BESTEEN AHOTIK

2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

«Asmatu egin zuten, eta asmatu!»

Maialen Lujanbio Bertsolaria

«Eskuzabalak izan ziren, batez ere, euren bat-batekotasunaren dohaina eurentzat gorde gabe besteri emateko modua asmatu zutenak eta bertsolaritzaren zabaltze hartan lan egin zutenak. Bertso Eskola asmatu zuten, bertso zaletasunaren eskola. Konbibentzia maketa bat. Kantuaren gozamena, hizkuntzaren gustua eta ideia laborategia. Eskolatuen eta eskola gabeen eskola. Adin desberdineko kideak batean hartzen dituena. Bere metodorik eza asmatu eta berrasmatzen duen esperimentua. Bakarkako lana taldean egiteko lekua, eta taldean, lekuko zaletasuna lantzekoa. Asmatu egin zuten, eta asmatu! Ez dago gaur egungo bertsogintza eta bertsolaritza ulertzerik Bertso Eskolarik gabe, eta bertan ezkutuko lana egin duen eta egiten ari den hainbeste jenderen ekarria kontuan hartu gabe. Mila esker gutxi da».

«Bertso eskola bat desertifikazioa gelditzeko baratze ttikia da»

Amets Arzallus Bertsolaria

«Oso modu oharkabean hasi nintzen hara joaten, aitak eramanik. Ez dakit oso ongi noiz, eta ez dakit han zer aurkitzen nuen ere, niretzat orduan dena zen oso oharkabea. Orain konturatzen naiz belaunaldi horren intuizioaren balioaz, nola sortu zituzten eskola haiek, eta sarritan metodologia inprobisazioaren parte bihurtuz, nola eutsi zieten. Izan ere, lehen bezala orain, eta bereziki iparraldea deitzen zaion ekialde honetan, bertso eskola bat ez da bertsotarako formazio zentro bat, bertso eskola bat baratze ttiki bat da, desertifikazioa gelditzeko ahaleginetan ari dena, biharko hizkuntzaren kontzientzia eta kalitatea lantzeko tailer bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.