Maria Asurmendi. Perfumerias Avenidako jokalaria

«Nire ilusioa ez zen profesionala izatea, saskibaloiarekin disfrutatzea baizik»

Espainiako Ohorezko Mailako saskibaloi talderik ahaltsuenean jokatzen du Asurmendik. Onartu du «gorabeherak» izan dituztela denboraldi honetan, baina « sasoiko garairik onenean» helduko diotela etzi Gironaren aurkako ligako finalari.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Saskibaloiaren alderik gozoena bizitzen ari da orain Maria Asurmendi Perfumerias Avenidako joko antolatzailea: tituluak irabaztea eta Europako talde onenen aurka lehiatzea. Baina gaziena ere probatu du: kobratu gabe jokatzea.

Zein da saskibaloiaz duzun lehen oroitzapena?

Ni Iruñeko Iturrama auzokoa naiz, eta bertako Larraona ikastetxean egin nituen ikasketak. Hango eskolako patioa datorkit gogora, han hasi bainintzen kirola egiten. Futbola eta saskibaloia ziren nire gustukoenak. Azkenean bat aukeratu behar izan nuen, eta, eskolako nesken artean saskibaloiak indar handiagoa zuenez, horren alde egin nuen.

Gaur egun, erreferente zarete saskibaloian jokatzen hasi diren neskatoentzat. Zuk bazenuen erreferenterik?

Garai hartan gauzak oso bestelakoak ziren. Orduan apenas ematen zituzten emakumeen saskibaloi partidak telebistan, eta Internet ere ez zegoen. Espainiako selekzioak txapelketa handietan jokatzen zituen neurketak baino ez zituzten ematen, eta Amaia Valdemoro eta Elisa Aguilar ziren nire jokalari gogokoenak.

Noiz hasi zinen konturatzen goi mailara iristeko aukera zenuela?

Nik sekula ez nuen pentsatu jokalari profesionala izango nintzenik, ezta iritsi naizen lekura ailegatuko nintzenik ere. Ez zen nire ilusioa. Ondo moldatzen nintzela jakin arren, nire helburu bakarra disfrutatzea zen. Oharkabean sortu zitzaidan goi mailan pentsatzeko aukera. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ari nintzen ikasten, eta bertan Bigarren Mailan jokatzeko talde bat sortu zen. Maila galdu genuen, baina orduan sortu zitzaizkidan lehen aukerak, eta aprobetxatuz joan nintzen, baina inolako presiorik gabe.

Burgosekin egin zenuen debuta Espainiako Ohorezko Mailan, 2006-2007ko denboraldian. Nolakoa izan zen partida hura?

Egia esan, ez dut gogoan. Baina akordatzen naiz oso denboraldi polita eta berezia izan zela. Hirugarren amaitu genuen, eta Evaristo Perez entrenatzailearekin asko ikasi nuen.

Hurrengo bi esperientziak ez ziren hain onak izan, Extrugasan eta Conqueron goi mailako kirolaren alde gogorrenetako bat ezagutu izan zenuelako: ez kobratzearena. Nola kudeatzen du jokalari batek hori?

Larri, are gehiago etxetik kanpo egonda. Izan ere, familia eta lagunak urrutik dituzu kezkak partekatzeko, eta eguneroko gastuei aurre egin behar diezu. Conquerokoa batez ere oso gogorra izan zen. Bi sasoi egin nituen bertan, eta lehen sasoian jada atzerapenak izan genituen. Denboraldi amaieran bi hilabete zor zizkiguten. Baina oso sasoi ona egin genuen, eta taldearen inguruan oso giro polita sortu zen. Hurrengo denboraldi hasierarako zor zigutena pagatuko zigutela hitzeman ziguten, eta jokalari askok bertan jarraitzea erabaki genuen. Baina egoerak okerrera egin zuen, eta pixkanaka guztiek utzi genuen kluba.

Egoera horretan gai izan zineten, dena den, Espainiako Kopa irabazteko. Nola lortu zenuten?

Hori lortzeko gakoa gure artean zegoen kimika eta lotura izan zen. Egoera zail hark are gehiago batu gintuen. Pistatik kanpo ere ordu asko ematen genituen elkarrekin, eta argi genuen gure etorkizuna ziurtatzeko modu bakarra bertan geunden bitartean mailarik onenean jokatzea eta lehiatzea zela.

