Bi ereduen talka, zulotik irteteko

Presidentea ez ezik, gainbehera ekonomikotik ateratzeko eredua aukeratuko dute gaur Brasilen, kanpaina garratz baten ondoren. Dilma Rousseff eta Aecio Neves, orekatuta azken inkestetan
Rousseff, estatuak ekonomian esku hartzearen aldekoa.
Rousseff, estatuak ekonomian esku hartzearen aldekoa. SEBASTIÃO MOREIRA / EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 26
PT Langileen Alderdiaren azken hamabi urteko lorpen sozialak —milioika lagun pobreziatik atera dira gizarte laguntzei esker— ez zaizkio nahikoak Dilma Rousseffi garaipena ziurtatzeko. Bigarren itzulia jokatuko du presidenteak gaur Aecio Neves PSDB Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdiko hautagaiaren aurka. Inkestek Rousseff jartzen dute aurretik, baina aldea hain txikia da, ezen errakuntza tartea dela-eta berdinketa teknikotzat jotzen dute. Azken orduko inkesta batek abantaila handiagoa ematen dio presidenteari, sei punturen aldea. Halere, Neves ez da zundaketa etxeez fio, lehengo itzulian aurreikuspenak irauli baitzituen. «Inkestei kasu egiten badiegu, dagoeneko presidentea naiz». Beste legealdi batera aurkeztu diren presidente guztiek irabazi dituzte bozak orain arte Brasilen.

Ekonomia izan da hauteskunde kanpainaren ardatza. Krisiak herrialdea astindu du, eta gobernu aldaketaren alde egitera bultza ditzake herritar asko. Hazkundea trabatuta dago: BPG barne produktu gordinaren %0,7 igoko da aurten, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Inflazioak ere gobernuak jarritako %6,5eko langatik gora egin du. Brasilgo finantza publikoak ere estu daude, zergen bidez diru gutxiago bildu baitute, eta zailagoa dute kontsumoa bultzatzeko pizgarriak ezartzea, orain arte Rousseffek egin bezala.

Bi eredu daude aurrez aurre zulotik ateratzeko. Rousseff estatuak ekonomian esku hartzearen aldekoa da, eta haren rol «erregulatzailea eta suhiltzailea» defendatzen du, banka publikoa babestearekin batera. Bere agintaldian lehentasunezko maileguekin babestu ditu estu zeuden sektoreak, eta diru laguntza publikoak banatu ditu behartsuenen artean.

Neves, bestalde, kontserbadorea da. Banka publikoaren erabilera «arrazionalizatu» nahi du, eta estatuaren tamaina txikitu. Merkatuen hautagai kuttuna da, ekonomian agintarien esku hartzea txikitzearen aldekoa baita. Rousseffek inkestetan gora egin duen aldiro Sao Pauloko baloreen merkatuak, herrialdeko garrantzitsuenak, behera egin du.

Erreformak, nahitaez

Hurrengo presidentea bietako edonor dela ere, gutxik jartzen dute zalantzan erreformen beharra ekonomiak aurrera egiteko. Hala eta guztiz ere, presidentegaiek ez dute zehaztu zer neurri hartuko dituzten.

Rousseffen zenbakiak urrun daude Luiz Inazio da Silva Lula-ren legealdikoetatik. Batez beste urtero %4 hazi zen ekonomia Lularen agintaldian. Lehengaien prezioen gorakadak bultzatuta, 2010ean %7,5eko hazkundea izan zuen, eta inbestitzaile ugari erakarri zituen. Rousseffen lehenengo urtean, 2011n, %2,7 hazi zen ekonomia. Hurrengo urteetan, %1 eta %2,3, hurrenez hurren.

Kontsumoaren gurpilari eusten saiatu da PTko burua. Gutxieneko soldata igo du, mailegu merkeak sustatu ditu, eta langileen soldatak mantendu. Baina formula horrek ez dio etekinik eman. Inbertsioek hondoa jo dute: BPGaren %16,5 jaitsi dira. Datu baikor bakarra langabeziarena da: %5eko langabezia tasari eustea lortu du. Nazioarteko finantza krisiaren eraginari egotzi dio presidenteak atzeraldia. Akatsak onartu ditu, eta bigarren legealdirako aukeratzen badute, hitzeman du Guido Mantega Ekonomia ministroa kargugabetuko duela.

