UDAKO SERIEA. Egungo euskal musikaren erradiografia bat (I). Kantagintza arnasberritua. 

Belaunaldia bai, mugimendua ez

Bakarkako ibiliari ekin aurretik, bestelako musika esperientziak bildu dituzte; ez daukate euren burua kolektibo bateko kidetzat, baina berberak dituzte egiteko modu batzuk eta aldika elkartzeko gogoa.

gorka erostarbe leunda
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Tradizioari traizioa egitea. «Ziur aski hori da lotzen gaituen elementu komunena. Ortodoxiatik ihes egiteko behar hori». Horrela uste du Iban Urizar Amorante-k. «Elementu bertsuak erabiltzen ditugu, batzuetan, gure diskurtso musikala eratzeko, baina hortik aurrera, nor bere mundua eraikiz joan da, gehienetan ortodoxiatik ihes eginez». Joseba Irazokik ere, bide bertsutik: «Bilaketa edo identitate propioa eduki nahi horrek elkartzen gaitu. Halere, ez dut uste eszena bat sortu denik ere; horrek bere arriskuak eduki ditzake».

Batzen ditu bilaketak. Eta batzen ditu eskarmentuak eta iraganak ere. Bakarkako ibiliari ekin aurretik, biak aritu ziren Mengele Quartet free-jazza eta musika esperimentala batzen zituen taldean. Balirudike urteetan pilaturiko esperientziak, batez ere rocketik eta mundu esperimentaletik jasotakoak, forma propioz lehertu direla bakarkakoan. «Oro har, estilo aniztasuna asko zabaldu da euskara erabiltzen dugun musikarien artean: uste dut buelta bat eman diotela bakarlari formatu klasikoari», zehaztu du Irazokik.

Egokitzen denean, beharrezko ikusten dutenean, nahi dutenean, elkarrekin aritzen dira. Amorantek parte hartu du, esaterako, Mursegoren %100 Oion diskoan. Mursegok berak ere parte hartu izan du Amoranteren eta Irazokiren proiektuetan. Honela dio Mursegok: «Asko edaten dugu tradiziotik eta herri kantutik. Ez dugu beldurrik genero edo estilo desberdinak nahasteko, hizkuntzak nahasteko... Baina kantagintza eraberritu dugula esatea gehiegi esatea da». Kolektibo bateko kide sentitzekotan, Bidehutsek osatzen duen horren kide sentitzen da: «Lisaboren maketan jo nuen, Anarirekin aritu naiz, eta musikaren munduan jarrera bat partekatzen dut. Moduren batean bai sentitzen dudala hor gertutasun bat».

Mursegok ere eskarmentua pilatu zuen hezkuntza akademikotik hasi eta Moraurekin, Anarirekin eta Xabier Montoiarekin lan eginez eta zuzenean arituz. «Izan gaitezke kontserbatorioan ikasitako musikari belaunaldi bat, akademiatik datorrena: baliteke justu horregatik beste musika bat egiteko beharra izatea, klasikoa ez den beste musika bat erreibindikatzeko beharra izatea, esperimentatzekoa».

Antzinako musika jotzen du ogibidez Maite Larburuk ere. Duela hiruzpalau urte hasi zuen ibilbidea pop kantagintzan, Neighbor proiektuaren bidez. «Euskal Herriko musikari zenbaitengana hurbiltzeko urtea izan da azken urte hau. Batez ere, Morau, Mursego eta Asier L.I. ezagutu ditut. Ikaragarri eskertu dudan bizipena izan da, uharte izateari utzi eta penintsula izatearen ispilatzea sumatzeko besterik ez bada ere, Euskal Herrian musikaz norekin hitz egin badudala sinesteko besterik ez bada ere...».

Juan Gorostidik argi dauka kantagintza arnasberritua belaunaldi baten kontua dela : «Bai, belaunaldi bat da. Aurreko formulak kamustu dira. Eguneroko edozein material dute erabilgarri, baina erabat bazterturik aurrekoen epika. Dolu bat dago, eta baita bizipoza ere. Formulazio berrietan, hizkuntza musikalek lehen ez zuten garrantzia dute orain». Belaunalditzat jotzen ditu Morauk ere, baina ez inolako mugimendutzat. «Ez dut ikusten, artistengan bederen, horrelako mugimendurik sortzeko beharra edo gogoa. Bakoitza bere aldetik ari da, elkarlanak egiten dituzte, baina uste dut ez dagoela banderarik altxatzeko asmorik».

Elkartzeko beharra sentitu zuten, esaterako, Euskal Herria Zuzenean jaialdia bertan behera gelditu eta proiektuari hauspo emateko. Mursego: «Oso interesgarria begitantzen zait Bukowskin eta Bilbon gertatua. Di-da batean dena antolatu, eta dozena pasatxo aritu ginen modu erdi inprobisatuan». Badago batzen dituen hari lauso bat: «Energia bat, komunitate aktibo bat nahi bada, baina ez dugu izenik behar. Pozik nago Bukowskiko ekintzan parte hartu izanaz; sentitu nuen zerbaiten parte nintzela».

Bihar: Mahai-ingurua: Imanol Ubeda, Ion Andoni Del Amo eta Leire Lopez Ziluaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.