Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. GALDEZKA. Ane Larrinaga. EHUko soziologia, irakaslea
Zer eskatuko zenioke lehendakariari?

«Unibertsitate publikoa inbertsioa da etorkizunean»
«Lehendakariari eskatuko nioke tinko egin dezala unibertsitate publikoaren alde. Gauden egoeran egonda, inoiz baino argiago dago euskal gizartean era guztietako zerbitzu publikoek duten garrantzia, dagoeneko mahai gainean dauzkagun desafioei aurre egiteko. Testuinguru horretan ulertu behar dugu unibertsitate publikoaren zeregina. Bizi dugun pandemian lan eskerga egiten ari diren osasungintzako profesionalak, esaterako, hein handi batean, unibertsitate publikoak prestatutakoak dira.
Ildo horretan, lehendakariari gogoraraziko nioke gaur egungo euskal gizartean dagoen goi mailako giza kapitala ez legokeela unibertsitate publikorik gabe. Azken lau hamarkadetako ibilbidean ehunka mila profesional eta ikertzaile atera dira bertako ikasgela eta laborategietatik. Horien artean daude jatorri sozial apaleko gazteak, unibertsitatera ailegatu diren lehen belaunaldietako emakumeak, eta baita oraintsuko etorkinen seme-alabak ere. Zalantzarik gabe, euskal gizartearen kohesiorako eta berdintasunerako eragile erabakigarria da unibertsitate publikoa.
Azkenik, lehendakariari adieraziko nioke badaudela egon merkatuaren irizpideen arabera toki askotan baztertu egiten diren irakaskuntzak, ikerketak eta ezagutza-produkzioak, euskal gizartearen ongizaterako ez ezik haren askatasunerako eta aniztasunerako ere beharrezkoak direnak, eta unibertsitate publikoak lantzen dituenak, euskaraz, berdintasunean eta askotarikotasunaren irizpidea bermatuta. Horregatik, azalduko nioke unibertsitate publikoari baliabideak bermatzea ez dela, inondik ere, dirua alferrik xahutzea; aitzitik, euskal gizartearen etorkizunerako inbertsioa dela, haren garapenean eta ezinbestekoak diren eraldaketetan eragin onuragarriak izango dituena».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.