Txomin Peillen. Idazlea

«Ahozko literaturan bada zernahi literatura beltz»

Literatura beltzaren aitzindaria da Txomin Peillen, eta 'Zaldi beltzak zeruan' du lan berria. Literaturari «sakristia usaina» kentzen ahalegindu zen lehen belaunaldiko azken ordezkarietako bat ere bada.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko martxoak 8
Emazte marraztuz eta zizelkatuz inguratua den sala batean dago jarria Txomin Peillen (Paris, 1932). Guztiak Marie-Therese Olivierren lanak. Peillenen andrea. «Aspaldikoak, denak», penatu da Peillen. Adinak ekarri minak direla eta, Olivierrek azkenaldian ez duela gehiago eskulturarik egiten, ez marrazten esplikatu du Peillenek. Berak ere adina hor dauka, baina ez da etsitzekotan. Argitaratzen ere segitzen du. Zaldi beltzak zeruan (Pamiela eta Maiatz) atera du berriki. Bertako zenbait ipuin aspaldian idatziak zituen. Honako berriz moldatu dituenak. Besteak argitaragabeak dira. Azken 50 urteak berriz pasatzeko aitzakia izan da liburua. Sortzez paristarra, bihotzez zuberotarra. Euskara galdu eta gaztetan berreskuraturik, «lekuz kanpokotasun» batetik begiratzen dio biziari, Joseba Sarrionandia idazleak Peillenen liburuen sar-hitzetan aipatu bezala. Askatasun gisa erabili duen lekuz kanpokotasuna.

Zaldi beltzak zeruan eta Aldjezairia askatuta liburuetan, Joseba Sarrionandiak idatzi dizkizu sar-hitzak. Lagunak zaretela dirudi; aspaldiko lagunak?

17 urte zituen ezagutu nuenean.

Non ezagutu zenuen?

Santa Grazin. Santa Grazira etorri zen bisitaz. Bazekien bazela euskal idazle bat hor, Zubero zokoan. Eta etorri zen Santa Grazi zokora. Eta horrela.

Zer irakurririk etorri zitzaizun?

Lehen eleberria irakurri zuena ez zuen ia deusik konprenitu. Ari zen pentsatzen: «Baina hori euskara da?». Lapurtar klasikoan idatzia da.

Zein zen?

Itzal Gorria. Lehenbizikoan, lapurtar klasikoan zen. Duela bospasei urte berriz publikatu zen euskara batuan. Zeren eta nork ulertu behar zuen lapurtar klasikoa? Eruditu batzuek, Villasantek eta Krutwigek. Haiek esan zidaten behar nuela lapurtar klasikoan idatzi. Eta hala idatzi nuen. Gero, irakurgarria izan behar da. Bestela, ez da aski.

Hasteko, balio izan zizun Sarrionandia ezagutzeko.

Bai, bai, eta geroztik laguna dut. Idatzi nion presondegira. Martutenera, Puerto de Santa Mariara, Herrera de La Manchara... presondegi guziak egin zituen. Eta gero itzuli nintzen haren ikustera Kubara.

Bi sar-hitzetan aipatzen du zure «lekuz kanpokotasuna»; zuk zeure burua horrela ikusten ote duzu? Eta zailtasun gisa ikus daitekeena agian zuk indar bihurtu duzu?

Zailtasuna da ez dudala Euskal Herriaz idatzi. Eta hori betidanik erraten didate. Baina nahi nuke euskaldunek ikas dezaten nola bizi diren munduan besteak. Eta, orduan, saiatu naiz kulturetan sartzen.

Idatzi duzu Nina Wita: Arupu baten itzalean liburua ere, kitxuari buruzkoa.

Bai, nola bilakatzen den militante neska bat.

Baduzu Otsoak gara narrazioa ere, zeinetan arabiar baten azalean sartzen baitzara. Berriki katalanera itzuli dute. Beti saiatzen zara sartzen...

Beste norbaiten barruan, bai. Erakusteko zer den kultura. Neska horrek [Nina Wita] kontatzen du bere haurtzaroa. Bere amamak kontatzen dizkio istorio batzuk egiazko alegiak direnak. Nik horiek bildu ditut liburuetan. Horrela saiatzen naiz kultura bat ezagutarazten.

Literaturan ez ezik, etnologian eta biologian ere ibilia zara. Dena lotzen duzu azkenean, nolabait?

Bai, bai. Herri bat deskribatzen dudanean beti etnologiazko gauzak sartzen ditut. Nola jaten duten, nola bizi diren.

Etnologia eta literatura ez dituzu bata bestetik hain urrun ikusten?

Ez gehiegi, ez.

Nolatan?

Beharbada gaztetatik da horrela. Etxean, amak bere istorioak kontatzen zituen euskaraz. Aita ez zen sekula mintzatzen euskaraz gurekin. Frantsesez kontatzen zituen. Baina Euskal Herriko etnografia kontatzen zuen. Idatzi zuen artzainez lan bat. Hori izan zen lehenbizikoa artzainei buruz Iparraldean idatzi zena. Hori euskaraz. Nik nion proposatu euskaraz egitea. Gero, argitaratu zenean , pozik zen. Baina ez zitzaidan sekula mintzatu euskaraz. Ttipi nintzenean beharbada bai, baina gero ez dut sekula entzun. Amak, beti.

Eta amak ipuinak euskaraz, beraz?

Bere istorioak bazituen. Ez ziren ipuinak.

Zer ziren istorio horiek?

Istorio-mistorio batzuk kontatzen zizkidan. Eman dezagun, gaizkileez. Norbaitek bestea hil zuela, haur bat hil zuela, edo hau edo bestea.

Ez ziren basajaun edo laminen istorioak?

Ez. Baina egia da zaldi zuriarena kontatzen zigula. Aranzolan bazen neska bat, eta egun batez ikusi zuen zaldi zuri bat kurritzen. Eta esan zuen: «O! behar dut hori eraman etxera». Hartzen du, eta gainera igaten da. Baina, gero, zaldiak eramaten du deabrura. Beste munduaren zaldi zuria da. Heriotzaren zaldi zuria da. Hori mito europarra da. Eurasian ere, zaldiekin ehorzten zuten nagusia.

Zergatik zaizu hain garrantzitsu beste kulturak ezagutaraztea?

Euskaldunek jakin dezaten besterik badela. Euskaldunek zilborkeria egiten dute. Ez baduzu Euskal Herriaz idazten, ez zara euskal idazlea. Gauza bat bakarrik onartzen da: New York. Hori euskaldun gaia da. Ez dakit zenbatek idazten duten horretaz... eta Estatu Batuez. Denak mirespenean. Nevadan badute zentro bat. Eta hara joaten dira: «Handik pasatu naiz!», eta horrelakoak.

Sentitu duzu alde horretatik baztertua izan zarela? Alta, euskal idazle gisa leku osoa duzu, ez?

Ez naiz baztertua izan, ez. Baina pixka bat batzuek kontsideratzen naute bigarren mailakoa banintz bezala. Badira lehen mailakoak, hamar bat, eta besteak.

Hori sentitu duzu?

Bai. Baina beste horietan guzietan handiak badira! Koldo Izagirre, Edorta Jimenez, Laura Mintegi... eta beste andrerik bada.

Nobela beltza bera ere agian luzaz bigarren mailako ikusi da.

Bai, eta garai batean praktikatu dut genero umoristikoa ere. Gatu beltza eta Aitza xerriari liburuetan, adibidez.

Aldiz, nobela beltza berriz argira etortzen ari dela dirudi.

Bai, eta hori zor zaio (H)ilbeltza asteari. Horrek laguntzen gaitu.

Jon Miranderen adiskidea zinela, Mirandek berak bazituen idatziak genero horretan, Gauaz parke batean, adibidez. Mirandek erakarri zaitu agian genero horretara?

Mirandek eta Edgar Allan Poek.

Nolatan sortu dizute gogoa?

Ez dakit... Nire xede bat izan da giristino literaturetatik ateratzea. Mirandek zuen abiatu mugimendua. Kostunbrismoa bazen Iparraldean eta Hegoaldean. Hartan ikusten duzu badirela laborariak, onak. Eta hiritarrak, txarrak. Laborariak onak, zintzoak eta elizara joaten direnak, eta hiritarrak txarrak. Ez dira mezara joaten; bizio guziak badituzte. Euskara gaizki erabiltzen dute, edo batere ez. Hori da eskema.

Eta zu hirian handitua zara.

Bai, eta horrekin aseak ginen. Bagenituen bultzatzaileak ere. Andima Ibiñagabeitia eta [Jokin] Zaitegi. Jesuita bat zena. Erran zidan: «Guk ezin ditugunak idatzi zuek idatzi behar dituzue». «Eta zer idatz dezakegu?», galdegin nion. «Zernahi idatz dezakezue», erantzun zidan. Eta gehitu, halere: «Baina ez erlijioa hunkitu gehiegi. Eliza beharbada, baina erlijioa ez». Andimak erran zidan sakristia usaina kendu behar geniola euskal literaturari. Horretan ibili ginen.

Mende erdia iragan da geroztik.

Badira muga batzuk. 1950ean, euskal literatura kostunbrismotik modernismora pasatu zen, Miranderekin. Mirande Parisen zen. Aresti Bilbon. Eta, gero, Txillardegi Donostian. Hiru hiritan agertu zen. Jendeen erdia baino gehiago hiritarra zen.

Nobela beltzak ematen du onaren eta txarraren balizko mugen gainditzeko aukera agian?

Bai, detektibeak astakeriak egin ditzake... Zaldi beltzak zeruan liburuan detektibeak astakeria bat egiten du, eta gizon bat hiltzen da horregatik.

Oro har, alde guztiek daukate beren alde beltza, baita kostunbrismo horrek ere, ezta?

Euskaldunak besteak bezalakoak dira. Laboraria txarra izan daiteke, eta hiritarra ere bai. Nik ez dut deusetan sinesten salbu eta gizona erdi aingeru eta erdi deabru dela. Batzuetan, erdi deabrua nagusitzen zaio erdi aingeruari, eta, batzuetan, erdi aingerua besteari. Baina ez da zeruan ez aingerurik, ez deabrurik, ez jainkorik.

Animismua Zuberoan liburuan, Maddi Hardoik kontatzen du nola Basajaunek hil kutxan sartu zuen bizirik emaztea, sinetsaraziz hila zela. Basajaunen munduan ere izan daiteke nobela beltzetako giro bat, ez?

Ahozko literaturan bada zernahi literatura beltz. Eta hori kendu nahi zuten apezek. Baina badut beste adibide bat. Itsusiena da hau.

Zein da?

Hau gertatua da egiazki. Maddi Hardoik kontatua. Baina erran zidan: «Otoi ez aipa». Geroztik hil da. Zaldi beltzak zeruan liburuan sartua dut. Zakur bazka deitzen da. Ez dut izenik ipini, ez eta herririk ere. Baina gertatu da Liginagatik Ligira joaten den bidean. Bazterrean badago borda bat. Bera oinez heldu zen Mauletik. Nekatua zen, eta, borda ikusirik, hara joan zen. Igo zen, eta belar gainean pixka bat lokartu zen. Bat-batean entzun zituen bi zaldi eta katxarro bat gelditzen. Gizon bat agertu zen. Burges bat. Hori zulo batetik ikusi zuen. Beti badago zulo bat horrelako lekuetan. Ikusi zuen neska bat nini bat besoetan. Eta zakur batzuk oihuka eta oihuka. Gizonak: «Gure ohorea garbitu behar dinagu». Eta zer ikusten du zulotik? Ninia lurrean eta zakurrak jaten. Gain hartatik ez da mugitzen. Bizpahiru oren berantago gizona itzuli zen, eta zakurrak bildu zituen azotearekin. Eta hor ninia. Puska batzuk, baina oso gutxi. Gehiena jana. Haragia jana.

Eta Maddi Hardoik lekuak hustu zituen?

Ez zuen salatu, bai baitzekien bera familia ttipi batekoa dela eta horrelako burgesen kontra ezin dela deusik erran. Nornahi izan zitekeen ninia utzi zuena.

Aipatu izan duzu zeruan ez dagoela deabrurik ez jainkorik. Ateismo hori ere zure zuberotartasunari lotu daiteke, ez? Zuberoan izan baita gorri anitz, baita protestante anitz ere, beste lekuetan baino gehiago.

Bai, bai. Hortik da, bai. Lehengusina batek erraten zidan mezara joaten zela lehen ere horrela egiten baitzen. Baina ez zuela gehiegi sinesten. Batzuk joaten ziren kantatzera. Banituen bi osaba sozialista ere. Eta, denbora batean, aita komunista izan zen.

Euskara galdua zenuela eta, Ibiñagabeitiaz gain, aipatua izan duzu euskal kulturaren aldeko grina Onesime Reclusek ere eman zizula. Geografo biarnesaren La France liburuan baitzioen euskara hilen zela XX. mendean, eta literaturarik gabeko hizkuntza bat birritan hiltzea dela.

Bai, etxean genuen liburua. Eta anaiak liburuaren gainean errabiaz idatzi zuen zerbait. Ez naiz oroitzen zer idatzi zuen. Lumaz. Erantzun bat. Eta ni orduan nintzen hasi idazten.

Euskarari literatura bat emateko?

Bai. Eta gero Andimak ere erran zidan euskaraz behar nuela mintzatu. Orduan mintzatzen nintzen euskaraz, baina gaizki. Klaseak eman zizkidan. Gehiena banekien uste gabean. Euskara banekien jakin gabe, baina ez nintzen mintzatzen. Eta, gero, pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen. Mirande ere orduan nuen ezagutu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna