Errusiako Munduko Kopa: B multzoa. Maroko

Aspaldiko partez ariko da

Aspaldiko partez ariko da.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Badira hogei urte Marokok ez duela Munduko Koparik jokatzen. Ez dute ahazteko hangoek, gutxi behar izan zuelako final-zortzirenetan sartzeko. Norvegiak Brasili partida amaieran irabazi izanak utzi zuen kanpoan Afrikako iparraldeko selekzioa. Sailkatu izan balitz, bigarren aldia izango zuen kanporaketa horretan, 1986an iritsi baitzen aurrenekoz muga horretaraino. Historikoa izan zen emaitza hori, lehen aldiz sailkatu baitzen Afrikako selekzio bat Munduko Kopako final-zortzirenetarako.

Dagoen multzoan egonda, ez du ematen aukera handirik dugunik berriz ere balentria bera egiteko, Espainia eta Portugal faborito handiak direlako aurrera jarraitzeko txapelketan. Baina jokatu egin behar izaten dira partidak, eta Marokoren barruan badira jokalari interesgarriak, Europako liga onetan dabiltzanak jokatzen, eta eman diezaiokete ezusteren bat multzo honetako bi selekziorik indartsuenei. Mehdi Benatia erdiko atzelaria (Juventus), Hakim Ziyech erdilaria (Ajax) eta Fayçal Fajr (Getafe) erdilariak eta Nordin Amrabat (Leganes) aurrelaria dira ezagunenak. Baina taldean du indarra Marokok.

Herve Renard frantziarra da entrenatzailea, Afrikako hainbat selekzio zuzendu dituena: Ghana, Zambia, Angola, Aljeria eta Boli Kosta. Bi aldiz du irabazia Afrika Kopa, 2012an Zambiarekin eta 2015ean Boli Kostarekin. Defentsako lana du oinarri sendo, haren taldea izan baita bakarra golik sartu ez diotena Munduko Koparako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.