidez, Lionel Messik ez du jokatuko. Izar argentinarrak mina du orkatilan, klubak jakinarazi duenez. Messi ez egoteak, baina, ez du Zaldibarko (Bizkaia) entrenatzailea lasaitzen: «Messik ez jokatzea albiste ona da, munduko onena delako, baina ziur aulkitik oso ona den beste norbait aterako dela. Gainera, Messi gabe, beste jokalariak askatasun gehiagorekin ariko dira, eta taldean gehiago jokatuko dute».

Gipuzkoarrek Anaitz Arbilla, Kevin Rodrigues eta Bryan Gil gabe egin beharko diote aurre Ronald Koemanek zuzendutako taldeari. Bi atzelariek giharretako arazoak dituzte, eta hegalekoa gaixorik dago. Marko Dmitrovic atezainarekin batera, taldeko jokalari erabakigarrienetako bat da Bryan Gil, eta haren falta asko nabarituko dute eibartarrek.

Atxabalpeko erizaindegia beteta dagoela ikusita, Bartzelonatik hiru puntuekin bueltatzeaz gain, jokalariek partida «osasuntsu» bukatzea nahi du Mendilibarrek: «Jendea nekatu egiten da, korrika asko egiten dugu, abiadura handia da, eta horrelako partidetan besteetan baino askoz korrika gehiago egiten duzu, eurek baloia gehiago dutelako. Bartzelonatik ondo ateratzea espero dut, lesiorik gabe, beste partida batzuk ondo prestatzeko».

BARTZELONA-EIBAR
Bartzelona. Ter Stegen; Dest, Lenglet, Araujo, Junior; Busquets, De Jong, Pedri; Griezmann, Braithwaite eta Coutinho.
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Burgos, Oliveira, Bigas; Diop, Sergio Alvarez; Muto, Edu Exposito, Inui; eta Kike Garcia.
Epailea. Alberola Rojas.
Lekua. Camp Nou.
Ordua. 19:15ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.