Eibarrek irabazi egin dio Las Palmasi (1-0), Dani Garcia eta Caparen adioan

Kapa, baloia lehiatzen. A. LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gozo esan zion gero arte atzo Eibarrek Ipuruari, zaleen aurrean sasoi honetan jokatu duen azkeneko partidan. Garaipenak eman zion gozotasuna, gai izan zelako Las Palmasi irabazteko, eta nabarmendu egin behar da, aspaldian zegoelako etxean hiru puntuak batu gabe; hain zuzen, otsailetik, Vila-reali irabazi zionetik. Orduan bezala, atzo ere nahikoa izan zuen gol bat. Garaipenak ez ezik, atzo taldearen inguruan antolatua zegoen festak ere gozatu zituen bazterrak, eta bide batez, agur gozoa izan zuten Dani Garcia kapitainak eta Capak. Aurrenekoak partida osoa jokatu zuen, eta atzelariak hogei minutu.

Las Palmas mailaz behera dago aspalditxotik, eta bazen konfiantza Eibarrek irabaziko zuela. Gola seigarren minutuan sartu zuen Charlesek, Orellanak dotore eman zion baloia sarera bultza eta gero. Partida hasiera ona eskatu zion taldeari Jose Luis Mendilibarrek bezperan, eta golarekin ase egoteko moduan zen entrenatzailea. Ez, ordea, hortik aurrera ikusi zuenarekin. Berehala, min hartu zuen eskuin belaunean Pape Diopek, eta baliteke alboko lotailua hautsia izatea. Kanpotarrak jokoa menderatzen hasi ziren, baloiaren baitan, eta soilik lehen zatiko azken minutuetan azaldu zen Eibar indartsu.

Partidaren bigarren erdia ere eskasa egin zuen, baina ez zen gol gehiago izan. Hiru puntuekin, bederatzigarren da Eibar, eta aukera izango du azken jardunaldian, lehen erdian amaitzeko. Atletico Madrilen zelaian ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.