Urkulluz aritu da Puigdemont

Baieztatu du Urkullu lehendakariak «parte hartu» zuela Kataluniako Gobernuak 155.aren aurretik Madrilekin izan zituen negoziazioetan

Erredakzioa
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont kataluniako presidenteari Bruselan asteburuan egindako elkarrizketa argitaratu du Vilaweb atariak, eta elkarrizketa horretan, BERRIAk eskatuta, galdetu dio Iñigo Urkullu lehendakariak ustez izandako bitartekaritzaz, Kataluniako eta Espainiako gobernuen artean izan ziren negoziazioetan. «Begi bistakoa da Urkulluren parte hartzea izan zela. Baina egun haietako xehetasun asko ondo ordenatu beharko dira, eta ondo azaldu. Segur aski, orain ez da horretarako garaia». Irailaren 27ko independentzia deklarazioaren aurretik aritu ziren hizketan Madril eta Bartzelona, konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea saihesteko aukerez, baldin eta Generalitateak hauteskundeetara deitzen bazuen. Azkenean, Kataluniako Gobernuak independentzia deklaratzea erabaki zuen, bozetara deituta ere Madrilek ez zuelako ziurtatu 155.a bertan behera utziko zuela.

Noraino izan zen erabakigarria Urkulluren lana? Galdera horri erantzunez hauxe dio Puigdemontek: «Urkullu faktoreak, bere kabuz, ez du ondo azaltzen gertatu dena. Gertatutakoaren zati bat da, ez guztia. Gaur egun, jendea dagoen egoeragatik, oso zuhurrak izan behar dugu egun haietan gertatu zenaren errekonstrukzioa egiteko orduan. Edozein kasutan, nik ez daukat ezer aurpegiratzeko lehendakariari; aitzitik, eskerrak eman behar dizkiot bakebide demokratikoa aurkitzen egindako ahaleginagatik».

Urkulluk izan zuen «parte hartzea» zehazteko, beraz, ez da garaia orain. «Iritsiko da eguna dena azaldu ahal izango dena. Nik eskerrak eman nahi dizkiot, bereziki irtenbidearen parte izateko jarreragatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.