Joxerra Olano. IKAko kidea

GIDOIA ZABALETA / ARP.
2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun

1

«Euskara batuak egin duen bidea arrakastatsua izan da, euskal hiztun gehien-gehienok geure egin baitugu; jakitun gure hizkuntza komunitateak estandar horren beharra zuela. Irakaskuntzan, hedabideetan eta administrazioan, esaterako, nekez irudika genezake euskarak egin duen aurrerabidea euskara baturik gabe. Zailtasunak ere izan dira, ordea. Batetik, behar baino jende gutxiago alfabetatu da, eta horrek adin batetik gorako hiztun mordoxkak euskara estandarra zer den oso garbi ez jakitea ekarri du, eta ezjakintasun horrek zenbait uste oker zabaltzea erraztu du. Zorionez, gero eta gutxiagotan entzuten ditugu 'euskara berri hori' eta horrelakoak euskaldunen ahotik. Besterik da euskara bultzatzeko kezkarik ez duten zenbait agintari eta alderdik duten euskara batuaren kontrako jarrera. Erdaldun horiek lotsarik gabe saiatzen dira euskara batua gutxietsi eta euskalkiak goresten, tokian tokiko euskalkien geroak kezka larria sortuko balie bezala. Gaztelania estandarraren kontrako hitzik, ordea, ez dute egiten».

2

«Komeniko litzateke euskara batuaz ari garenean zertaz ari garen zabaltzea, Euskaltzaindiak zer batu duen gogoraraztea. Aditza eta deklinabidea ditugu. Hiztegia ere batzen ari dira. Azkenik, euskara baturako Euskaltzaindiak emandako arau sorta dugu. Hori da 1968an josten hasi ziren jantzia, oraindik ere dotoretzen ari direna. Bestalde, txarra da hizkuntza komunikatzeko tresna dugula ahanztea. Kontuan hartu behar dugu helarazi nahi dugun mezua nork jasoko duen, euskara batua edo nork bere euskalkia erabiltzeko. Erabilera esparruak argitze hori hedatu beharra dago, azken batean, euskara batua eta euskalkiak elkarren osagarri baitira. Hemen arazo nagusia euskaraz bizitzeko zailtasuna dugu, gure hizkuntza gure herrian nagusi ez izatea, finean, eta ez zer hizkera erabili erabakitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.