GAKOAK

2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Arnasguneetako egoerari buruz bi ikerketa argitaratu zituen iaz Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Zer gertatzen ari den, gakoak ageri dira bi ikerketa horietan.

1. Ezagutza: gora eta behera. Eremu erdaldunetan aurrerakada izan du euskarak. Adibide argia da Arabako eskualde batzuena. Lautadan, adibidez, handia da igoera: 1981ean, %3 ziren euskaldunak; 2001ean, %15; eta 2011n, %23. Bilbo Handian: 1981ean, %7; 2001ean, %17; eta 2011n, %24. Eremu euskaldunagoetan, berriz, jaitsierak daude, batez ere 2001etik aurrera. Lea Artibain, adibidez, %87tik %81era. Nafarroa Behereko eta Zuberoako jaitsiera ere bistan da: 1996an, %61k zekiten euskara; 2011n, %52k.

2. Arnasguneak. Euskara sendoen dagoen eremuetan ari da jaisten, baina euskara baldintza hobeetan dago oraindik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Iñaki Iurrebaso soziolinguistak ateratako zenbakiak: herri euskaldunetan %58k dute lehen hizkuntza euskara; beste herrietan, %12k. Etxeko hizkuntza nagusia euskara dute herri euskaldunetan %48k; beste herrietan, %8k. Bi aldagaietan ageri da jaitsiera arnasguneetan: lehen hizkuntza %69tik %58ra jaitsi da 1981etik; etxe erabilera, %57tik %48ra.

3. Biztanleria. Gaindegiak ikerketa bat egina du Hego Euskal Herriko herri euskaldunetako biztanleriari buruz. Herri horietan asko igo da udalerritik kanpo jaiotakoen kopurua —%15,5 igo da horien kopurua; Hegoaldean, batez beste, %5,1—. Batez ere mila biztanletik beherako herrietan gertatu da hori. Datuekin ezin da jakin herri horietara iritsitako biztanleak beste arnasgune batetik ala leku erdaldunetatik joan diren. Hala ere, bistan jartzen dute biztanleriaren aldetik aldaketak izan direla arnasguneetan.

4Saretzea. Erabilerari begira, trinkotze faltari buruz ohartarazi dute adituek. Eremu erdaldunetan gora egin du euskarak, euskaldun gehienak leku horietan bizi dira, baina euskaldunen portzentajea handia ez denez, erabiltzeko aukera ez da handitu hein berean. Euskarazko guneak sortzea da erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.