Eurogunearen krisia. Zipreko 'corralito'-a

Antzekoak eta ezberdinak

Zipreri neurriz kanpoko finantza sektorea izatea leporatu zaio egunotan, baina Luxenburgon eta Maltan ere halakoa da

Antzekoak eta ezberdinak.
Ivan Santamaria.
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Zipreren erorketa bultzatu duten arrazoien artean behin eta berriro aipatu da «neurriz kanpoko» finantza sektorea duela. Kopuru batzuek ideia hori indartzen dute. Bankuek kudeatzen dituzten aktiboak eta gordailuak irlako barne produktu gordinaren %745 eta %440 dira, hurrenez hurren. Euroguneko batez bestekoak %356 eta %183 dira. Gutxiago nabarmendu da, ordea, ez dela Zipre finantza sektore erraldoi bat daukan herrialde bakarra. Maltan, eta, batez ere, Luxenburgon, antzeko sistemak indarrean dira. Erortzeko arriskuan daude baita ere bi herrialde horiek?

Ez da funtsik gabeko galdera. Banku sistema handiegi baten ajeek eragindako hirugarren krisi larria da Ziprekoa. Bi adibide esanguratsu daude aldez aurretik, bat Europako Batasunaren barruan eta bat kanpoan: Irlanda eta Islandia dira. Bi herrialde horietan ezberdinak izan dira erantzunak, baina pareko arrazoiak daude jatorrian: gobernuak ezin zien aurre egin bankuek pilatutako zuloari porrot egin gabe. Irlandak erreskatea onartu zuen, eta Islandiak atzerriko hartzekodunei ordaintzeari utzi zion. Espainian krisiak badu finantzarekin zerikusia, baina higiezinen pisu gehigizkoari mugatzen zaio.

Finantza zerbitzuen garrantzian bat egiten dute Ziprek, Maltak eta Luxenburgok. Bestelako antzekotasunak badituzte: ekonomiarik txikienak dituzten euroguneko hiru herrialdeak dira, Esloveniarekin batera. Zipre, Malta eta Luxenburgoko barne produktu gordina, baturik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak duten BPGaren pare geratuko litzateke.

Bankuen pisuak parekatzen ditu, bai, baina ezberdintasun ugari ere badituzte. Hiru ekonomiek azken urteotan izan duten garapenak zerikusi gutxi du. Zipren defizit publikoaren, zorpetzearen eta langabeziaren mailak honezkero zalantza asko sortzen zituen. Oraingoz, Bruselak ez du halako arriskurik sumatu Maltan, eta are gutxiago Luxenburgon. Datu horiek eskuetan, eroriko diren hurrengoak direla ondorioztatzea zaila da.

Konfiantza eta kutsadura

Haatik, argi geratu da euroaren krisiak nolako triskantzak eragin ditzakeen. Urakanak berriro indarra hartzen badu, finantza sektore handi bat izateak arriskuak areagotzen ditu. Hori da NDF Nazioarteko Diru Funtsak Maltari eta Luxenburgori buruz iaz egin zuen oharretako bat.

Maltako finantza sektorearen %60 nazioarteko negozioetan aritzen da, irlako bezeroekin ia kontakturik gabe. Atzerriko jabetza horrek krisia zabaltzeko arriskua handituko luke. «Europako bankuen murrizketa handi batek era neurrigabean eragin lezake Malta», dio hitzez hitz NDFk.

Luxenburgon atzerriko dependentzia hori are handiagoa da—142 bankuetatik soilik bost dira herrialdekoak —, eta arriskua jatorriko bankuen balizko arazoei zor zaio. «Jatorriko banku baten porrotak zigor zama handia eragin lezake Luxenburgorentzat». Hots, herrialdean egindako operazioen zorra bere gain hartu beharko luke Luxenburgoko Gobernuak, bankuren batek porrot eginez gero.

Testuinguru horretan, Zipreko krisiari Europak eman dion erantzun eskasak garrantzia hartzen du. Euroaren segurtasuna zalantzan jartzen bada, inbertsiogileek beste herrialde batzuetara alde egiteko atea zabaltzen da, eta hori bereziki kaltegarria litzateke finantza egitura handiak kudeatzen dituzten herrialdeentzat.

Urduritasun apur bat nabari da azken egunotan Maltan eta Luxenburgon egin diren adierazpenetan. Maltako Finantza ministro Edward Sciclubaren ustez, Ziprerekin jazo dena «bizitza osorako irakaspena» da, eta begiak «ireki» dizkio Europan dauden arazoen inguruan. Maltako prentsan argitaratu duen artikulu batean kezka propioak ere argi utzi ditu. «Mikroestatu bati bere finantza sektorea EBko batez bestekoetara murrizteko proposatzea zalantzazkoa da, oso».

Luxenburgon ere haserrea piztu dute finantza sektorearen tamaina eta arriskua bateratzen duten adierazpenak. «Finantza sektore baten proportzionaltasuna ezin da neurtu herrialde bateko barne produktuarekin alderatuta», dio asteazkenean dukerriko gobernuak atera zuen agiriak. Finantza sektorearen egitura defendatu du, halaber. «Nazioarteko sistema bat da. Eurogunerako sarbide garrantzitsua da, inbertsioak erakartzen ditu eta kide guztien lehiakortasunari mesede egiten dio».

Zipreri aparteko tratua emateko beste arrazoi bat ustezko zerga paradisua izatea da. Bada, Tax Justice Network erakundearen arabera, banku sekretua neurtzen duen sailkapenean 20. tokian dago Zipre. Zerrenda horretako hirugarrena Luxenburgo da. Banku sekretuaren «gotorlekua» da EBren barnean, Austriarekin batera. Opakutasun horrek kritiko gutxiago ditu Europan, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.