IRITZIA

Haluzinazioen eta arte geometrikoaren forma-konstante unibertsalak

2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Oliver Sacksek Oaxacako egunerokoa-n: «Munduko landare gehienak —ezagutzen diren espezieen % 90 baino gehiago— lur azpitik elkarri lotuta daude onddo-filamentuen sare baten bidez, landareak sortu ziren garaietatik (duela 400 milioi urte) datorren asoziazio sinbiotikoan. Onddo-filamentu horiek ezinbestekoak dira landareen ongizaterako; ura eta funtsezko mineralak (baita, agian, konposatu organikoak ere) onddoetatik landareetara eta landare batetik bestera pasatzen diren bide biziak dira. Honela dio David Wolfek bere Tales from the Underground obran: 'Onddo-filamentuen amaraun-sare hori gabe gure basoetako sekuoiak, haritzak, pinuak eta eukalipto lerdenak galdu egingo lirateke garai gogorretan'. Nekazaritzako produktuekin ere berdin gertatuko litzateke; izan ere, onddo-filamentu horiek askotan hainbat espezie lotzen dituzte —esate baterako, lekaleak eta zerealak, edo haltzak eta pinuak—. Hala, bada, leguminosoek eta haltzek, nitrogeno asko baitute, usteltzen direnean ez dute lurra ongarritzen bakarrik, baizik eta duten nitrogenoaren kopuru handi bat inguruko landareei zuzenean ematen diete onddo-sare horren bidez. Lur azpiko lotura horien bidez (eta baita prestasun sexualaren, harrapari baten erasoaren edo beste edozeren berri emateko airera botatzen dituzten gai kimikoen bidez), landareak ez daude uste bezain bakartuta, baizik eta komunitate konplexu eta elkarreragileak osatzen dituzte, eta elkarri laguntzen diote».

Auzolan eta elkarri laguntze harrigarri hori hobeki ezagutzearren, eta bakarrik bazkaldu behar izanez gero, onena aurrean landaretza duzula esertzea: iratzeak, zuhaitzen hostoak. Haize pixka bat baldin badabil, orduan mugitu egiten dira, orain poliki-poliki, orain bizkorrago. Zenbaitetan zeru zati bat erdikusten uzten dizute. Berdearen ñabardurak oso aberatsak dira: esmeralda, itsaso berdea, belar berdea, muki berdea. Hostoen firfira baregarria da eta zoragarria. Ardo botila gero eta hutsago. Jakoba Errekondok Argia-n zioen bezala, landarerik gabe gizakia ez da deus. Postrera iristerako nahastu egin zara hostoekin eta beren firfirarekin; zeure barruko onddo-filamentuak garatu eta lur azpiko landare sarearekin sinbiotikoki elkartu zara; eta bat egin duzu munduko sustraietako batzuekin: zerua, haizea, mugimendua, landarea. Bizitzaren alde sakon eta lasaigarrienetako bat ezagutzeko modu ederra, hostoei tinki so bakarrik eta isilik bazkaltzea.

Edo bestela, gehienez ere, Oliver Sacksen Oaxacako egunerokoa alboan duzula. Jaione Alberdik euskaratu zuen, ohi bezain bikain (Erich Frommen Gizarte osasuntsua ere itzuli zigun. Gaiak argitaletxeak plazaratu ditu bi liburu horiek).

Oaxacako egunerokoa ez da Sacksen beste liburu batzuk bezain ospetsua, hala nola Antropologo bat Marten edo Bere emaztea kapelu batekin nahastu zuen gizona, baina landareak eta zehazki iratzeak maite badituzu liburu hauxe komeni zaizu. Xarmanki kontatzen du AEBetako botaniko eta landarezale batzuen hamar eguneko bidaia Oaxacara; baina iratzetik abiatuta konkista baino lehenagoko zapoteken zibilizazioaz ere badihardu, Monte Alban zuena hiriburu, eta ordukotik biziraun duenaz. Interesgarriak dira jakinarazten dizkigun datuak eta pasadizoak, adibidez pilotari, tabakoari eta txokolateari buruzkoak, haluzinazioei buruzkoak, edota landareen arteko harreman ezkutuei.

Deigarria da: athleticzalearen antzekoena realzalea den bezala, iratzezale askorentzat ez dago lorezalea bezain pertsona barregarri eta ergelik. Loreak folklorika ahohandien gisakoak omen dira. Oliver Sacksek, bederen, nahiago du loreak agertu baino lehenagoko iratzeen mundu berde eta lurringabe xumea. Iratzeak ez dira loreak bezain exhibizionistak, ez dute sexua modu arranditsuan erakusten. Delikatuki ezkutatzen dituzte ugaltze-organoak frondearen azpialdean. Maitagarria zaio Sacksi oso antzinako apaltasun hori.

