martxelo otamendi
ANALISIA

PPren (ustezko) suizidioa

2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Kanpoko begirale batentzat oso interesgarria da Katalunian gertatzen ari dena, eta batzuetan bitxia ere bai. Zenbat eta urrutiagotik begiratu, orduan eta bitxiago irudituko zaio, seguru asko ez duelako bere herrian horrelakorik ikusi.

PPren hautagai Albiolek eskaini zigun duela gutxi bitxikeria horietako bat. Inkesta batzuen arabera, PP izango da Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetan eserleku gutxien aterako duen alderdia. Duela gutxi Espainiako Gobernuak indarrez desegin zuen legebiltzarrean CUP da azkena (hamar eserleku), eta PP azken-aurrekoa (11), oso alde txikiarekin. Albiolen kezkarik handiena osteguneko hauteskundeei begira CUPen atzetik ez geratzea da, hau da, azkena ez geratzea. Eta aurreko batean kezka hori erregu publikoa bihurtu zuen, jendaurrean esan baitzuen ikaragarri kaltegarria izango litzatekeela inkestek diotena gertatzea.

Albiolen itxaropen pertsonal bakarra, aurretik ere gertatu da bere alderdiarekin, inkestetan islatzen ez den PPren boto emaile ezkutukoa joatea bozkatzera etzi. Hala ez bada, gaur egun modan dagoen espresioa erabilita, historiaren paperontzira botako dute herritarrek Albiol, Kataluniako PPren aurpegirik gogorrena, Vidal-Cuadrasen ondotik. Askotan esan dugu Espainiako Gobernua, eta estatu egiturak, independentziazaleak sortzeko makina dela, horrela da, eta erantsi beharko genuke, Kataluniako PPren liderrak txirtxilatzeko makina ere bai: Sanchez Camacho, Pique… Elkarrizketa batean baino gehiagotan galdetu diote Albioli azkena geratuz gero zer.

Espainiako PPri ez zaio axola, bere buruaz beste egiteraino, Espainian konpetentzia (eta osagarria) zaion Ciudadanosi ematea protagonismo guztia Katalunian, eta haren esku uztea unionisten bandera. Ahaztu egin zaigu Ciutadans izan zela alderdiaren sorrerako izena, eta PSCk Maragallen eta Montillaren hirukoetan (Esquerra eta Iniciativarekin osatua) zeukan jarrera katalanistari aurre egiteko jaio zela, PSCren ingurukoek sortua. Oso hasiera apala izan arren (hiru eserleku lehen parte hartzean), gaur egun independentismoaren aurkako aukera nagusia da, estatu egituren esperantza boto unionista bildu eta, azken manifestazio jendetsuan ikusi bezala, aktibatzeko. Eta horretarako PP ahuldu eta estatuaren aldarean sakrifikatu behar bada, egin dadila.

Igoera meteorikoa eduki du, bigarren izan zen etendako legebiltzarrean eta, inkesten arabera, oso ondo iritsi da osteguneko esprintean garaipena ERCri eta Junts Per Catalunyari lehiatzeko. Hasieran PSCtik hartu zituen botoak, gaur egun, inkestetan irakur litezkeen alderdien arteko boto trantsizioak aztertzen dituztenen arabera, PPtik eta Podemetik. Estatuaren aparatu mediatiko publiko eta pribatuaren bultzada dauka, estatuaren azken aukera delako. Horrela ere ezin badu independentziazaletasuna oposiziora bidali, beste alternatiba politikoa pentsatu beharko dute estatuaren estrategiaren ardura daukatenek.

Kanpotik etorritakoak ez du ulertzen azken asteotan Katalunian herritarrak zanpatu eta erakundeetako arduradunak kartzelan sartu eta deserrira bidali dituen alderdia azkena geratzeko arriskuan egotea. Gobernu baten deslegitimazioaren irudirik argiena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.