Pilota. Lau t'erdiko finala

Zaharrago, jakintsuago

«Inor ez da ezinbestekoa», dio Irujok, baina Aspek jokatu dituen azken zazpi finaletan bera egon da tartean, eta udan berak jokatu du estelar gehien. Arduraz darama erantzukizun hori, 34 urtean pilaturiko eskarmentuarekin.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Aspaldi kendu zituen belarritakoak Juan Martinez de Irujok (Ibero, Nafarroa, 1981). Jenio bizia ez du galdu, dena den, ezta komeni ere galtzea, baina, ia kolpetik, Aspeko koadroko pilotari zaharrenetan hirugarrena da. Barriola (37 urte) eta Xala (36) ditu bakarrik aurretik. «30 urteetatik gora, aurreko guztietan baino gehiago ikasi dut pilotari buruz. Batez ere, gauzak egiteko moduaz. Dena asmatuta dagoela dirudi, baina ikasteko eta erakusteko garaian asko dago airean». Heldutasuna dei dakioke, baina bere jokoak azken urteetan lortu duen orekak asko eman dio. Hala onartu izan du. «Oraingo Irujok 2004koari irabaziko lioke, espero! Ikasiz zoaz... Nik eskarmentuari esker ikasi dudana galduriko indarra baino gehiago da, orain arte behintzat».

Jada 34 urte ditu, eta beteranoaren mintzoa du. Pisu astuna da aldagelan, eta ez du herdoilik izan mihian enpresek arautegia nola erabiltzen duten edota beharturiko atsedenaldiak kritikatzeko. Ekimen hori, baina, kantxan ere ikusi da. Titin erretiratu zenetik, enpresako erreferente nagusi bilakatu da, eta gustura hartu du ardura hori aurtengo udan. «Erantzukizuna da. Enpresaren konpromisoa betetzeko ahalegina egiten duzu. Baina, tira, Aspek badu jaialdi onak emateko nahikoa berme, ni egon edo ez».

Zifrek, palmaresak eta finalek, baina, garbi hitz egiten dute: Irujo tartean egon da Aspek jokaturiko azken zazpi finaletan —aurreko bi urteetako seiak, eta aurtengo lau t'erdikoa—. Aurtengo udan, berriz, lau torneotako finaletan sartu da, eta bi irabazi ditu. Bera da oraindik izen nagusia. «Inor ez da ezinbestekoa», zehaztu du Irujok. «Nik ez dut presiorik sumatzen horregatik. Niri jokatzeagatik ordaintzen didate, eta, nire ustez, enpresa zenbat eta hobeto joan, orduan eta hobe pilotariarentzat ere. Edozein lanetan bezala da. Nire interesei begiratzen diet, noski, baina besteenei ere bai». Enpresa pilotari baten diskurtsoa da hori.

Lau t'erdikoa du 2015eko lehen finala. Balantze urria dirudi 2013an hiru finalak jokatu zituela eta 2014an hiru txapelak irabazi zituela kontuan hartuta. Azalpena eten du Irujok. «2013ko eta 2014koa da normala ez dena. Hiru finalak jokatzea ez da normala, lehiakortasun maila goraka doalako». Aurten, baina, osasunak ez dio lagundu, eta, eskua ondo izan arren, giharretako arazoek zamatu dute. «Ni beti bezala entrenatu naiz, baina lesioak iritsi dira. Binakakoan zuntz haustura izan nuen saihetsetan, eta buruz burukoan soleoan. Guk egutegi oso estua dugu, eta hilabete txar bat baldin baduzu, alarma guztiak pizten dira».

Irujoren kasuan, ez dirudi lesioak urteen eraginarengatik direnik. Halere, siesta ezinbesteko duen garaia iritsi zaio, eta onartu du ahalegin handien ondoren gorputzari buelta ematea kostatzen zaiola. Haren aurkariak, dena den, askoz gazteagoak dira: Altuna III.ak, Irribarriak... 19na urte dituzte. Tentua eskatu du: «Etorkizuna bermatuta dago, baina ez oraina. Gazteak dira, eta, ofizio honetan, egunero egin behar da lan, eta ez da erraza irabaztea». Irujok ia 22 urterekin egin zuen profesionaletako debuta.

Gazteei buruz hitz egiten hasita, belaunaldi berriko alerik onenaren izena etorri zaio burura: Mikel Urrutikoetxea. Onena ez bada, bai behintzat txapelen lehian murgildu den lehenbizikoa, eta hura du igandean aurkari. Irujo baino zortzi urte gazteagoa da, eta haren bilakaera gertutik ikusi du: «Urrutiren aldaketa botetik airez jokatzera igaro den pilotariarena da.Harrigarria da azken urtean izan duen hobekuntza fisikoa. Uste dut ahal fisikoari esker irabazi ziola Bengoetxeari». Buruz buruko txapela irabazteak ere mesede egin dio, Irujoren iritziz: «Ziur, konfiantza eman dio. Hirugarren izan ostean, finala jokatzeko aukera izan zuen, eta merezimendu osoz irabazi zuen txapela, egun hartan Olaizola II.a baino hobea izan zelako».

Lau t'erdiko honetan, berarengan ohiko den bezala, behetik gora egin du. Ligaxkako lehen partida galdu egin zuen Irujok, Urrutikoetxearen aurka. 3-11 eta 9-16 irabazten joan ondoren egin zion ihes partidak. «Besoa uzkurtu zitzaidan. Lau t'erdiko marra pasatzeko beldurra sartu zitzaidan, eta pilota guztiak muturren aurrean utzi nizkion, eta badakigu nola errematatzen duen. Ez dago beste azalpenik». Dena den, porrot hark mesede egin diezaiokeela uste du. «Perfektu jokatu behar dudala ikusi dut, oparirik gabe. Oso ondo hasi arren, galdu egin nuen. Urrutik ere behetik gora egin du txapelketan».

Lau t'erdikoa inoiz ez da izan Irujoren gustukoa. Kaiolan ez da gustura ibili, baina hiru txapel ditu jadanik. «Hor dago, baina igandean batere jokatu ez banu bezala irtengo naiz kantxara. Hori bai, aurreko zazpietan pilaturiko eskarmentuarekin». Halere, badaki aurtengoa ez duela izan txapelketarik onena. «Erregulartasuna falta izan zait, eta, lehen partida galdu ondoren, larri ikusi dut neure burua ligaxkan. Retegi eta Xalaren aurka partida galtzeko zorian egon nintzen. Parean duzunak beti jokatzen du oso ondo».

Ligaxkan sufritu zuen, baina finalerdietan 22-6 irabazi zion Olaizola II.ari. Ezohiko emaitza izan zen elkarren aukako partida baterako. Olaizolak eskua mindua zuen, baina Irujok bereari begiratzen dio. «Irabazteagatik baino gehiago, nik jokatu nuen moduarengatik. Dena ondo irten zitzaidan: botera, airez, saketik... Morala ematen dizu». Morala, bai, baina gehiegizkoa? «Ez, ez noa hazita. Finalerdi onak ez du ezer esan nahi. Urrutikoetxeak irabaz dezake txapela. Ligaxkan irabazi bazidan, zergatik ez dit finalean berriz irabaziko? Jokoa sobran du horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.