Kidetasun miragarria

Hala ere, Sacks ez da fanatiko bat, gai da loreen alde politak estimatzeko. Esaterako, bada Sierra Madren solanum izeneko lore ia beti gorri bat. Baina solanum espezie batzuk saguzarren bidez hedatzen dira, eta lore berdexkak edo zuriak dituzte. Gorriak berriz txoriek hedatzen dituzte. Saguzarrek hedatzen dituztenek ez dute energia metabolikorik gastatzen loreek eurek ezertarako behar ez duten pigmentu gorria ekoizten.

Ez al da txundigarria elkarrekin moldatze hori, landare loredunen eta intsektuen arteko azken ehun milioi urteetako koeboluzioa? Landare loredunek kolore, forma eta lurrin bereziak garatu dituzte intsektuak eta txoriak liluratzeko. Gainera, zenbait fruta gorri eta laranja azken hogeita hamar milioi urte inguru eskasean agertu dira, tximinoek eta primateek ikusmen trikromatikoa garatzearekin batera. Fruta horiek, tximinoen dietan oinarrizkoak, erraz ikus zitzaketen begi trikromatikoek oihaneko hostotza itxian, eta landareek, bestalde, tximinoen gorotzaren bitartez zabaltzen zituzten beren haziak.

Eros pilotalekuan

Landarea baldin bada ere gailen liburuan, Sacksek ez ditu giza kontuak ahazten. Pasarterik beroenean kontatzen du, uztartuz erotismo xalo eta aldi berean kosmiko bat, Ipar Amerikako iratzezaleak Monte Albanen zebiltzala bera taldetik bakartu eta izkina batean erdi ametsez pilotalekua irudikatzen hasi zela, duela 1.500 urte, zapoteken garairik onenean. Jokalariak ikusten ditu «bata besteari bultzaka, beren aldakak eta ipurmasailak airoso eta aldi berean indartsu erabiliz, baloi pisua eta ia bizia hara eta hona mugituz, eta sentituz zeruetako pilota jokoaren ispilu zirela, eta beren mugimenduak, irudiak eta osatzen zituzten konstelazioak kosmoseko mugimenduak, heriotzaren eta bizitzaren jaunaren mugimenduak, islatzen ari zirela». Berez berpizten da gauzak behar bezala izendatzeko Angel Erroren kezka eta zehaztasun beharra: rugbyari zergatik deitzen zaio rugby eta ez sexu edota estasi mistiko?

«Pilota Erdialdeko Amerikako jatorrizko herriek asmatu zuten, espainiarrak iritsi baino ehunka edo milaka urte lehenago asmatu baitzuten latexa zuhaitzetatik ateratzen. Espainiarrak harrituta geratu ziren gomazko pilotak estreina ikusi zituztenean. 'Lurra jo eta berriz airera gora egiten dute abiada handiz. Nola liteke?' Halaxe idatzi zuen esploratzaile harritu batek XVI. mendean. Esploratzaile batzuek pentsatu zuten pilota bizirik zegoela; halako malgutasunik, halako boterik ez zuten inoiz ikusia Mundu Zaharrean. Ikusia izango zuten balezta bildu baten malgutasuna, edo arku tenkatu batena, baina inoiz ez zitzaien burutik pasatuko berez malgua zen substantzia bat egon zitekeenik».

Oliver Sacks neurologoa ere bada. Oaxaca inguruko landare asko haluzinagarriak dira. Egun batean bidaiari iratzezaleak Mitlako jauregira joan ziren. Jauregiko sabaian eta hormen goiko aldean figura geometriko konplexuak eta dotoreak daude: mosaikoak, forma hexagonal eta pentagonal korapilatsuak eta migrainetan ikusten ditugunen antzekoak, Sacksi navajoen alfonbrak edo mairuen arabeskoak gogorarazten dizkiotenak. Dirudienez, gizaki guztiok forma-konstante neurologikoak dauzkagu. Eta muturreko egoeretan (gose larria, arima hustea, toxikatzea, migraina) irudi ikusgarri bilakatzen ahal zaizkigu: abaraska, amaraun, sare-lan edo kebide itxurako haluzinazio geometriko. Sacksek bere buruari galdetzen dio ea psilozibe perretxikoa edo Oaxacan hain arrunta den gau-lorearen haziak haluzinazio horiek nahita eragiteko erabiltzen ote zituzten. Ematen du badirela haluzinaziozko forma-konstante unibertsalak. Hainbat kulturatako arte geometrikoaren azpian oinarri neurologikoa legoke.

Eta lurraren azpian, apur bat haluzinatu nahi lukeenaren zain, ez ahaztu, landareen arteko filamentuzko loturak, formari dagokionez ulergaitzak oraingoz geometrialarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.