Zer erakutsi zizun esperientzia hark?

Pertsona gisa hazten lagundu zidan. Kirolari moduan, berriz, balio dizu jasotzen dituzun eskaintzak sakonago eta adiago aztertzeko, berriro ez gertatzeko.

Egoera zail guztiek dute alde on bat. Zure kasuan, orduan jaso zenuen Perfumerias Avenidaren eskaintza, ligako talderik indartsuenarena. Zer pentsatu zenuen deia jaso zenuenean?

Ezuste handia izan zen. Baina aurrean aukera erraldoi bat nuela pentsatu nuen, eta aprobetxatu egin behar nuela, Europan jokatzeko eta tituluak irabazteko aukera ematen zidalako. Oso berezia izan zen denboraldia, Conquerorekin Kopa irabazi nuelako, eta Perfumerias Avenidarekin liga. Zoritxarrez, ez zidaten kontratua berritu, eta Gernikara joan nintzen. Denboraldi bat eman nuen han, eta esperientzia oso ona izan zen Gernikakoa. Asko hobetu nuen, eta horrek eman zidan aurreko sasoian Perfumeriasera itzultzeko aukera.

Espero zenuen itzultzea?

Ni sentipen onekin joan nintzen taldetik, nire onena eman nuelako. Hortik aurrera ez nuen horretan pentsatu. Unean unekoa bizitzen duten horietako bat naiz, eta ez dut halakoetan pentsatzen.

Nolakoa da halako talde handi baten egunerokoa? Asko aldatzen da beste taldeekiko?

Bai, asko, batez ere Euroliga jokatzeak dakarren exijentzia handiagatik: entrenamenduak, bidaia luzeak, partidak... Hedabideen eta zaleen jarraipena ere oso handia da. Klub honetan, irabazteko presioa duzu egunero.

Hainbeste titulu irabazita, nola topatzen dituzue motibazioak?

Askok esaten dute hainbeste irabazten duten taldeak edo kirolariak nekatu egiten direla horretaz, eta orduan hasten dela haien gainbehera. Baina ni ez nago horrekin ados. Gure kasuan, behintzat, ez da horrela. Irabazteko dugun presio hori da egunerokoan dugun motibaziorik handiena. Presioa kudeatzeko modurik onena da gauzak horrela hartzea.

Goi mailako jokalariekin jokatzeko aukera izan duzu. Nork harritu zaitu gehien?

Asko daude, eta zaila da aukeratzea. Baina esango nuke denboraldi honetakoen artean Jewell Loyd: 2015ean lehena izan zen WNBAko draft-ean, munduko txapelduna da, eta aurreko udan WNBA irabazi zuen Seattlerekin, batez beste 15 puntu sartuta.Urtarrilean iritsi zen, eta sekulako maila du. Ikaragarria da .

33 urte dituzu. Noiz arte segitzeko asmoa duzu?

Uste dut fisikoki eta mentalki nire kirol ibilbideko garairik onenean nagoela. Gainera, asko jokatzen ari naiz. Beraz, ez dut horretan pentsatzen. Sasoiz sasoi joatea gustatzen zait. Saskibaloiaz disfrutatu nahi dut. Sufritzen hasiz gero edo fisikoki ondo ez nagoenean utziko dut.

Perfumerias Avenidan jarraitu nahiko al zenuke?

Ni oso gustura nago taldean, eta jarraitu nahiko nuke. Baina orain arreta osoa finalean dugu, eta egongo da horretaz hitz egiteko aukera sasoia amaitzen. Lehen aldi hartako esperientzia dut. Talde hauek ahalmen ekonomikoa dute, eta helburu handiak; beraz, sekula ezin da jakin. Ondo lan egitea dago nire esku.

Europako beste ligaren batean jokatzea gustatuko litzaizuke?

Beti aipatu izan diet gertukoeihori falta zaidala nire kirol ibilbidean. Pare bat alditan izan dut aukera horretarako, baina etxetik gertu geratzea lehenetsi dut. Etorkizunari begira ez dut aukera hori baztertzen, aberasgarria izan daitekeelako.

Eta saskibaloia uztean, non ikusten duzu zeure burua?

