Mikel Goñi. Eureka museoko dibulgazio arduraduna

«Ikasleak dira museoaren jardueraren zutabe nagusia»

<b>'Argi ibili'.</b> Argazkigintza matematikoaren inguruko erakusketa zabaldu zuen Kutxaguneak 2005eko otsailean. Matematikaren printzipioak islatzen zituzten askotariko argazki haiek.
'Argi ibili'. Argazkigintza matematikoaren inguruko erakusketa zabaldu zuen Kutxaguneak 2005eko otsailean. Matematikaren printzipioak islatzen zituzten askotariko argazki haiek. EUREKA MUSEOA

X. Martin -

2011ko ekainak 4
Mikel Goñik apenas hartzen duen atsedenik egunotan. Beti dabil tailer berri baterako, erakusketa berri baterako edo instalazio berri baterako proiektuan sartuta. Eureka museoa etengabe berritzen da, eta edukien berrikuntza horretan Goñi da arduradun nagusietako bat.

Gaur ere parkinga autobusez gainezka dago. Eureka museoan ez dituzue bisitariak falta.

Ez; egia esateko, ikasleak dira gure jardueraren zutabe nagusia; horretan inbertitzen dugu gure denbora gehiena eta ahalegin handiena.

Funtzio didaktikoa da, hortaz, zuen zeregin nagusia?

Bai, baina hainbat ataletan. Guretzat oso garrantzitsuak dira ikasleak, eta baita irakasleak ere, baina ez dira bakarrak. Gurera familia osoak datoz, adibidez, eta zientziaren komunikazio soziala ere bada gure ardura. Hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ditugu, esaterako; baina bai, hezkuntza mundua funtsezkoa da guretzat.

Urtero zenbat ikasle hartzen dituzue?

Hamar urtean ia milioi erdi baten bisitak izan ditugu, urtero batez beste 40.000 ikasle inguru. Eureka da Euskal Herrian gehien bisitatutako museoa ikasleei dagokienez. Beraz, esan dezakegu egiten dugun lanak, erein dugunak, bere fruituak ematen dituela gero.

Hezkuntza sare osoarekin harreman handia izango duzue, ezta?

Bai, ongi antolaturik daukagu hori. Orain hiru urte Suspertu hitzarmena sinatu genuen, irakasleen etengabeko trebakuntza bultzatzeko, eta horrek badu bere garrantzia ikasleengan ere.

Zer-nolako gaiak dibulgatzen dituzue zientziaren barnean betiere?

Denetarik, baina gaur-gaurkoak direnei lehentasuna emanez. Mundu garaikideko zientziak, iraunkortasuna eta energia iturri berriztagarriak, kimikaren urtean kimikari buruzkoak… askotarikoak dira. Urterik emankorrena iaz izan genuen irakasleak trebatzeko eginkizun horretan, 147 etorri zitzaizkigun.

Nola barneratu gazteak oso konplexuak izan daitezkeen zientziaren edukietan?

Ulertzeko zailak izan daitezkeen eduki potolo horiek errazten saiatzen gara beti, eta, horretarako, 180 modulu interaktibo ditugu, fisika, kimika eta beste diziplinetako oinarrizko printzipioak ikus ditzaten, azter ditzaten, ukituz esaterako. Lanabes didaktikoak eraginkorrak dira. Eta, horrez gain, tailerrak ditugu; tailerrak gure tresna garrantzitsuenetakoak dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna