Gorka Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Etxe aurretik

2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gaur nire etxe aurretik pasatuko da Itzulia. Hain justu, 100. kilometroan igaroko gara Ormaiztegitik, eta etxeko ataria ikusiko dut. Ez da halako zerbait gertatuko zaidan lehen aldia, baina beti egiten du ilusioa. Gurasoak gurekin ibili dira Itzuliko lehen bi etapetan, baina, herrira iristean, gutxitan ikusten duzun jende hori duzu animoak ematen, eta berezia da. Han anaiak eta biok beste inork baino animo gehiago jasoko dugu.

Itzulia ume-umetatik ezagutzen ditudan errepide horietatik ibiliko da: Ormaiztegi, OƱati, Azpeitia... Gipuzkoan egin ginen gu txirrindulari, eta bertan entrenatu gara betidanik. Ilusio egiten du horrek, eta, era berean, segurtasuna ematen du, ondo ezagutzen ditugun bideak direlako. Eta hori gaur garrantzitsua izango da, Itzuliak beste itxura bat hartuko duelako. Gaur ihesaldia ez da hain erraz osatuko, eta hasieran bizi joango gara. Donostiako amaiera ere bihurria da, eta erne ibili beharko dugu. Ez dakit zein planteamendu egingo duten taldeek, baina mugimendua egon daiteke.

Eta atzokoa zer? Bada, hasiera lasaia izan zen, baina ez ginen paseoan ibili, askok hala pentsatu, eta batzuek idatziko duten arren. Haizeleku pare bat pasatu genituen, eta gu badaezpada ere belarriak tente ibili ginen, hitz egiteko aukera askorik gabe. Ez dakit telebistan ikusi zen, baina Trek haize babes bat egiten saiatu zen Contador, Irizar eta Zubeldiarekin, baina ez zitzaien irten. Toki hori ondo ezagutzen nuen nik, eta taldekideei lasai egoteko esan nien, banekielako ez zela horrelako maniobra bat egiteko aproposa. Joan den igandean esan nizuen anaia eta biok urtarrilean egon ginela etapa aztertzen, eta, egia esan, horrelako etapa bat espero genuen.

Azken kilometroetan, gainera, tentsio hori areagotu egin zen. Ipar haizea sartu zen. Telebistan ez da sumatzen, baina guri eragin egiten digu, eta talde guztiak badaezpada ere liderrak aurrean jartzen saiatu ginen. Edozein hanka-sartzek eragina izan dezake, eta, horregatik, tentsio handia egon zen tropelean. Beraz, bai, Arabako Errioxako etapa lasaia izan zen, hasieran batez ere, baina ez dirudien bezain lasaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.