«Berriro hazi». Esaldi hori erabili du behin eta berriz Nevesek eztabaidetan. Atzeraldiaren erantzule egin du Nevesek PTko hautagaia, eta hondatutako ekonomiaren salbatzailetzat saldu du bere burua. Planalto jauregiko bidean adiskide indartsu batekin topatu da: Marina Silva PSB Brasilgo Alderdi Sozialistako hautagaiarekin. Lehen itzulian botoen %21 eskuratuta, lehiatik kanpo geratu da. Gutxi iraun du Eduardo Camposen heriotzaren ondotik haren hautagaitzak sortutako lurrikarak.

Ustelkeria kasuek eta zerbitzu publikoen inbertsio faltak gogaitutako haserretuen botoak bilatu ditu Silvak, eta «gobernatzeko era berri bat» proposatu du. Herritarren kezka nagusiak dira politikarien ustelkeria kasuak, eta tarte handia izan dute eztabaidetan, batez ere azkenekoan, herenegun. «Argi geratu da Brasilek aldaketa nahi duela», esan zuen Silvak lehen itzuliko emaitzak jakitean. Nevesen alde, hauteskunde iragarkiak grabatu ditu. Izan ere, Nevesek politikarekin nekatuta daudenen botoak beharko ditu gaur irabazteko, baina analistek zaila ikusten dute horiek hautagai liberalarekin bat egitea. Urte luzez Minas Gerais estatuko gobernatzailea izan da —kudeatzaile gisa duen eskarmentua nabarmendu du askotan—, eta betiko politikariaren irudia oso errotua du.

Diru laguntzak, PTren ikur

Gizarte arloa da PTren ikurra. Alderdi bien artean, ordea, ez dago desberdintasun handirik, biek hitzeman baitute behartsuenen aldeko diru laguntza programei eutsiko dietela. Fernando Henrique Cardoso PSDBko Brasilgo presidente izandakoak abiatu zituen programok, eta Lularen eta Rousseffen gobernuek indartu zituzten, baliabide gehiago emanez. 40 milioi lagun inguru atera dira pobreziatik politika horiei esker. Eztabaida sutsuak izan dituzte bi hautagaiek, gizarte laguntzak nork abiatu ote. «Cardoso izan zela Familiaren Diru Laguntzaren egilea? Ez deformatu errealitatea, PSDBk ez du sekula gizarte programa zabalik izan», leporatu dio Rousseffek PSBDko hautagaiari.

Cardosoren izena askotan aipatu dute kanpainan. Hautagaiek badakite presidente izateko giltza klase ertainak duela, C klasea deiturikoak, hain zuzen ere. Klase ertainaren barruan diru sarrera apalenak dituztenen multzoa da. PTko iragarkietan ohartarazi dute Nevesek irabaziz gero herrialdea «Cardosoren garaira» itzuliko dela. Cardosok merkatua askatzeko erreformak egin zituen 1994-2002 urteen bitartean, presidente zela. Inflazioa jaitsi eta ondoren etorriko zen hazkunderako oinarriak ezarri zituen. Baina boto-emaile askok, batez ere klase ertainekoek, langabezia tasa altuarekin, finantza krisiarekin eta gobernuaren eta hezkuntza sistemaren gaineko elitearen kontrolarekin lotzen dute Cardoso. Rousseffek berak idatzitako eskutitz bat erabili du PSDBk defendatzeko. 2011n, giroa horren gaiztotuta ez zegoenean, Cardoso zoriondu zuen presidenteak inflazioa jaisteko hartutako neurriengatik. «Nor ari da gezurretan? Botoak irabazteko erasotzen duen Dilma, edo eskutitza sinatu zuena?», dio PSBDko iragarki batek.

Ez da ohikoa izaten kanpainan eraso horren pertsonalak egitea. Baina bi presidentegaien arteko tarte txikiaren ondorioz, bigarren itzulian oso erasokor aritu dira. «Burugabe» deitu zion Nevesek behin aurkariari. Lulak haren hautagaia babesteko premia sentitu zuen, eta are urrunago jo zuen: nazitzat hartu zuen Neves. O Globo egunkariari eginiko adierazpenetan Jose Antonio Dias Toffoli Hauteskunde Batzorde Gorenaren presidenteak azaldu duenez, norberak berea defendatu beharrean, «elkar suntsitzen» saiatu dira. «Maila oso baxuko kanpaina izan da». Ekonomia bideratzeko erronkaz gain, Brasilgo hurrengo presidenteak kanpainan zatitutako herrialdea batzeko erronka ere izango du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna