Madeleine Habib. 'Dignity 1' ontziko kapitaina

«Txundigarria da egoera zail horretan erakusten duten indarra»

Mediterraneoan iheslariak erreskatatzen ditu Habibek MSFren ontzian. Jatekoa eta edatekoa eskaintzeaz gainera, tratu atsegina ere ematen diete: «Ahaztua dute zer den duintasunez tratatuak izatea».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Ibarra
2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Itsasoari eta ekintzailetasunari emandako bizitza da Madeleine Habib kapitainarena (Liverpool, Erresuma Batua, 1966). Greenpeace erakundeko Rainbow Warrior ontzian lana egin du urte askoan, baina MSF Mugarik Gabeko Medikuek Mediterraneoan errefuxiatuak erreskatatzeko lantaldearen berri izan zuenean ez zuen zalantzarik egin. «Pentsatu nuen: itsasontzi horretan egon behar nuen nik». Lotura zuzena du Habibek migrazioarekin. Haren aitak Egiptotik ihes egin zuen, eta, Erresuma Batuan babes hartu ostean, Australian finkatu zen. Lan eskerka egin du azken urtean MSFren hiru itsasontziz osatutako flotak. Iaz 20.000 lagun erreskatatu zituen. 6.500 atera zituen uretatik Dignity 1 Habibek gidatzen duen itsasontziak. Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolak gonbidatuta egon da Euskal Herrian.

Nabaritu al duzu errefuxiatuen bideak aldatu direla EB-Turkia itunaren ondotik?

Noski, ibilbideak aldatzen joan dira itun horren eraginez, bide berrien bila ari baitira Europara iristeko. Egiptotik egurrezko ontziak atera ohi dira urteko sasoi honetan, eta ez gara harritzen mugimendu horiekin. Baina aurten gehiago ari dira ateratzen. Orain bi aste utzi nuenenean Dignity batez ere eritrearrak ari ginen erreskatatzen. Uda gertu da, eta Eritreatik jende asko abiatzen da garai honetan.

Nola duzue trafikatzaileek erabiltzen dituzten bideen berri?

MSFk ikerketa asko egiten du, beste erakundeekin batera. Harreman eta iturri asko ditu herrialde askotan. Nik ez dakit zeintzuk diren, kapitaina besterik ez naizelako.

Zeren arabera aldatu ohi dira trafikatzaileen bideak?

Libiako kostan, esaterako, batzuetan herri batean arazoak dituzte miliziekin, eta herri horretatik itsasoratzeari uzten diote. Orain denek dute sakelakoa eta sare sozialak erabiltzen dituzte. Jendea asko mugitzen da bide berriak erabiltzeko. Gau batean gerta daiteke; bide bat itxita dagoenaren zurrumurrua zabaltzen da, eta norabidea aldatzen dute.

Zeren arabera finkatzen duzue Dignity 1-en norabidea?

Oro har, badakigu kostako zein guneetatik ateratzen diren ontziak. Badakigu inguru horretan geratzen bagara, ontziak ikusteko aukera izango dugula. Trafikatzaileak oso ondo antolatzen dira, eta satelitedun sakelako bat ematen diete iheslariei. Kostatik urruntzen direnean Erromako erreskate zerbitzura deitzen dute, eta, ondoren, sakelakoa itsasora botatzen dute. Horrela inori ez diote leporatzen trafikatzailea izatea. Erromako larrialdi zerbitzuak guri deitzen digu, eta ontzia dagoen lekuaren berri ematen digu. Baina eguraldia ona denean, bi edo hiru ontzi ikusi ditzakegu aldi berean. Zaila da hori kudeatzea; egoera txarrenean dagoen ontziaren bila joaten gara lehenbizi.

Trafikatzailea al doa ontzian, ala errefuxiatu bati ematen diote ontzia gidatzeko ardura?

Zaila da esatea. Egurrezko ontzi handiekin doazenean, seguru asko norbaitek du ontzi horren ardura. Txalupetan iristen direnean, ordea, desberdina da. Ez dut uste arduradunik egongo denik txalupetan.

Nolakoa da eskifaiaren eta iheslarien arteko harremana?

Jendeari ongi etorria ematen diogu itsasontzira igotzen direnean, gauzak mesedez eskatu eta atseginak izaten gara haiekin. Askok esaten digute lehenengo aldia dela oso denbora luzean norbaitek ondo tratatzen dituela. Ahaztua dute zer zen duintasunez tratatuak izatea. Dignity [duintasuna] da itsasontziaren izena, eta garrantzitsua da denak horrela tratatzea. Denek dute kontatzeko historia bat. Ez dira zenbaki soilak. Hor daude, haien bizitzak arriskuan zeuden etxean, eta horregatik hartu dituzte arrisku horiek guztiak.

Lehorrerako itzulera nolakoa izan ohi da?

Emakumeekin hitz egitean harritzen ninduen beti bakarrik egiten dutela bidaia. Nahiz eta denbora luzez egin bidaia, ez dira taldetan elkartzen. «Ni bakarrik nago munduaren aurka», dirudi esaten dutela. Uste nuen elkartu egingo zirela talde txikietan, errazago defendatu ahal izateko. Batez ere emakumeak haur txikiekin. Baina agian horrenbeste min eta hutsegite sufritu dituzte, ezinezkoa zaiela inorengan konfiantza izatea. Atzera egitea ez da aukera bat; mundua dagoeneko bukatu balitz bezala da haientzat.

Zein da Europaz duten irudia?

Neska batek behin esan zidanAlemaniara iristen bazen zuzenbidea ikasi eta epaile gisa jardungo zuela. Hori zen neskatxa horren ideia: Europara iritsi etaikasketak egitea. Zoragarria da horrelako ametsak izatea, baina traba izugarriak gainditu beharko lituzke hezkuntza sisteman parte hartzeko. Txundigarria da egoera zail horretan egotea, eta oraindik indarra izatea bizitza ona izan daitekeela sinesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.