Enpresa gradua daukat, eta master bat dut kirol kudeaketan. Neure burua kirolari lotuta ikusten dut, ziurrenik bulegoetan. Dena den, entrenatzaile titulua ateratzeko ikastaroa ere hasita daukat.Orain ez dut neure burua hor ikusten, baina ikastaroa amaitu nahi dut. Izan ere, etorkizunean ez dakit zer pasatuko den. Argi dago zoriontsuen egiten nauen zerbait egingo dudala, eta erakartzen nauena.

Asko aldatu da saskibaloia zu hasi zinenetik?

Bai. Zorionez, gauzak asko aldatu dira, eta urrats asko egiten ari dira ikusgarritasun eta kirol aldetik. Nahiz eta gauza asko dauden oraindik egiteko. Telebistan eta streaming bidez partidak ematen hasteak ikusgarritasunean lagundu du, eta horrek balio du zaleak erakartzeko, neskatoen artean saskibaloiarekiko zaletasuna zabaltzeko eta atzerriko jokalari gehiagok nahi izateko hona etortzea. Kirol mailan, berriz, orain jokoa askoz fisikoagoa da, eta erritmoa ere biziagoa. Horretan zerikusia izan zuen kantxen dimentsioen eta marren aldaketak. Hori ondo dago, jokoa garaietara egokitzen delako.

Zuen lan baldintzak hobetu al dira urte hauetan?

Ni jokalarien elkartean sartuta nago, eta ahalegintzen ari gara gure baldintzak gehiago hobetzen. Gehienezzazpi-zortzi hilabeteko kontratuak egiten dizkigute, eta hori aldatu nahi dugu. Soldatetan ere aurrerapauso bat eman behar dela uste dut. Gainontzean, etxetik kanpo bizi garenoi etxea jartzen digute. Oinarri bat dugu hobetzen segitzeko.

Etzi ekingo diozue ligako finalari, Gironaren kontra. Nola zaudete?

Denboraldia ondo hasi genuen, Espainiako Superkopa irabazi baikenuen. Baina gero kostatu egin zitzaigun martxan hartzea, eta Euroligatik kanpo geratu eta gero, entrenatzailea aldatu ziguten. Gainera, jokalari aldaketak ere egon ziren. Horrek freskotasuna eman zigun, eta gora egin genuen. Espainiako Kopa irabaztea bultzada handia izan zen, eta denboraldiko sasoi erabakigarrira ondo iritsi gara. Haiek ere sasoi onean daude, nahiz eta Cadiren aurkako finalerdietako azken partidan sufritu egin zuten.

Kanporaketa gogorra eta fisikoa izango da. Arlo horretan nagusitzen denak partiden erritmoa ezartzeko aukera izango du, eta hori erabakigarria izango da.

Nola ikusi dituzu denboraldi honetan IDK, Gernika eta Araski?

Oso ondo. Izugarrizko meritua dute, eta lan onaren emaitza da lortzen ari direna. Sasoiz sasoi hazten ari dira, eta mugarriak gainditzen. Pozgarria da.

Pena ematen dizu Nafarroan halako proiekturik ez egoteak?

Bai, noski. Pena izan zen Union Basket Nafarroa desagertu izana. Baina ez zuten baliabiderik, eta zentzuzkoena hori zen. Orain, ilusio handia dut Ardoiren proiektuarekin. Bigarren Mailara igotzeko kanporaketetan sartzeko gertu egon dira, eta uste dut oinarri sendoak dituztela. Ohorezko Mailan Nafarroako jokalari dezente gaude, eta uste dut merezi dugula maila gorenean talde bat izatea.

Osasunaren emakumezkoen taldea bide horretan da. Futbolzalea izanda, gozatzen ariko zara, ezta?

Bai sekulako maila ematen ari dira, eta asko pozten nau horrek, Espero dut Santa Teresaren aurkako kanporaketa gainditzea.

Zein iritzi duzu emakumezkoen futbola izaten ari den hazkundeaz eta bilakaeraz?

Ilusio handia egiten dit. Hazkunde hori oso bizkor izan da. Gure kasuan ere gertatu da, baina mantsoago. Izan ere, bere garaian izan zen hazkunde txiki bat. Norabide onean goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.